Aranzadik Iruñeako Udalarekin elkarlanean hobitik aterako dituzte Eroritakoen monumentuko kriptan dauden gorpuzkiak

Antropologia

Asteazkena, 2016eko abuztuaren 31a — CEST

Irakurketa: 6 minutu

Iruñeko Udalak martxan jarri du Eroritakoen monumentuko kriptan diren zortzi pertsonen gorpuzkiak azaroaren 16an hobitik ateratzeko prozesu administratiboa; besteak beste hobitik aterako dira Emilio Mola eta José Sanjurjo 1936an II. Errepublikaren kontra egindako eta Espainiako Gerra Zibila piztea ekarri zuen kolpe militarraren protagonista izan ziren jeneralen gorpuzkiak. Hala iragarri du Joseba Asiron Iruñeko Alkateak, Paco Etxeberria Lege eta Auzitegiko Medikuntzako forentse espezialistarekin batera, Udalak hari eskatu baitizkio lan horiek. Etxeberria Lege Medikuntzako irakaslea da EHUn, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea.

Bi agintari militar horien mausoleoez gain, kriptan badira bete sei pertsonen gorpuak, guztiak Bando Nacional deiturikokoak eta gerrak iraun zituen hiru urte horietan eroriak. Gorpuzkiak hilobitik ateratzeko,egiaztatzeko eta dokumentatzeko lanak egin eta gero, senitartekoei emanen zaizkie, kripta hilerri gisa itxi eta gero.

Alkateak gaur goizean egindako prentsaurrekoan esan duen bezala, “duela zenbait hilabete, Udala jarduketa hori egin ahal izateko beharrezko gestioak egiten aritu da, erabateko diskrezio eta errespetuarekin, eta horrekin Oroimen Historikoari buruzko Legea bete nahi dugu, eta, jakina, gure hirian aspaldidanik dagoen aldarrikapen sozial bati erantzun”. Joseba Asironek azaldu duenaren arabera, “hau ez da errebantxismoa, ezta batzuen edo besteen alde egitea, indarrean dagoen legea betetzea da, eta gure historiaren parte batekin justizia egitea, egoera hau ezin baita denboran gehiago luzatu, eta ez baitugu ulertzen zergatik gaur egun arte ez den hilerri hau itxi”.

Kriptako hilerriaren itxiera

Alkateak zehaztu du Udala harremanetan egon dela, “erabateko errespetuarekin”, bai Iruñeko Artzapezpikutzarekin, baita kriptan lurperaturik daudenen senitartekoekin, egoeraren berri emateko. Administrazio-prozesu formala bihar, ostegunarekin, hasiko da, eta horretarako Udalak Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari eskatuko dio Eroritakoen monumentuko kriptan den hilerria itxi dezala, Nafarroako Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduak ezartzen duenarekin bat. Izan ere, Udala da eraikinaren jabe, dohaintzan eman baitzion 1998an, eta legezko eskubidea du hilerria ixteko eskatzeko eta gorpuzkinak beste leku batera eramateko.

Osasun Departamentuaren baimena eskuratu eta gero, eta Hileta Osasunari buruzko Erregelamenduaren 52. artikuluarekin bat, Udalak gutxienez ere bi hilabeteko epearekin jakinaraziko dio jendeari hondakinak jasoko dituela. Horren berri eman beharko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitatean zirkulazio handiena duten egunkarietan, ehortzitakoen familiek egoki jotzen dituzten neurriak hartu ahal izan ditzaten, esate baterako gorpuzkinak jasotzea, edo errautsak (errausketen kasuan).

Iruñeko Alkateak azaldu zuen, Udaleko zerbitzu juridikoei kontsulta eginda hori dela prozedurarik egokiena monumentu horretan bertan ere betearazteko 33/2013 Foru Legea, azaroaren 26koa, kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa. Lege horrek arautzen ditu, 11. eta 12. artikuluetan, administrazio publikoek eta entitate pribatuek dituzten betebeharrak sinbolo, idazkun eta aipamen frankistak kentzeari dagokionez, bai eta sari, izendapen, titulu eta ohore instituzionalak baliogabetzeari dagokionez ere.

Eraikinaren jabetza

1998ko maiatzaren 19an, Iruñeko Artzapezpikutza eta Tuterako Apezpikutzak, eta Kristo Erregea parrokiak, Eroritakoen monumentua eman zioten Udalari dohaintzan, eraikinak zaharberritze-lanak behar zituela ikusita. Gastu horiek Udalak hartu zituen bere gain, dohaintzaren truke. Dohaintza horren eskrituran zenbait baldintza jasotzen dira: parrokiak eraikina behin betiko erabiltzeko eskubidea izatea, bai eta erdiko kripta erabiltzekoa ere (dohaintzan emandako eraikina zutik egon artean), non egoki jotzen dituen kultu-jarduketak egiten ahalko dituen, eta ezkerraldeko arkuteriaren azpian diren lokalen erabilera ere edukitzea.

