Artikulu tematikoa
Badator uda, badatoz enarak
Euskal Herriko paisai kulturalaren parte dira enarak. Eguraldi onarekin batera iristen dira, udara badatorrela esanez. Bereizgarriak diren isatsak eta kolore zuri-beltzak noiznahi ikus zitezkeen bueltaka herrietako etxeen artean.
Enarak herrian izatea beroa, eguzkia eta oporrekin erlazionatzen ziren haurtzaroan, eta sarritan oraindik sentsazio bera eragiten du. Ondare hori, ordea, arriskuan da.
Hiri zein herri bat irudikatzean, gizakia kokatzen da erdigunean. Eraikinez eta aktibitate sozialez osatutako eremu kultural gisa har daiteke. Erabat antropizatutako ingurua. Naturari kendu eta edifikatutako lurraldea da, material artifizialez osatua. Hala ere, horma zein asfalto artean, uste baino bizi gehiago aurki daiteke.
Biodibertsitatea eremu bateko bizi formek osatzen dute, zeina ekosistemen orekarako ezinbestekoa den. Herrietako biodibertsitateak eragin zuzena du gizakien osasunean zein bizi kalitatean. Enarak eta sorbeltza elkarrekintza horren funtsezko zubi dira, bizitoki inguru urbanoak baitituzte. Gizakien ezjakintasuna dela eta, ordea, azken urteetan aldaketa bortitzak pairatzen ari diren espezieak dira.
Enarak eta sorbeltza hiritar eremuan bizi diren hegazti intsektiboroak dira. Gizakiekin harreman estua dute, izan ere, beharrezkoa dute eraikinen presentzia habiak eraiki ahal izateko. Enara arrunta Hirundo rustica, enara azpizuria Delichon urbicum, eta sorbeltz arrunta Apus apus dira urbanizatutako eremuetan gehien aurkitzen diren espezieak.
Enara arruntek, lur zabalak nahiago dituzten arren, ez ditu biztanle askoko eremuak ekiditen, horregatik sarritan aurkitu daiteke herri inguruetan. Nahiz eta gaur egun giza ingurunera egokitu diren, antzina itsaslabarretako kobazuloetan eta mendietan eraikitzen zituzten habiak. Eurasia eta Ipar Afrikako lurretan erabat zabalduta dagoen espeziea da, nahiz eta ingurune honetan geroz eta gutxiago aurkitu daitekeen.
Ezaugarri fisikoei dagokienez, bizkarralde osoa eta isats luze eta urkilatua kolore beltz urdinxkaz estalia dute. Isatsean, lau orban zuri ditu, alde bakoitzeko kanpoaldeko lau errezeletan. Kopetaldea eta lepoaldea kolore deigarriz jantzia daramate, marroi gorrixka kolorekoa, sabelaldearekin kontrastea eginez, zuria baitute.
Enara azpizuriak izaera koloniala eta giza eraikinetan habiak eraikitzen ditu. Tamaina txikiko hegaztia da, 13-15 zmkoa, bizkarraldea beltz urdinxka eta bularralde osoa zuri kolorekoa duena. Enara arruntekin alderatuz buztan laburra du. Gainontzeko espezietatik ipurtaldean duen orban zuriagatik bereiz daiteke.
Banaketa geografiko zabala du, basamortuetan, poloetan eta Ekialde Urrunean izan ezik mundu osoan zehar banatuta baitago. Iberiar penintsulan osoan aurkitu daiteke, 2000 metrotatik gorako ingurune menditsuak salbuespen izanda.
Sorbeltza arruntak enaren antza izan arren, familia ezberdinetakoak dira. Luzaroan hegan egitera moldatuta dago eta bere habian soilik pausatzen da. Espainian ia giza eraikinetako arrakal edota zuloetan soilik eraikitzen du habia. Jatorria nekazal eremuan izan arren, metropoli erraldoi eta hiri kutsatuetan bizi daiteke.
Arku itxurako gorputz forma, buztan labur eta urkilatua, eta hegal mehe eta luzeak ditu. Kolore ilun uniformea du, ia beltza.
Enarak eta sorbeltzak hegazti migratzaileak dira. Negua Afrikan igarotzen dute eta gure lurraldera itzultzen dira udaberrian ugaltzera. Gainera, izaera filopatrikoa duten animaliak dira, hau da, bikoteek habia berdinetara itzultzeko joera dute eta, aurreko urteetatik eraikita mantentzen diren habietan kokatzen dira, denbora eta energia gastuak aurreztuz. Haize eta prezipitazioetatik babesteko asmoz teilatu azpi eta hormetan egiten dituzte buztinezko habiak, gizakiekin elkarrekintza zuzena sortuz. Urtez urte, ordea, habiak kendu edo hausten dira; balkoi, leiho eta kaleak zikintzen direnaren argudiopean. Honek, espezie hauek umatzeko leku apropos gabe geratzea eragiten dute.
