Grabazioa, 2016ko abenduaren 14an burutu zen, Iruñeko alde zaharreko kaleetan eta Condestable Jauregiko barnekoalde zein kanpokoaldean. Bertan Amaiurko Gaztelu Koruarekin batera erakunde zein talde ezberdineko kideak kantuan batu ziren.
Amaiurko Gaztelua Nafarroako kultur ondare erreferentea da, 1522an gertatutako mugarri historikoaz geroztik mendeetan zehar nafar gizartean interes handia piztu duen gunea dena. Ondare honi buruzko erakusketa ikusgai dago jada eta urtarrilaren 28ra arte Iruñako Condestable Jauregian, Iruñeko Udalak, Baztango Udalak, Amaiurko Herriak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatuta. Erakusketa bisitariak bere iritzi propioan sakontzeko diseinatu da, pentsamendu kritikoa uztartuz eta Amaiur ulertzeko hainbat ikuspegi azalduz. Edukia hiru eremutan sailkatzen da: oroimenarena Zaguan aretoan, artearena Patio gunean eta zientziarena Gotika aretoan.
Ondarea ezagutu eta disfrutatzea gizarteak duen eskubidea da, eta horren ondorioz, erakusketa hau lehen aldiz Iruñean aurkeztea erabaki da, Kondestable Jauregia bezalako toki esanguratsu batean.
Bideoa hemen dago ikusgai.