Arrano arrantzalea bueltatu da Urdaibaira!

Ornitologia

Larunbata, 2016eko apirilaren 16a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Aste honetan bertan, arrano arrantzalearen berreskurapen proiektuan zehar hainbeste itxaroten egon garen momentua iritsi da Urdaibaiko paduretara: Erreserban ugaldu daitekeen lehenengo hautagaiaren etorrera.Izan ere etorri den arranoa, 2013an Eskozian jaio eta Urdaibain askatutako ar bat da. Identifikazioa hankan jarrita daraman N3 jartzen duen eraztunari esker egin ahal izan dugu. Duela pare bat egun ikusi genuen, baina ezin izan ginen askorik hurbildu eta identifikatu gabe gelditu zen.

Atzo ostera eraztuneko zenbaki eta letra argi eta garbi ikusi ahal izan genituen Murueta aurrean platuxa bat jaten zegoen bitartean. Arratsaldez Urdaibai Bird Center aurreko paduran ikusi ahal izan zen ilundu zuen arte.

N3 iazko urtean ere gure ingurura hurbildu zen eta udan zehar ere Legutio ondoko Undurragako urtegian ikusi zen. Gainera 2012an Eskozian jaiotako eme batekin ere ibili zen gorteiatze lanetan.

Gaur egun N3k 3 urte dauzka beraz, bikotea eratzeko eta ugaltzeko gai da. Hori horrela izanda, berreskurapen proiektuaren ikuspuntutik arrakasta itzela litzateke.

Orain, lehenengo gauza bikotea bilatzea izango da, adibidez iazko urteko Eskoziako emea.

Iaz “Jaun-zuriarekin” egin bezala, N3ri ere izena jarri diogu: “Roy”. Izen hau, proiektuan aholkulari modura parte hartu duen Roy Dennis Eskoziako omenez jartzea erabaki da, berorrek emandako laguntza ezinbestekoa izan baitzen proiektua sortzeko orduan eta duela 4 urte abian jartzeko orduan. Horiek horrela gaur egun hasi da fruituak ematen.

2013. urtetik martxan dagoen proiektu honetan, dozena bat kume Eskoziatik Urdaibaira ekartzen dira eta, bertan, askatu egiten dira euren garapena habia artifizialetan amaitu eta gero. Hau proiektuaren funtsa izango litzateke. Ondoren, euren hazkuntza bitartean, arrano gazteek Urdaibai euren jaioterri moduan hartzen dute, ondorioz, Erreserbara itzuliko direlarik heldu aroan. Hala eta guztiz ere, arrano gazteak independizatzen direnean, Afrika subsahariarrera jo behar dute, non ondoz ondoko bi negu igaroko dituzten. Hilkortasun tasa oso altua da lehenengo bi urte horietan, %80 ingurukoa. Hilkortasun tasa honen arrazoiak neguak gordetzen dituen arriskuak eta migrazioa bera dira, batez ere. Hau horrela izanik, indibiduo desberdinen heriotza gertatu izan da, bai elektrokuzio edota aerosorgailuen ondorioz, eta, baita ere, sare eta aparejuetan harrapatuta geratzen direlako.

Itzulera hau beraz oso garrantzitsua da, proiektuaren baitan ugaltzeko gai den arrano bat bigarren aldiz bueltatu baita Urdaibaira. Hori dela eta gertaera honek Urdaibain arrano arrantzalea berriz ere ugaltzen hasteko aukera paregabea eskaintzen du.