Aranzadiren etorkizunerako arnasa

Aranzadi

Larunbata, 2015eko martxoaren 28a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Aranzadiri eskaini zaion eraikinean orain arte Kosta-Zerbitzua eta Estatuko Meteorologia-Agentziaren ordezkaritza bat izan dira, betetzen zituzten zereginak bertan behera geratu diren arte. Donostia zein Gipuzkoako Alderdi Popularreko zinegotzi eta biltzarkideak izan dira ekimena aurrera atera dutenak, Aranzadiren egoera prekarioa ezagutzen baitzuten. Zorroagako eraikineko alokairua amaitzear dagoen une honetan Elkartearen etorkizunerako aukera paregabea da honakoa. Dudarik gabe, gu bezalako erakunde batentzat, Donostiako urrezko domina jasotakoa hain zuzen ere, udalerriko udal-barrutian errotuta jarraitzea ezinbestekoa da.

Gaur egun, Aranzadiren egoitza nagusia Zorroaga Fundazioaren jabetzako pabilioi batean dago, eta dagokion alokairu-kontratua aurtengo abenduaren 31n amaitzekoa da, epe ertainean Hirugarren Adinarekin loturik dauden zerbitzuetarako erabiliko dute eta. 2005. urteaz geroztik izapide asko eta ahalegin ugari egin dira, Elkarterako eta beronen jardueretarako azpiegitura egoki bat bilatu nahian. Urte hauetan hainbat aukera landu ditugu, besteak beste, Miramongo Teknologia-Gunea, Uliako Ur Depositua, Pasaiako Ziriza pabilioia edota Martuteneko Agustindarren ikastetxea. Baina, gure ilusioa gorabehera eta gure borondatez kanpoko arrazoiengatik, ahalegin horiek ez zuten emaitzarik izan.

Aranzadik bere historian zehar bere jarduerak garatu ahal izan ditu erakundeek lagatako espazioei esker, esaterako, San Telmo Museoan edota Miramongo Arbide Dorreetako batean, baina inoiz ez du bere jabetzako lokal iraunkorrik izan. Gure egoera ezegonkorra izan da edo alokairuan egon gara beti; gainera, oraingo honetan Intxaurrondoko eraikin berriak bokazio publikoko eta doako zerbitzuak eskaintzeko aukera emango digu, esaterako, liburutegia, artxiboa eta bilduma zientifikoak herritarren esku jarri ahal izango dira modu egokian, eta zientzia gizarteratzearen alorrean eta bazkideen artean aukera eta espazio berriak zabalduko dira.

Urrats garrantzitsua eman dugu, orain fase berri batean sartzera goaz aipatutako instalazioak gure jardueretara egokitzeko, lekualdaketa ahalbidetzeko eta behar dugun finantzaketa lortzeko. Prozesu luzea eta neketsua izango da eta Aranzadiko bazkide eta lagun guztiok ilusioz eta bokazio sozial handiagoz gure egingo dugun etorkizuneko erronka berri bat da, oso garbi baitaukagu kultura zientifikoak herri gisa aurrera bultzatuko gaituela eta gizarte askeago eta zuzenago baten bidean jarriko gaituela.