Begoñako argia amatatu egin da gaur eguerdian, Aranzadi Zientzia Elkarteak hilerrian egin behar zuen lana bururaturik
Antropologia, Arkeologia / Auzitegiko antropologia, Hileta arkeologia
Astelehena, 2022eko abuztuaren 29a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Ekitaldi soil eta sinboliko batean, eta azken gorpua lurpetik atera ostean, amaitutzat eman ahal izan da aldi hau, urrian hasi zena. Orain, dokumentazio-lana eta osteko analisi-lana dago egiteko. Gutxi gorabehera, 4.700 gorpu atera dira lurpetik, hasieran uste izandakoa baino bost bider gehiago.
Aranzadi Zientzia Elkarteak amaitutzat eman ditu ‘Begoñako Argia’ proiektuko landa-lanak, Begoñako hilerrian egindakoak (Bilboko Udalak lagundu ditu diruz), behin gorpuak lurpetik ateratzeko lanak amaiturik.
Aldi honi amaiera emateko, eta atzenengo gorpua lurpetik atera ostean, gaur eguerdian ekitaldi soil eta sinboliko bat egin da hilerrian bertan, eta itzali egin da "Begoñako Argia", iziotuta egon dena gorpuak lurpetik atera bitartean, iazko urrian hasirik lanok.
Argia amatatu egin da Aranzadiren taldeko bi kidek aurreskua dantzatu eta ondoren lore-eskaintza egin ostean, eta gero ahots-laukote batek ‘Agur Jaunak’ abestu ostean.
Ekitaldian izan dira Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzia, Yolanda Díez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzia, Juantxo Agirre Aranzadi zientzia elkarteko idazkari nagusia, Anartz Ormaza "Begoñako Argia" proiektuaren koordinatzailea, eta Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo eta antropologoak, joandako hilabeteotan proiektuan lanean jardun direnak. Begoñan izan dira, halaber, hainbat entitate eta erakundetako laguntzaileak eta hilerrian hurbilekoak edo maiteak ehortzita izan dituzten zenbait familiaren ordezkariak ere.
Guztira, 4.700 gorpu atera dira lurpetik, gutxi gorabehera, hasieran uste izandakoa baino bost bider gehiago ia. Orain, ondorengo dokumentazio- eta analisi-lanak daude egiteko.