Artikulu tematikoa

Aintzinako Egiptoko kultura: Egiptoar hieroglifikoen ezaugarriak

Aintzinako Egiptoko kultura isilarazi egin bazuten ere, Champollionek orain 200 urte hieroglifikoak argitu eta deszifratzea lortzearekin batera berpiztu egin zen eta gaur egun bizirik dirau.

Historian zehar zenbait herri eta kultura desagertu egin dira, kaltea berreskuraezina izanik. Gehienetan, ordea, desagertarazi egin dituzte, mundu osoaren ondarea zena betirako zulo beltzera amilduta. Lan honek desagerturiko kultura horietako bat izango du hizpide: Aintzinako Egiptoarena.

Aintzinako Egiptoko kultura isilarazi egin bazuten ere, Champollionek hieroglifikoak argitu eta deszifratzea lortzearekin batera berpiztu egin zen eta gaur egun bizirik dirau.

Egiptoera Aintzinako Egipton hitz egin zen hizkuntza ofiziala da. Kamitosemitiko familikoa da, eta beronen hiru adarretatik bat osatzen du. Aurrehistorian sortu, eta faraoien zibilizazioan oso azkar hedatu zen. Faraoien zibilizazioa Goi- eta Behe- Egiptok batasuna lortu zutenean azaldu zen. Gutxi gorabehera Kristo aurreko 3200 urtean hasi ziren idazten hieroglifiko idazkeraz eta Kristo ondorengo 394 urtekoak dira ezagutzen ditugun azkeneko inskripzioak.

Egipton hizkuntza bat, baina lau idazkera-mota ezagutu zituzten: hieroglifikoa, hieratikoa, demotikoa eta koptoera. Hemen aurrenekoa, hieroglifikoa.

Hieroglifiko margotua

Hieroglifiko zizelatua

Goian ikusten duguna egiptoarrek medu netjer izenarekin ezagutzen zuten. Hau da, hitz sakratuak. Hieroglifiko idazkera-mota hau estetikoki ederra da. Munduan ezagutu den estetikoena, irudirik politenak dituena, beharbada. Tenplu, obelisko eta abarretan zizelatzen, margotzen… zutenean, ez ziren ari bakarrik irakurtzen zekitenentzat, baita batere ulertzen ez zutenengan harridura eta miresmena lortzeko ere.

Bestalde, onartu beharra daukagu inoiz ez dugula lortuko zehazki jakitea zer zegoen idatzita Alexandriako Liburutegiko liburuetan, Kleopatra eta Julio Zesar garaian norbaitek su eman eta bertan zegoen jakinduria kixkali zuenean. Ordutik hona, milaka testu berreskuratu dira paretetan, papiroetan, ostraketan... eta gaur esan dezakegu lortu dela deszifratzea idazkera hau, bere ezaugarriak ondo ezagutzen ditugularik.

Hauek dira Egiptoko idazkera honi buruz, edozein hizkuntzatan idatzitako egiptologiako liburuetan azalduko dizkiguten ezaugarriak.

Nik, gure gazteengan pentsatuta, gehiago sakonduko dut proposamen berri bat eginaz: Antzinako Egiptoko idazkera hieroglifikoak duen ezaugarririk nagusiena gure euskarara ekarri eta Joko baten bidez erakutsi.

Ordubete nahikoa da hori lortzeko! Zein da idazkera honek duen ezaugarri nagusia?

Egiptoarrek beren bizimodu arruntean eduki eta ikusten zituzten gauzen marrazkiekin idazten zuten. Hau da, garai hartako Egiptoko hizkuntzaren letrak marrazkiak ziren. Egiptoar guztiek ezagutzen zituzten irudiekin idatziarren, oso jende gutxi zen gai irakurri eta idazteko. Kopuru bat esateagatik, garai hartako biztanleen %1a zen irakurri eta idazteko gauza eta herritar horiek administrazioan egiten zuten lan.

Idazkera hau idazten eta irakurtzen diren, eta idazten eta irakurtzen ez diren hieroglifikoekin dago osatuta.

Hemen duzu estela baten idatzia egiptologiako esaldi ospetsu bat, non Irtysen izena duen pertsona batek horrela dioen:

Nik ezagutzen dut hieroglifikoen sekretua

Hemen duzu hieroglifikoz berriro nik idatzitako esaldia; adibide honetan idatzi bai baina irakurtzen ez diren hieroglifikoak koloreetan daude.

Joko honekin horixe ikasiko duzu, zein eta nola bereizten diren idatzi eta irakurtzen diren hieroglifikoak, eta zeintzuk diren idatzi bai baina irakurtzen ez direnak. Gogoratu laguntzaile fonetikoak eta determinatzaileak direnean hieroglifikoak idatzi bai, baina ez direla irakurtzen. Gorriz eta berdez idatzita dituzu.

Hitzak euskaraz idazteko erabiltzaileak (gaztetxo, haur...) jokoaren irudiak ezagutu behar dituenez, Egiptoeraren bokalik gabeko alfabetoa, bi eta hiru kontsonanteko hieroglifikoak alde batera utzi eta ez ditugu erabiliko; hauen ordez, beste euskal alfabeto bat, bi letretako hamabi hieroglifiko, eta hiru letretako beste hamabi hieroglifiko asmatu ditugu. Guztira, asmatutakoak 48 hieroglifiko dira. Bestalde, joko honetako hieroglifikoen beste erdiak, 48 determinatzaileak, Antzinako Egiptoko hieroglifiko originalak dira.

Gazteek Antzinako Egiptoko idazkera honen ezaugarririk nagusiena ikasiko dute, eta euskal hitzak idatziaz hieroglifikoak idazteko erabiltzen zuten barruko mekanikarekin, ulertuko dute nola idazten zituzten eskribek beraien hitzak.

Noski, gauza bat da ulertzea zertan oinarritzen den idazkera hau eta beste bat, antzinako hizkuntza hau ikastea. Azken finean, joko honetan euskal hitzak asmatutako hieroglifikoen bidez idatziaz, egiptoarrek hitzak bere hizkuntzan nola osatzen zituzten ikasiko dute. Eta horrela, Antzinako Egiptoko kultura honen ateak zabalduko zaizkie.

Egiptologiara hurbiltzen diren irakurleei zuzendutako argitalpen guztietan islatuta egon behar dutela uste dugu idazten eta irakurtzen diren hieroglifikoak, eta idazten eta irakurtzen ez direnen arteko bereizketa hau. Gutxienez, aipatutako gazteei zuzendutakoak eta hizkuntza guztietan gainera. Horrexegatik, aipatutako ezaugarri hau jarri dugu koloreetan.

Bestalde, hemen dituzun bi PDF hauetan Egiptoera – Euskara Hiztegia eta Naufragoa ipuina originaletan idatzi bai baina irakurtzen ez diren hieroglifikoak koloreetan ikusiko dituzu. Hau lehendabiziko aldiz egin da Egiptologian.

Bi PDFren ondoan GLYPHTRL idazkera-mota berezia duzu. Idazkera berezi hau bakoitzak bere ordenagailuaren sisteman Fonts-en sartu behar du bi PDF hauek ondo irakurtzeko.