Arabako Errioxan egindako urmael txikien proiektuari saria

Herpetologia

Ostirala, 2021eko urriaren 15a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Navaridasko Udalak bultzatutako proiektuak, Navaridasko Mikrohumedalen Sareak, Habitaten kategoriako bigarren saria jaso du Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (FEMP) Biodibertsitatearen alde ematen dituen Tokiko Jardunbide Egokien Sarien 3. edizioan.

Proiektua 2017an hasi zen, eta udalerriko naturaguneen artean urmael-sare bat sortzea (guztira bederatzi) du helburu eta Navaridasko Laguna deritzon berreskurapena ere du helburu. Horretaz gain, urtero ingurumen boluntariotza ekintza ezberdinak antolatu dira. Gainera urmael hauen jarraipena eta laginketa ere egiten dihardute.


Proiektuaren helburua planetako talde mehatxatuenetako biren populazioen egoera berreskuratzea eta hobetzea da, ornodunen artean anfibioak eta ornogabeen artean odonatoak. Azterlanari esker, era berean, bertatik bertara ezagutuko da espezie horiek nekazaritza-jarduerak eraldatutako inguruneetan kolonizatzeko duten gaitasuna. Hiru urteko jarraipenaren ondoren, ur-gune horietan zazpi anfibio-espezie daudela egiaztatu ahal izan da; horietako batzuk oso urriak dira eskualdean, hala nola San Antonio igela (Hyla molleri), zeina Navaridasko udalerriko natura-ondarearen eta turismo-erakargarritasunaren ikur bihurtu baita.