Aranzadik Legution aurkitu dituzten Gerra Zibileko soldadu baten gorpuzkinak lurpetik atera ditu

Antropologia

Astelehena, 2017eko martxoaren 27a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Gudari horren gorpuzkiak ustekabean aurkitu ziren joan den urteko martxoaren amaieran, Albertia mendiaren igoeran, Legutioko hirigunetik nahiko urrun dagoen pinudien lursail batean.

Hezur-hondakinak aurkitu zituzten ehorztuta –ezkerreko sorbalda-hezurraren zatiak, lepauztail bat eta saihets-hezurrak– baita kartutxogintzako material ugari eta larrua ere, Gerra Zibileko gudari baten kartutxeretakoak.

Testuingurua

Aztarnengatik, aurkitutako hondakinak euskal gudari batenak dira: 1936aren amaiera aldera hildakoa ziur aski, euskal armadak Gasteizko hiria hartzeko ofentsiban zehar, Villarrealeko gudu ezagunari hasiera eman zion hartan.

1936ko azaroaren 30ean euskal armadak Villarrealeko ofentsibari ekin zion kolpistei Gasteiz erauztearren, eta era horretan armada errebelak okupatutako euskal lurraldeak askatzearren. Borrokaldia ia hilabete luzatu zen fronte guztian zehar. Borrokaldiaren aste haiek helburuak bete gabe amaitu ziren eta giza galera eta galera material ugari eragin zituzten: 1.000 hildako inguru eta 3.000tik gora zauritu, historialarien kalkuluen arabera. Legutio eta Albertia mendiaren inguruko eremuetan, Villarreal frontea osatzen zuten gudari haietako batzuenak dira gorpuak, oso ideologia desberdinetakoenak; nazionalistak, komunistak, anarkistak edo sozialistak, herria inguratzen duten eremuetan eta mendietan sakabanatuta geratu zirenak.

Hobien plana

Eusko Jaurlaritzak 2002az geroztik dihardu lanean Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzen eta identifikatzen. 2015aren amaieran, hobiak ikertu eta lokalizatzeko 2015-2020 Euskal Plana aurkeztu zen.

Urte honetan zehar, hiru deshobiratze egin dira: lehena Txaldatxur mendian, Donostian (urtarrilak 28), bigarrena Urkullu mendian, Larrabetzun (otsailak 4) eta Legution (martxoak 25).



Gogora Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro joan zen Gerra Zibileko gudari baten gorpuzkiak lurpetik atera zituzten lekura.