Aralar, Kirikuren begirada

Etnografia

Ostirala, 2021eko ekainaren 25a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

Erakusketaren aurkezpenean izan ziren Jose Maria Aierdi, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria; Gorka Azpiroz, Lekunberriko alkatea; Mari Cruz Clemente Astiz Irujo Fundazioko lehendakariorde eta diruzaina; eta Suberri Matelo, Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko kideak.

Aierdi lehendakariordeak, aurkezpenean, nabarmendu egin zuen “Astiz Irujo Fundazioak, zehazki, Aralarko paisaiaren balioen dibulgazioan egiten duen lanaren garrantzia”. Horrez gain, Fundazioaren lorpenen artean aipatu zituen “Lekunberriko hirigune historikoko eraikin enblematikoa berreskuratzea eta birgaitzea, gaur Kirikuren begirada ekimen hau hartu duen eraikina, hain zuzen, eta espero duguna Aralar mendilerroaren inguru guztirako erreferentzia kultural bihurtzea”.

Era berean, Aierdik “Paisaiaren kontzeptu urbanistikoari dimentsio soziala ematearen“ alde hitz egin zuen, eta aipatu zuen “dimentsio horretan aintzat hartu behar direla ondare naturalaren eta ingurumen-ondarearen babesa, baina begirada dinamiko, gizatiar, historiko, kultural edo subjektiboa emanez lurralde horretan bizi diren pertsonek haien ingurua nola hautematen duten, bertan nola lan egin eta bizi diren eta nola sentitzen duten aintzat hartuta”. Adierazi zuen, halaber, “herritarrek paisaiaren taxutze kolektiboan parte hartzeko bideak ere” behar direla.

Hori horrela, kontseilariak azpimarratu zuen Aralar, Kirikuren begirada erakusketak “ekarpen interesgarria egiten duela eremu honetako balio natural eta kulturalak zabaltzeko, eta mende bateko historiaren kontaketaren bidez, atzo eta gaur jatorri eta sentimendu oso desberdineko jendea elkartzeko, bizitzeko eta elkarrekintzan aritzeko espazio batean sartzeko ate gisa aldarrikatzen du”.

Lekunberriko alkateak Antonea Etxeko lehen erakusketa honen garrantzia nabarmendu zuen erakundeen arteko elkarlanaren erakusgarri delako, eta leku honi Lekunberriko ondare kultural eta historiko gisa balioa ematen diolako. Desberdinak izan arren helburu bera partekatzen dutenen arteko sintonia onari eta lankidetzari esker antolatu ahal izan da erakusketa hau, eta espero dugu etorkizunean erakusketa gehiago eskaini ahal izatea hemengo herritarrei bereziki, eta baita gure herrira bisitan datozenei ere. Lehen erakusketa honetan, aipagarria da Aralarrek gure historian eta gure egunerokoan duen garrantzia, eta nabarmendu egin behar da, halaber, errespetatu egin beharra dagoela aitorpen maila handia eskuratua duen ingurune natural hau; hain zuzen, hainbeste aldiz mapan kokatzen gaituen ingurunea.

Mari Cruz Clementek, Fundazioaren izenean, azaldu zuen erakusketak bat egiten duela Fundazioaren oinarrizko helburuekin; eta horien artean daude hauek: “Lekunberriko, Larraun Ibarrako eta Aralar mendilerroko ondare natural, ingurumen-ondare eta ondare kulturalaren azterketa, hobekuntza eta kontserbazioa sustatzea. Ingurune naturala eta ingurumena zaintzea eta errespetatzea, eta hori guztia herritarren artean dibulgatzea”.

Erakusketaren edukia

Erakusketa honen helburu nagusia Aralarren historia haren alderdi guztietatik gerturatzea da. Hasteko, XIX. mendearen amaieratik aurrera paisaia, geologia eta biodibertsitatea ikertzeko egindako espedizio aitzindari haiek daude ikusgai.

Aralarko paisaian azken 100 urteetan izandako aldaketak agerian uzteko ibilbide bat ere eskaintzen du erakusketak. Paisaia erabiltzearen eta ustiatzearen garrantzia eta hurbilketa bat ikazkin, egurketari, artzain eta abeltzainen lanera. Ikusgai daude Fermin Leizaolak, Ondare elkarteak eta inguruko zenbait partikularrek utzitako material etnografikoak ere.

Erakusketan ikus daitezkeen piezen artean daude lehen ikerketa haietako materialak, adibidez, itsasoko fosilak, eta 40ko hamarkadako lanerako tresnak, eta erreferentzia egiten diete garai hartako ikertzaileei: Jesus Elosegi, Ramon Margalef, Joaquin Gomez de Llarena, Jose Migel Barandiaran eta Ramon Adan de Yarza, besteak beste.

Biodibertsitateari dagokion atalean animalien hondakinak ikusiko ditugu; hala nola ipar-katamotzaren (Lynx lynx) eta hartzaren (Ursus artos) burezurrak, eta animalia taxidermizatuak; horietako batzuk gaur egun inguru horretatik, jada, desagertuak; adibidez, Pirinioetako muturluzea eta basoilarra. Baina erakusketaren protagonista bihurtu den espeziea Kiriku esaten dioten ugatza da.

Suberri Matelo erakusketako komisarioaren hitzetan, “Kirikuren begirada mugarik gabeko begirada bat da. Aralarko biodibertsitatearen ikur bihurtu zen ugatza da Kiriku”. Arbaiungo arroilan jaio zen harrapari ar hau, eta Aralarren finkatu 2011n. Gero, 2016an, Muel iritsi zen, harrapari emea, eta hura ere Aralarren finkatu zen. Geroago, 2017an, Eder iritsi zen. Oraingoz, ez dute ondorengorik izatea lortu. “Guretzat, espezie ikurra da, espezie babestua da, eta erakusketaren ikuspegi holistikoa ematen du. Erakusketa honek etorkizunari, aldaketa klimatikoari eta Aralar mendilerroko garai bateko lanbideei buruzko gogoeta ere egiten du”, azaldu zuen Matelok.

Astiz Irujo Fundaziokoek gogorarazi zuten erakusketa urtebetez egongo dela irekita, astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara. Igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara. Hala ere, datorren larunbatean, hilak 26, bi bisita gidatu izango dira, 17:00etan eta 18:00etan, bertaratu nahi duten guztientzako irekiak. Ez dago izena eman beharrik.

Astiz Irujo Fundazioaren ordezkariak; Jose Mari Aierdi, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria: Gorka Azpiroz, Lekunberri Udaleko Alkatea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak.