Azken glaziazioan Kantauri itsasoaren ertza nolakoa zen kontatzen digute Kiputz leizeko animalia hezurdurek

Aranzadi

Ostirala, 2019eko azaroaren 15a — CEST

Irakurketa: 5 minutu

Kiputz. Amildegia Historiaurrean azaroaren 16tik 2020ko otsailaren 9ra egongo da zabalik San Telmo Museoan, eta ondoren, Altamiran; erakusketa bi museoek antolatzen dute Gordailuarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera. Pedro Castaños eta Xabier Murelaga izan dira komisarioak.

Erakusketak hurbildu egiten gaitu dagoeneko desagertua dagoen paisaia hartara, elur-oreinen, oreinen eta bisonteen hezurduren bidez -nabarmentzekoa da azken animalia horren burezur bat, ia osorik dagoena eta bakarra dena penintsulan- eta bisonte ikusgarri bat erakusten duen Altamirako frisoaren erreprodukzio baten bidez.

Aztarnak lau kanpainatan berreskuratu zituen talde diziplina anitzeko batek UPV/EHUk, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Munibe Arkeologia Taldeak osatua 2004 eta 2007 artean. Indusketa horietan historiaurreko animalien milaka hezur aurkitu zituzten eta hortik azken glaziazioan zehar nagusi izan zen klima berreraikitzeko datuak lortu zituzten.

Gainera, Jesús Mari Lazkanoren 2014ko Todo lo sólido se desvanece en el aire II lanak laguntzen digu giro izoztu hartan kokatzen, denbora lerroen, batimetrien eta burutu den lan zientifikoaren inguruko azalpenen laguntzaz.

ESTEPAKO LURRALDE BAT

Pleistozenoan (orain dela 2.59 milioi urte - 10 000 urte) beroaldiak eta hotzaldiak tartekatzen ziren, eta klima-gorabehera horiek eraldatu egiten zituzten planetako ekosistemak eta bertan bizi ziren espezieen banaketa geografikoa.

Hala, azken glaziazioan (orain dela 110 000-10 000 urte), Kantauri itsasoko ertza estepa handia zen, gaur egun gure mendietan inondik inora ikusterik ez dugun hainbat animaliaren bazkalekua: elur-oreinak, errinozero iletsuak, estepako bisonteak edo mamutak, izaki itzelak guztiak, gizakiekin batera bizi izan baziren ere klima epeldu ahala desagertu zirenak.

Baina nola jakin dugu animalia horiek gure lurraldean bizi izan zirela? Denboran kontserbatu diren hezurrek argi pixka bat ematen digute azken negu handian izan zen klimaren eta biodibertsitatearen inguruan.

Iragan izoztu horretatik ezer gutxi geratu da. Garai hartan itsasoa 18 kilometro urrunago zegoen egungo kostaldeko lerrotik, eta egungo itsas plataforma kontinentalean estepa zegoen, sarri guztiz elurtuta eta landare urriekin egoten zena, Artikoko herrialdeen antzera.

Paisaia horren aztarnak gaur egun hautemanezinak badira ere, paleontologiak, arkeologiak eta beste zientzia-diziplina batzuek iragan horretaz zerbait jakiteko aukera ematen digute, konparaziozko analisi biometrikoen bitartez. Gipuzkoako orografian mantu berdeen azpian ezkutaturik denboraren kapsulak gorde dira, milaka urtetan negu iraunkor batean ainguratuta eraldatu gabe mantendu eta norbaitek aurkitu zain daudenak, egungo Kantauri itsasoko ertzean imajinatu ezin dezakegun paisaia baten sekretuak agerian jartzeko.

KIPUTZ. LEIZE HILGARRI BAT HISTORIAURREAN

Zulo bat. Tranpa bat. Leize bat. Hainbat animalia amildegi horretara erori ziren ezustean, deskuidu edo behaztopa soil baten eraginez. Kiputz kobak irentsi zituen eta milaka urtetan pilatuta egon ziren bertan; bisonteak, elur-oreinak, oreinak, lehoiak, hartzak…, guztiak ere sei metroko tranpa horretan behera amildu ziren, bertan heriotza aurkitzeko.

Kiputz IX (Mutriku, Gipuzkoa) amildegian milaka urtetan gorde dira Iberiar Penintsulako elur- oreinen eta bisonteen hondarrak, gehienak orain 20 000 urtekoak, gutxi gorabehera. Gizakiak ez ziren inoiz leizean bizi izan, tranpa natural bat zen, eta eskarmenturik gabeko hainbat animalia gaztek bertan izan zuten zorigaiztoko amaiera.

