Aranzadi Ordizian ospatzen den Artzain Egunean omendua izango da

Aranzadi

Asteartea, 2016eko martxoaren 29a — CEST

Irakurketa: 2 minutu


Ordizian 2016ko azoka berezien egutegiari hasiera emango dion Artzain Eguna ospatuko da martxoaren 30ean. Artzainak eta gazta dira protagonista goiz horretan. Besteak beste, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egingo da, Tolosako Fronton Jatetxeko Roberto Ruiz sukaldariaren eskutik.


Ordiziako Udalak honako erakunde hauekin batera antolatu du azoka: ELE Latxa-ardiaren Gipuzkoako Elkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradia.


Goizean goiz ekingo zaio egunari, Plaza Nagusian eta inguruetan egingo den asteroko azoka izango da protagonista. Horrez gain, gazta, Goierriko produktu eta Gipuzkoako artisauen saltokiak jarriko dira.


Aharien erakus- lehiaketa

Aurten, Garagartza plazan, 9:00etan hasita, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa eta salmenta egingo da. Bertan, 200 abelburu inguru izango dira ikusgai, zalantzarik gabe, Euskal Herriko erakusleiho garrantzitsuena gai horren inguruan, kalitate eta kopuruz Euskal Herriko bakarra.

Bi motako animaliak izango dira lehiaketa-erakusketa horretan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.

Mutur-gorrien kasuan Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai. Mutur-beltzetan, berriz, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.


Latxaren lehiaketa morfologikoa izango da. Baina, animali horien arraza estandarrean oinarrituko dira epaileak ardi latxaren hautapen-eskeman sartu gabeko animaliak puntuatzean. Era berean, hautapen-eskemako animalietan, genealogia-balioak izango du lehentasuna (gurasoak, kumeak), morfologiaren gainetik.


Garagartza Plazan gazta egingo da zuzenean haurren gozamenerako, nagusiki. Baina oso erakargarriak diren beste ekintzak ere izango dira. Esaterako, mamie dastaketa eta eguerdi partean ardien ile-mozketa, makinaz zein eskuz.