‘Amorebieta-Etxano 1931-1945’ liburua aurkeztu da, memoria historikoa lantzen duen dokumentua
Antropologia / Tokiko memoria historikoa
Osteguna, 2022eko ekainaren 30a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 5 minutu
Aitor Pescadorrek, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak eta liburuaren ikerlari eta egileak, dokumentuaren xehetasun guztiak azaldu ditu gaur. Bi tomotan bildu ditu Amorebieta eta Etxanon gerra zibilaren aurreko eta ondorengo urteetan eta frankismoaren lehen urteetan gertatutakoak.
Amorebieta-Etxanoko Udalak Amorebieta-Etxano 1931-1945 liburua aurkeztu du gaur. Garai hartan banatuta zeuden bi herri hauen memoria historikoa berreskuratzeko asmoz, Aranzadi Zientzia Elkarteak ikerketa lan nekeza egin du, gerra zibilaren aurreko eta ondorengo urteetan eta frankismoaren lehen urteetan bizia galdu zuten pertsonen kontakizun historikoz, irudiz eta izenez osatutako bi tomo emaitza gisa dituena. Aurkezpenean, Aitor Pescador, liburuaren egilea, Andoni Agirrebeitia alkatearekin eta Luciano Martinez Kultura eta Kirol zinegotziarekin izan da.
Andoni Agirrebeitiak azpimarratu nahi izan du gaurko aurkezpenak Amorebieta-Etxanorentzat duen garrantzia: «Amorebieta-Etxanok zor hori zuen bere historiarekin, garai izugarri hura bizi eta pairatu zuten zornotzarrekin. Gaur aurkezten dugun liburuak zer gertatu zen, nola gertatu zen eta nork jasan zuen modu objektibo eta dokumentatuan ezagutzeko balioko digu. Oso garai nahasia izan zen, era guztietako Giza Eskubideak urratu baitziren. Udalerri gisa aurrera egin nahi badugu, etorkizunari begiratu, gure historia ezagutu behar dugu».
Bestalde, Luciano Martinezek bertan bildutakoei gogorarazi die Amorebieta-Etxanoko Udala osatzen duten alderdi guztiek babestu zutela Amorebietan eta Etxanon gertatutakoa aztertzeko eta biltzeko proposamena: «liburu hau Amorebieta-Etxanon egia ezagutzeko dugun dokumentua da, eta, ahal den neurrian, erreparazio eta justizia elementu gisa balioko du. Gaurko aurkezpenarekin amaitutzat emango dira maiatzean zehar zornotzarrek Amorebietan eta Etxanon 1931tik 1945era gertatu zena ezagutzeko eta gogoratzeko ditugun ekitaldiak». Bestalde, Martinez gogorarazi du liburua eskuragarri egongo dela 20 euroan, Zelaieta Zentroan.
Aitor Pescadorren lana
Aitor Pescador Medrano Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak eta Amorebieta-Etxano 1931-1945 ikerketa lanaren eta liburuaren egileak azaldu ditu egindako lanaren nondik norakoak; hau da, nola egin den liburuaren dokumentazioaren ikerketa, zein zatitan dagoen egituratuta eta zer-nolako zailtasunak izan dituen proiektu honetarako dokumentazioaren zati handi bat berreskuratzeko eta inbentariatzeko.
Pescadorrek azaldu duenez, gertakariez haratago, bere ikerketa gerra jasan zuten pertsonengan eta haren ondorioetan bideratzen saiatu da: «fokoa errepresio motaren bat jasan duten pertsonengan jarri du, bai zornotzarrak, bai garai hartan Amorebietan edo Etxanon zeudenak, gerragatik, preso egoteagatik, behartuta lan egiteagatik, erailak izateagatik…». Amorebieta eta Etxano garai hartan gerraren ondorioak modu batera edo bestera jasan zituzten pertsona guztien gunea izan da egilearentzat.
Ikerketa zaila eta neketsua izan dela esan du Pescadorrek: «ez da erraza izan, faktore askok bat egin baitute. Alde batetik, Covid 19ak eragindako pandemiak ikerketa-lana kolapsatu zuen; eta, bestetik, kontsultatu beharreko artxibo kopurua. Informazioa lortu da Euskadiko artxibo gehienetatik, Nafarroako artxibo orokorretik eta Estatuko artxibo zibil zein militarretatik. Lan ona egin nahi bada, dokumentazio guztia bilatu eta landu behar da». Horri dagokionez, gaineratu du gaur egun, dokumentazio asko lortu duela ikertzaile askok egin duten lan handiari esker, hala nola, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak (Gogora), Aranzadi Zientzia Elkarteak edo Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentalak sortutako datu-base erraldoiari esker.
