Abian da San Adriango tuneleko indusketa arkeologikoa
Asteazkena, 2015eko abuztuaren 5a — CEST
Irakurketa: 3 minutu
Erdi Aroan, koba zeharkatuz galtzada-bide bat eraiki zen Gaztelako eta Frantziako erresumak lotzeko. Bere garrantziren ondorioz, Donejakue bidea bihurtu zen eta koba aldi ezberdinetan gotortua izan zen, azkenean, XIX. mendea bukatzean, erabat utzia izan zen arte. San Adrianen eraikin eta egitura hauen hondakinak ikus daitezke gaur egun ere, nahiz eta eraispenak kobak gordetzen duen historiaurreko balioa ezkutatu duen.
2008an Aranzadi Zientzi Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Zegamako udaletxea eta Partzoneria Orokorraren laguntzarekin batera, San Adrian-Lizarrate kobaren ikerketa arkeologikoa hasi zuen, bertako ondare arkeologikoa baloratu, aztertu eta balioan jarri ahal izateko. Egitasmo honi esker, historian zehar koban egindako egonaldi ezberdinak ezagutu ahal izan ditugu, Historiaurreraino iritsiz.
Indusketa eta zundaketa arkeologikoen bitartez Brontze Garaiko material ugari aurkitu ahal izan da, San Adrian Gipuzkoan ezagutzen den aldi hartako bizitokirik garrantzitsuena bihurtzen duena. Bertan zeramika zatiak, harrizko tresnak, hezurrak eta landare-hondakinak berreskuratu dira, lehendabiziko nekazari eta abeltzain hauen bizimodua eta ingurumena ezagutzeko garrantzia handikoak direnak hain zuzen ere.
Are gehiago, duela gutxi Brontze Garaiko geruzen azpian egonaldi zaharragoak ere aurkitu dira, azken glaziazioaren bukaerakoak hain zuzen (12.000 urte K. a.). Aldi hotz hartan, Magdalen Aldiko ehiztari-bilketariek utzitako aztarnak (harrapakinen hezurrak eta harrizko tresnak) Ebro ibarraren eta Kantauri kostaldearen arteko bizimodu ibiltariaren lekuko dira.
2015eko kanpaina
Aurtengo kanpainan 15 ikasle ibiliko dira arkeologia lanetan, batik bat Paleolito garaiko mailak, galtzadarekin zerrikusia duten estrukturak eta azterketa geofisikoak burutzen. Abuztuaren 3an hasi eta 15era arte egingo dute indusketa lana eta hil honen bigarren hamabostaldian berreskuratutako material guztia Aranzadiko laborategira eramanago da, bertan ikertu eta prozesatzeko.
Alfredo Moraza eta Manu Ceberio, indusketaren zuzendariek, paleolito garaiko mailetan dute ikusmira eta helburua jarrita. Horrez gain, Erdi Aroko eta Aro Modernoko galtzadaren estrukturak ere aztertuko dituzte; eta azkenik georadarra erabiliaz, lurreko azterketa geofisikoak egingo dituzte orain estaliak egon daitezkeen egitura ezberdinak identifikatu ahal izateko.
Bisita gidatuak
Urtero legez, larunbatetan, zuzendariek bisita gidatuak egingo dituzte indusketa tokira, Izena eman behar da bisitan parte hartzeko: 943466142 edo idazkaritza@aranzadi.eus
Argazkiak: X. Azurmendi eta Aranzadi