Eraikina Nafarroako Diputazioak eraiki zuen, baina Udalak 14.281 metroko lursail bat eman zuen horretarako dohaintzan. Lursail horren gainean ‘Nafarroak eroritako bere hilei egindako monumentua’ eraiki behar zen. José Yárnozek eta Víctor Eúsak diseinatu zuten 40ko hamarkadaren hasieran, eta 50eko hamarkadan inauguratu zen. Monumentua Udalari dohaintzan eman zion Diputazioak, 1963ko ekainaren 22an.

Eroritakoen monumentuko kriptan zortzi hilobi daude, horietako bi Emilio Mola eta José Sanjurjo jeneralenak dira, 1937ko ekainaren 23an eta 1936ko uztailaren 20an hildakoak, hurrenez hurren. Bi jeneralen gorpuzkiak 1961n eraman zituzten kriptara. Gainerako sei hilobietan Nafarroako merindade guztietako hildakoak daude, bai eta Gerra Zibileko hildakorik gazteena eta zaharrena. Hona hemen hilobiratuak: Joaquín Sota Garayoa (Tafalla, Erriberriko merindadea), 15 urterekin hildakoa; Severiano Arregui (Gares, Iruñeko merindadea), 62 urterekin hildakoa; Pedro Martínez Chasco (Oteitza, Lizarrako merindadea); Jaime Munárriz Escondrillas (Cascante, Tuterako merindadea), Altxamenduaren egunean lehen hildakoa; eta Joaquín eta Dimas Aznar Zozaya anaiak (Xabier, Zangozako merindadea).

Eroritakoen monumentuan hilobiratutako jeneralak

    • Emilio Mola jenerala. Kuban jaio zen, 1887an, eta hegazkin-istripuan hil zen Alcoceron (Burgos), 1937ko ekainaren 23an. 1961ean eraman zituzten haren gorpuzkiak Eroritakoen monumentura.

    • José Sanjurjo jenerala. Iruñean jaio zen 1872an; matxinatuen bandoko komandanteburu izan behar zen, baina 1936ko uztailaren 20an hil zen hegazkin-istripuz, Estorilen. 1961ean eraman zituzten haren gorpuzkinak Eroritakoen monumentura.

Eroritakoen monumentuan hilobiratutako gainerakoak

    • Joaquín Sota Garayoa. Bando nazionaleko hildako nafar gazteena. Tafalla sortua, 1936ko uztailaren 19an joan zen boluntario moduan frontera, 13 urterekin, eta Balaguereko frontean hil zen 1938ko uztailaren 21ean, 15 urterekin. Haren gorpuzkinak Tafallako hilerrian zeuden, eta Eroritakoen monumentura eraman zituzten 1961ean.

    • Severiano Arregui Olalquiaga. Bando nazionaleko hildako nafar zaharrena. Garesekoa zen. 1936ko uztailaren 19an aurkeztu zen Iruñean boluntario moduan, baina ez zuten onartu, adina zela-eta (62 urte). Hori ikusita, Virgen de los Reyes tertzioan sartu zen, Sevillan. Loperan hil zen, 1936ko abenduaren 28an, eta orduan kaporala zen. Sevillako San Fernandoko Gerrako Heroien Panteoian hilobiratu zuten. 1964an eraman zituzten haren gorpuzkinak Eroritakoen monumentura.

    • Pedro Martínez Chasco. 28 urteko kapilau boluntarioa. Oteitzakoa zen, eta Olexoako apaiza. Melillako 3. Batallón de Cazadores deiturikoan sartu zuten, Melillan, eta 1938ko otsailaren 24an hil zen, Ceilako frontean (Teruel). Oteitzako hilerrian hilobiratu zuten, eta 1961ean eraman zuten Eroritakoen monumentura.

    • Jaime Munárriz Escondrillas. Arkitektura ikaslea zen eta 21 urte zituen. Altxamenduaren egunean zauritu zuten Cascanten, eta Iruñera ekarri zuten; bertan hil zen 1936ko uztailaren 21ean, Nafarroako Ospitalean. Haren gorpuzkiak bere herrian zeuden, eta Eroritakoen monumentura eraman zituzten 1961ean.

    • Joaquín eta Dimas Aznar Zozaya. Xabierren jaiotako anaia nekazariak. 22 eta 21 urterekin hil ziren, hurrenez hurren. Lehendabizikoa Levanteko frontean hil zen 1938ko uztailaren 2an, alferez zelarik, eta bigarrena urte bereko maiatzaren 14an, Alfambrako frontean, sarjentua zelarik. Xabierreko hilerrian hilobiratu zituzten, eta 1961ean eraman zuten Eroritakoen monumentura.