Ekintza horiek, beste arrazoi askoren artean, espezie hauen populazioen beherakada nabarmen eragin du. Egun enara habiak kentzea erabat debekatuta dago, hauek legez babestuta baitaude. Ulergarria izan daiteke norbere etxeko teilatuan habia egitearen aurka egotea, izan ere, azpian kokatzen den edozein gainazal zikin gelditu daiteke. Hori, ordea, ez da habiak egitea ekiditeko edo sortutakoak apurtzeko argudioa. Habien azpian erretiluak jartzeko aukera dago, bertan gorotzak pilatuz etxea zikintzea ekidinez.
Enarek eskaintzen duten osasunerako onuraz, gutxi batzuk soilik dute berri. Populazio nukleoetan masa kontzentrazio handiak ematen dira, herri edo hiriaren eskala mailan beti ere. Kontzentrazio horiek izurriteen agerpena edota areagotzea eragin dezakete, osasun zein ingurumenarentzat kaltegarri izanik. Eltxoak, besteak beste, gaixotasun bektore nagusienetakoak dira.
Izurriteen kontrolerako dauden estrategia eta metodologiak hainbat dira, fisiko-kimikoetatik hasi eta biologikoetaraino. Kontrol fisiko zein kimikoak eraginkorrak diren arren, horretarako erabiltzen diren produktu kutsatzaileek epe luzera ingurumenean eta gizakiengan izan ditzaketen zeharkako efektuak kaltegarriak eta nabarmenak dira. Gainera, hasiera batean eraginkortasun maila oso altua izan zuten arren, horien erabilera oker eta gehiegizkoagatik intsektuek pestizida kimikoen aurkako erresistentzia garatu dute, horien erabilera baliogabetuz.
Kontrol biologikoa, bestalde, ingurumen inpaktu baxuko eta erabiltzaileentzat segurua den alternatiba da. Metodo honek izurrite agentearen aurka etsai natural bat erabiltzen du, hau da, beste organismo bat. Espezifikotasun horrek metodo arrakastatsua izatea eragiten du, zeina plaga populazioa mantentzeko gai den urteetan zehar. Epe luzera metodo merkeena da, izan ere, beraien kabuz ugaltzen direnez ez dira urtero berritu behar. Honen adibide bat, enara da.
Enarak intsektuz elikatzen dira. Hori dela eta intsektuen aurkako kontrol biologiko gisa jokatzen dute, izurriteak kontrolatzen lagunduz. Azken finean, espezie guztiak funtsezko zeregina dute naturan eta beharrezkoa ditugu gure biziraupenerako.
ENARAK herritar-zientzia proiektua
Gure lurraldeetan espezie hauen beherakadaz nabarmenduta Aranzadi Zientzia Elkarteak ENARAK herritar-zientzia proiektua jarri du martxan. Proiektuaren helburu nagusia espezie hauen habien jarraipen-programa martxan jartzea da. Horretarako, protokolo zientifiko eta estandarizatuak erabiltzen dira eta interesa duten pertsona guztien parte-hartzea eskatzen da. Espezie hauen habien datuak Ornitho Euskadi www.ornitho.eus zientzia-atarian erregistratuko dira eta ondoren web bisore bat sortuko da datuak herriz-herri ondo ikusi ahal izateko. Proiektu honek gainera, Kutxa Fundazioaren dirulaguntza jaso du.
Aldaketa klimatikoaren eraginez migrazioan aldaketak nabari dira.
Prozesu migratzaileen aldaketak, aldaketa klimatikoaren ondorioetako bat da. Udaberria aurreratzean, ornogabeen fenologia aldatu egiten da beren bizi zikloak azkarragoak izatearen erruz. Ornogabe hauek hegaztien elikagai dira eta beraz, elikatzeko eta bizirauteko beharrean, beren migrazio egutegia eraldatzen dute. Hori dela eta, enarak azkenengo hamarkadetan lehenago iristen direla egiaztatu da, baita beranduago joaten direla ere. Hala ere, enaren kasua ez da salbuespena; beste espezie migratzaile batzuetan ere jokabide berdina ikusi da; hala nola, zikoinetan.
Nola gerturatu dira hainbeste zibilizaziora?
Urbanizazio prozesu bortitza jasaten ari den mundu honetan, hiri eta herrietako bizitzara egokitzen diren hegaztien prozesu ebolutiboak ulertzea erronka bat da. Giza aktibitateari esker lortutako baliabideak erabiltzen dituzte biziraupenerako. Hala, hiria kolonizatzen duten hegaztien jokabidea, fisiologia eta morfologia aldatzen dela egiaztatu da, baina oraindik aldaketa horien mekanismo ebolutiboak ez dira guztiz ezagutzen.