Aurkitutako 18 296 hezur pusketatik abiatuta, Kiputz IX leizean aurkitu dira Iberiar penintsula osoko elur-orein, bisonte eta oreinen multzo paleontologiko oparoenak. Askotan hezurdura horiek ia osorik berreskuratu dira, eta gutxi batzuk posizio anatomikoan zeuden, hau da, hil baino lehen hartu zuten jarrera berean.

Aztarnategi horren jatorrian harraparirik ez zegoenez, hezur gehienak osorik kontserbatu dira, inork ere kontsumitu ez dituelako. Gainera, inolako hautaketarik izan ez denez, Kiputz IX aztarnategiko edukiak zehazkiago islatzen du inguruko fauna, eta horrenbestez, Azken Maximo Glaziarrean ekosistema horretan izan ziren baldintzak.

Elur-oreina (Rangifer tarandus). Elur-oreina klima hotz eta paisaia irekietara egokitutako espeziea da, gaur egun zirkulu polarretik gertu bizi dena, baina Erdi eta Goi Pleistozenoan Europako zati handi bat hartu zuena. Belarjale horrek orain 18 000-20 000 urte izan zuen bere goraldia Kantauri itsasoko ertzean.

Oreina (Cervus elaphus). Oreina izan ohi da espezie ugariena ehiztari eta biltzaileen giza taldeen bizilekuetako barrunbe gehienetan. Belarjale horrek bizirik dirau gure kontinentean, eta Pleistozenotik bizirik irten zen fauna espezie urrietako bat izan zen. Kiputz IX leizean gutxienez 43 oreinen hondarrak berreskuratu dira, eta haietako asko kumeak direnez pentsa dezakegu esperientziarik ezak zerikusi handia izan zezakeela hainbat animalia leize horretan erortzean.

Estepako bisontea (Bison priscus). Estepako bisontea azken glaziazioaren amaieran desagertu zen espeziea da, milaka eta milaka urtetan Europako zati handienean bizi izan zena. Kiputz IX leizean aurkitu da animalia horren aztarna ugariena Iberiar Penintsulan, gutxienez 18 indibiduoren hondarrak berreskuratu direlako.

Kiputz IX aztarnategian aurkitutako pieza bereziena estepako bisonte baten (Bison priscus) burezur ia oso bat da, Iberiar Penintsulan bakarra eta Europako mendebaldean espezie horretatik ondoen kontserbatutako aleen artean dagoena.

Bisontea, gutxi gorabehera 900 kiloko pisua eta metro batetik gorako adar-luzera zeuzkana, leizera erori zen, eta litekeena da janik ezaren eraginez hil izana. Burezur hori bere osotasunean berreskuratzeko, eta kontserbazio-egoera hauskorrean zegoela ikusirik, pieza igeltsuzko euskarri batez estali zen, hezurrak atera bitartean babesteko.

“Bisonteak dira, esan nuen. Ordura arte ez nuen inoiz hitz hori ahoskatu ere egin,

baina izen hori zegokiela sentitu nuen.

Egunsentiko bisonteak iritsi aurretik sekulan ezer ikusi ez banu bezala,
ordura arte itsu eta hilik egon banintz bezala.
Egunsentitik zetozen. Egunsentia ziren”.
(Jorge Luis Borges. “El advenimiento” (“Etorrera”) 1972)

Eta jarraian, Borges bezain txundituta, artistak egundoko izaki horiek pintatu zituen, beren indar eta beren botere guztiarekin. Gorri-beltzetan, horma urratuz arroka barruko zuria aterarazteko, gure historiako giza artelan bete-beteak eta benetakoenak sortuko zituen.

Historiaurreko Artea da, beste ezer baino lehen, orain 10 000 urte desagertu zen unibertso natural baten isla. Elur-oreinak, bisonteak eta beste hainbat animalia (zaldiak, orein ar eta emeak, edo basahuntz piriniotarrak) izan ziren gehien irudikatu zituzten gaietako batzuk. Asko izan dira milaka urteko Arte horri esanahi bat ematen ahalegindu diren teoriak, baina ez dugu inoiz jakingo Paleolitoko artistek zer adierazi nahi izan zuten, ezta irudi horiek pintatu eta grabatzeko zer motibazio izan zituzten ere; bikainak izan zirela, hori da dakigun gauza bakarra…

Orain dela 14 500 urte, Altamira kobako sabaia bisontez mukuru bete zen. Lehenago zaldi eta oreinak izan ziren tokian orain haiek zeuden, dotore-dotore, arroka barrutik azaleratuz eta arraila eta erliebeak aprobetxatuz, irudi bakoitzari bolumena emateko. Koloreen aplikazioan, argi eta itzalen jokoetan eta xehetasun anatomikoen perfekzioan nabarmentzen da artisten maisutasuna.