Altzoko Erraldoia bere jaioterrira itzuli da
Antropologia / Auzitegiko antropologia
Asteazkena, 2022eko ekainaren 29a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Pasa den igandean, ekainak 26, eguerdiko 12etan, Altzoko hilerrian hobiratu ziren bere Erraldoiaren, Migel Joakin Elezegi Ateagaren hezurrak. Ekitaldia Altzoko Udalak egin du, familiak antolatuta eta intimitate zorrotzean.
8 pertsona, horien artean Aranzadi Zientzia Elkarteko boluntarioak, senideak eta hurbileko altzotarrak, egurrezko kutxa handi eta astun batean zeuden gorpuzkiak jaso eta familiak hilerrian gordeta duen gunean lurperatu zituzten; hil zenetik egon behar zuen lekuan, alegia. Orain, bere izena irakur daiteke jarritako hilarrian.
Aranzadi Zientzia Elkarteak bi urte hauetan zehar Zorroagako laborategietan zaindu ditu aztarna hauek.
Aurkikuntza
2020ko abuztuaren 14ean aurkitu ziren Altzoko Erraldoiaren gorpuzkiak. Bi egun lehenago, abuztuaren 12an, Aranzadi Zientzia Elkarteko 15 laguneko talde batek, Paco Etxeberria antropologoa buru zuela, familiaren hilobian hasi zuen jarduketa, baina ez zuen emaitza positiborik lortu. Ondoren, hezurtegian bilatu zuten, eta han bai, aurkitu ziren, beste hezur batzuekin batera, baina ez pilatuta, nolabaiteko ardura erakusten zuen egoera batean baizik. Horrela, gorpuzkiak lurperatu zuten hilerrian zeudela egiaztatu zen eta irregularki lapurtuak izan zirelako kondaira faltsua zela frogatu zen.
Datuak
Migel Joakin Eleizegi Ateaga (1818-1861), bere garaitik Altzoko Erraldoia ezizenez ezagunagoa, Irudi eszeniko bat, bere neurria handiagatik. Gigantismo-gaixotasuna zuen, eta 2,40 cm altuera izatera iritsi zen. Bere Heriotza Aktak adierazten du Altzo Azpiko San Salbador Elizako hilerrian lurperatu zutela. Istorio asko eta baita film bat ere sorrarazi dituen pertsonaia, Handia filma Erraldoiaren benetako historian oinarritua.