“Beasain: Oroimen Historikoa” liburua aurkeztu dute Aranzadik eta Beasaingo Udalak

Antropologia

Asteazkena, 2018eko azaroaren 7a — CEST

Irakurketa: 2 minutu


Aranzadik editatu eta Beasaingo Udalak babestuta argia ikusi du Beasaingo memoria historikoari buruzko argitalpenak. Lau liburukitan banatuta, 1900 eta 1945 urte bitartean gertatutakoaren berri jasotzen da.


Igartzako jauregian burututako aurkezpen ekitaldian, ikerketa lan hau bultzatu duen Beasaingo memoria historikoaren herri ekimenaren taldeko Andoni Sarriegi, Jon Kortazar Billelabeitia egilea, Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusia Juantxo Agirre, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta giza eskubideen zuzendari nagusia Maribel Vaquero eta Beasaingo alkatea Aitor Aldasorok hartu zuten parte. Ekitaldia Xabier Sarasola eta Arantxa Gastesik pianoan eta txistuan eskeinitako kantuekin eta Mikel Sarriegi dantzariaren dantzarekin borobildu zen.



Lana artxiboetan lortutako dokumentuetan eta ahoz bildutako testigantzen bidez osatu da eta gerrate zibilaren aurreko eta ondorengo lehen urteetan gertatutakoaren berri jaso du egileak. Andoni Sarriegik memoria historikoaren herri ekimenaren taldeko ordezkariak eta Jon Kortazar egileak, lanaren nondik norakoak eta edukiak aurkeztu zituzten. Oroimen historikoaz Juantxo Agirre jardun zen eta foru eta udal instituzioetako ordezkariak bizikidetzaz eta giza eskubideen inguruko zehaztasunak eta aurrera eramandako egitasmo eta ekimenak azaldu zituzten.


Beasaingo Udalaren izenean Aitor Aldasorok Beasain: Oroimen Historikoa liburuaren bultzatzaile, egile eta laguntzaileak eskertu zituen egindako lan duin, osatu eta bikainagatik, “Bizikidetzan, justizian eta erreparazioan aurrera egin ahal izateko Beasainek honelako mugarria behar zuelako. Denboran luze jo duen lan bat izan da”, aipatu zuen alkateak, baina itxarotea merezi izan duena amaituta ikusi arte. Liburuan parte hartu duten herritarren testigantzei esker ere egindako liburua izan da eta emaitza hau herritarrei itzultzea guztiz merezia dutela esan zien Aitor Aldasorok bertaratuei. Memoria historikoa berreskuratzen jarraitzeko asmoa ere azaldu zuen eta Udalaren konpromisoa berretsi zuen, liburuak aztertzen duen garaitik aurrera.