Aranzadiko bazkide den Amaia Arranzek aintzatespena jaso du bere ikerketengatik
Historiaurrea / Arkeologia indusketa
Asteazkena, 2024eko azaroaren 20a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburu eta Ikerbasqueko presidentea buru, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketan diharduten hiru emakumeren aintzatespenak banatu zaizkie gaur goizean Carmen González Murua, Amaia Cipitria Sagardia eta Amaia Arranz Otaeguiriri. Ekitaldian, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoarekin batera, Zientzia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren arduradunek parte hartu dute.
Aintzatespen honen helburua da Euskadiko emakume ikertzaileak eta haien lana ikusaraztea, emakume ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen. Hori dela eta, edizio honetan, aintzatetsitako hiru emakumez gain, aipamen berezia egin zaie Euskal Herrian zientziari ekarpen berezia egin dioten bost ikertzaile gazteri.
Emakume ikertzaileen aitorpenen inguruan erabakitzeko ardura duen ebaluazio- batzordeak aho batez erabaki du zein emakume ikertzailek jasoko duten aitorpen hau 2024an, ematen den hiru mailetako bakoitzean. Honako hauek dira 2024an aintzatetsitako emakume ikertzaileak:
- Advanced, ikerketa-karrera oso bati aitorpena:
- Carmen González Murua, UPV/EHUko Landare Fisiologiako katedraduna
- Consolidator, bere ikerketa-arloan lider den emakume ikertzaile bati aitortza:
- Amaia Cipitria Sagardia, Ikerbasque Research Professor BioGipuzkoan
- Starting, emakume ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenari aitortza:
- Amaia Arranz Otaegui, Ikerbasque Research Associate UPV/EHUn
Ikerbasquek ekoizpen zientifikoaren datuen azterketa bibliometrikoa egin du, eta Euskadiko emakume ikertzaileen azken ekarpen nabarmenak adierazi ditu. Bestalde, Ikerbasqueko Patronatuko Batzorde Delegatuko kideek 20 emakume ikertzaileren azken hautaketa erabaki dute, lehen azaldutako hiru mailetan. Horrela, kategoria bakoitzeko emakume ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu dute, edizio bakoitzean gora egiten duen bikaintasun-mailarekin. Horrek, Euskadin emakume ikertzaileek egindako zientziaren potentzial handia islatzen du.
Urteroko aintzatespenak
Ekimen hau Ikerbasqueren Plan Estrategikoan sartzen da. Plan horren 12 erronketako bat Ikerbasqueko ikertzaileen komunitatean sartzen diren pertsonen genero-berdintasunean aurrera egitea da. Ildo horretan, Ikerbasqueko Patronatuak Berdintasun Plan bat onartu zuen. Plan horren barruan, emakume ikertzaileei urtero aintzatespen batzuk emateko ekintza bat dago emakume ikertzaileen belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izan daitezen.