Ikerketa berrien abiapuntu
Aurkitutako informazioari dagokionez, egileak azaldu du dokumentuek ez dituztela espero zitezkeen datu guztiak ematen beti, eta litekeena dela egunen batean dokumentazio berria agertzea: «gure lanaren zati bat da aurkitutako datuak egiaztatzea, kontraesanak aztertzea, dokumentuak ez dira osorik egoten, zatiak falta dira eta aurkikuntza asko beste dokumentu zehatzago batzuk bilatzeko abiapuntua dira. Esan daiteke liburu hau abiapuntu handi bat dela, argitaratu dugunaren zati batean sakondu nahi duten beste ikertzaile batzuentzako irteera-tranpolin bat. Horrelako liburuez hitz egiten dugunean, ez dugu inoiz amaitutako lan bati buruz hitz egiten; horixe da gaur arte aurkitu dena. Amorebieta-Etxano 1931-1945 gertatu zenaren mugarri erreferentziala da, abiapuntu handia, eta hortik ikerketa berriak sortu ahal izango dira».
Pescadorrek gaineratu du, ez dela ahaztu liburuan bildutako zifrek Amorebietan eta Etxanon gertatutakoaren garrantzia erakusten dutela: «Amorebietako Falangeak idatzitako bi herrietako bizilagunen jarrera politikoari buruzko 900 fitxa baino gehiago, Amorebieta eta Etxano inguruetan egindako ia 20 bonbardaketak (horietako 4 zuzenean herritarren gainean), orain arte aurkitutako Amorebietako frontean hildako 379 gudariak eta milizianoak, odolezko ospitalean hildako eta zauritutako hamarnaka lagunak, frankismoak errepresaliatutako 50 auzokide baino gehiago, zigor luzeetan zigortutako edo exekutatutako 215 bizilagunak, Amorebietako espetxetik igaro ziren 1413 presoak, benetan kopuru handiak dira».
Amorebietan eta Etxanon gertatutakoa modu zuzenean deskribatua
Ikerketari berari dagokionez, Aitor Pescadorrek aurkitutako dokumentazio guztiarekin harritu egin dela aitortu du: «Ikertzaile gisa, egia da Amorebieta eta Etxanoren inguruan espero ez ziren gauza asko zeudela. Izan ere, udalerri horiek odolezko ospitale bat hartu zuten, gerra-fronte bat izan ziren, bonbardaturiko herrigune bat, 40ko hamarkadara arte bertan egon zen emakumeen kartzela, Amorebietako herrigunea berreraiki egin zena, soldadu langileen batailoiak egon ziren...». Egileak adierazi duen bezala, ez da erraza izan garai hartan errepresioren bat jasan zuten pertsona guztiak aurkitzea: «pertsona guztien bilaketan, mota guztietako dokumentuak aurkitu ditut, batzuk landuagoak, eta beste batzuk aurkitzeko zailak izan direnak. Bilaketa egiterakoan, kasu batzuetan herria bera, Amorebieta edo Etxano izan dira gako-hitzak. Baina gehienetan banan-banan bilatu behar izan ditut pertsonak, askotan beren abizenengatik. Oso lan neketsua izan da, pazientzia handia eskatzen duena eta maila profesionalean asko eskatzen duena. Hala ere, oso pozik nago emaitzarekin, oso-osoa baita eta argi eta garbi adierazten baitu 1931 eta 1945 bitartean Amorebietan eta Etxanon gertatu zena».
Bi tomo
Amorebieta-Etxano 1931-1945 liburua 300 orrialdetik gorako bi tomo edo liburukitan banatuta dago. Lehenengoak historiaren zatia jasotzen du, eta bi herrietan (garai hartan independenteak ziren) gertatu zena testuinguruan kokatzen du, auzotarren hainbat testigantza eta dokumentu-ekarpenekin batera. Bigarren tomoak, aldiz, errepresaliatuen, epaituen, espetxeratuen eta hildakoen izenek osatzen dute: «argitu behar da, hildakoez ari garenean, ez garela garai hartako zornotzarrez bakarrik ari, arrazoi batengatik edo besteagatik garai hartan bi herriren batean heriotza edo errepresioa jasan zuten pertsona horiek guztiak ere izendatzen baitira. Beraz, bonbardaketetan hildako, exekutatutako, emakumeen espetxean hildako, frontean hildako eta abarren izenak agertzen dira».
«Beren memoria historikoa landu duten herriek heldu egiten dira, aurrera doaz»
Amaitzeko, Aitor Pescadorrek honela laburbildu du egindako lana: «luzea izan da, gorabeheratsua ikerketaren esparruan. Aurretik egindako ikerketa bakar bat ere ez dut hainbeste gorabeherarekin bizi izan. Zirraragarria izan da, ederra, gogorra, batzuetan etsigarria, lan garrantzitsua, eta, lehen esan dudan bezala, oinarri izango da haratago joan nahi duten pertsona guztientzat, baina liburu hau izango da beti abiapuntua. Horri dagokionez, Udalek eta, bereziki, Amorebieta-Etxanokoak egindako lana azpimarratu behar da, Memoria Demokratikoa urte gehiegitan egon baita isilduta. Ez Udalen erruz, jakina, baizik eta denbora luzeegian modu ofizialean nagusi izan zen isiltasunaren lege moduko batengatik. Memoria Historikoa berreskuratu nahi duten eta isiltasun hura ezabatzeko ahalegina egiten duten herriak heldu egiten dira, aurrera doaz. Beren buruarekin eta egun batean errepresioa eta ondorengo isiltasuna jasan zutenekin adiskidetzen diren gizarteak dira».