Artziko erromatar terma agerian utzi dute Aranzadiko arkeologoek

Arkeologia

Asteartea, 2019eko abuztuaren 27a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Aurreko urteko kanpainan gelarik handienaren indusketa hasi zen eta berokuntza sistema osatuko zuen hypocaustumaren egitura azaleratzen hasi zen. Aurten, gela horretan sakontzen jarraitu da eta lurraren azpitik aire beroa zabaltzeko hutsunea sostengatuko zuten pilae edo adreiluzko zutabe txikiak ikusgai gelditu dira. Horretaz gain, ondoko gela ere indusi da eta opus spicatum zoru bat topatu da bertan, hau da, arrain hezur forman jarritako adreilu txikiz osatutako zorua.


Eraikinaren egiturez gain, bestelako hainbat material ere topatu dira, hala nola zeramika zatiak, eraikuntza material ugari, zepak eta animalia hezurrak. Horiei esker ondorioztatu daiteke eraikinak termen funtzioez gain bestelako erabilerak ere izan zituela garai berantiarrago batzuetan, meatzeetatik ateratako minerala erreduzitzeko labearena, esaterako.




Boluntariotza eta ate irekien eguna


Lan guzti hori gauzatzeko inguruko zein Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 14 boluntario bildu dira abuztuaren 19tik 31ra antolatu den indusketa arkeologiko kanpainan.


Kanpainan lortutako emaitzak erakusteko bisita gidatu bat antolatu da abuztuaren 31an, larunbatean goizeko 11:00etan indusketa eremua. Bertaratu nahi dutenentzat hitzordua 15 minutu lehenago izango da, aztarnategitik metro gutxira dagoen Artziko jauregian.