Aranzadi Zientzia Elkarteak gerrako materiala dituen bi lubaki induskatu ditu Saseta defentsa-sisteman

Arkeologia

Ostirala, 2020eko abuztuaren 28a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Azken urteetan gazte boluntarioek gauzatu izan dute ikerketa-programa: alde batetik indusketa-lanak egin izan dituzte, eta bestetik, prestakuntza jaso izan dute memoria historikoan eta giza eskubideen alorrean. Aurten, osasun-krisialdia dela medio, ikerketa-taldea Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariek bakarrik osatu dute. Oraingo kanpainan Hernio mendi-lerroko lurralde guztiaren azterketa sistematikoa egin da Andoainera bitarte dauden lurretan. Kanpaina horren bidez, gerra-konfrontazioekin eta defentsarekin lotuta egon daitezkeen gune ugari dokumentatu dira: lubakiak, metrailadore-habiak…<0}

Abuztuan zehar zundaketak egin dira eta gerra-aztarna ugari dituzten hainbat lubaki aurkitu dira: balak, ehunka bala-zorro, bala-kargagailuak eta baita obus zatiak ere.

Geure esku-hartzeek Gerra Zibileko protagonistek bizi eta sufritu zutena ezagutarazteko balio dute. Aurkitu diren fusileria-elementu ugarik bi bandoen armamentua eta munizio-hornidurarako zituzten zailtasunak erakusten dituzte, eta lubakiek eguneroko bizitzako adierazleak erakusten dituzte, hala nola latak eta arropak.

Aduna, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo udalek sustatutako proiektua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren giza eskubideen zuzendaritzak ere lagundu du.

Saseta sistema: lehenengo erresistentzia-tokia antolatua

Kanpaina hau gauzatu den gunea Saseta defentsa-sistema edo erresistentzia-puntu gisa ezagutu zen 1936ko abuztuaren eta irailaren artean. Hain justu, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo zonalde horretan euskal milizianoek tropa frankistei aurre egitea lortu zuten, 1936ko abuztuaren 11n Tolosa haien eskuetan erori ondoren. Lekuaren gaineko memoria historikoa galdu egin bada ere, orain arteko dokumentazioaren arabera ehun biktima inguru eragin zituen konfrontazio handia izan zen bertan.

Sektore horrek egin zuen erresistentziari esker, altxatutako militarrei aurre egitea lortu zen, haiek aurreratzea oztopatuz, eta hala sortu zen Eusko Gudarostea.

Aranzadik bertan egiten duen arkeologia-lana argia da: puntu horiek guztiak dokumentatzen ditu informazio historikoa gal ez dadin, eta ondoren, zonalde horiek geure memoria historikoari dagozkion leku moduan aldarrikatzen ditu.