Aranzadik eta Gautegiz-Arteagako udaletxeak memoria historikoa berreskuratzeko akordio bat sinatu dute
Asteazkena, 2015eko martxoaren 11a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Gautegiz-Arteagako Udaletxeak, Aranzadiren laguntzarekin, 1936-1945 urteetako udalerriko errealitatea ikertzeko eta ezagutzeko programa jarri du abian, eskubide zibilen zapalketa jasan zutenen oroimena berreskuratzeko asmoz.
75 urte igaro dira ordutik eta Gautegiz-Arteagan bizi ziren gehienak hilda daude. Baina hemen daude haien alabak, ilobak, bilobak eta abarrak, eta haien testigantza behar dugu, izan ere, ia ez dago artxibategietan errepresio haren inguruko idatzizko dokumentaziorik.
Informazio guztia baliagarria lirateke: 1936. Urteko familia argazkia, aitonaren agiriko argazkia, amaren errazionamendu-liburuxka, sindikatuko txartela, aberriko gutuna, orduko hiri paisaiak, … Gainera, gurasoek seme-alabei kontatu izan dieten ahozko testigantzak dokumentatu eta grabatu nahi dira. Datu horiekin, istorio pertsonal eta familiar horiek berreraiki eta argitalpen baten bitartez udalerriko historian jasota utzi nahi dira.
Memoriaren bulegoa
Ikerketa lana burutzeko ezinbestekoa da arteagarren testigantzak jasotzea. Horregatik, Memoriaren bulegoa irekiko da herritarrek informazioa eskuratu eta eman dezaten. Bulegoa doako zerbitzua da eta martxoaren ostiral guztietan irekita egongo da bizilagunentzat. Udaletxean kokatuko da eta goizeko 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00tatik - 19:30ra zabalduko da. Etortzea ezinezkoa bazaizu, gurekin harremanetan jar zaitezke telefono honetan: 699 809 130. Bestela, email bidez jbuces@aranzadi.eus helbide honetara idatzi dezakezu. Dokumentazioa urte osoan zehar jasoko da eta lan honetan parte hartu edo ikerketa-taldea lagundu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan.