Bilbon, Begoñako hilerrian, topatu dute Euskadin aurkitu den Gerra Zibileko hobi komun handiena

Antropologia, Arkeologia / Auzitegiko antropologia

Asteazkena, 2022eko martxoaren 30a — CEST

Irakurketa: 6 minutu

• Hilobiak lau atal dauzka, bata bestearen ondoan, eta 46 pertsonaren gorpuzkiak daude, gehienak Errepublikako soldaduak (gudariak nahiz milizianoak).
• Material ugari aurkitu da gorpuen ondoan: txanponak, botak, munizioa, objektu pertsonalak (orraziak, txiskeroak, labanak, botoiak, …). Gerrikoen belarriek eta txapek argi erakusten dute 46 pertsona horietatik gutxienez 42 Errepublikako gudariak eta milizianoak zirela.
• Jakina zen Begoñako hilerrian Gerra Zibilean hildako pertsonak lurperatuta zeudela, gehienak banaka, baina ez zegoen hilobi komun honi buruzko dokumentaziorik.
• Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bidez, ADN probak egingo zaizkie agertzen diren gorpuzki guztiei, eta Begoñako hilerrian ehortzitako gerrako biktimen senideen ADNarekin alderatuko dira.
• “Begoñako Argia” memoria historikoaren arloko ikerkuntzako, zabalkuntzako eta formazio zientifikoko proiektu bat da, Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatua eta Bilboko Udalak diruz lagundua. Hainbat unibertsitaterekin elkarlanean ari da gauzatzen, hala nola UPV/EHUrekin.

‘Begoñako Argia’ proiektua Aranzadi Zientzia Elkarteak darama aurrera, Bilboko Udalak diruz lagunduta, eta iragan urrian jarri zen abian. Harrezkeroztik, Aranzadi elkartearen taldeak eta Begoñako hilerrian finkatutako praktikaldietako campusean parte hartzen ari diren ikasle gazteek 2.200 pertsona baino gehiagoren gorpuzkiak desobiratu dituzte.

Lan horien eta aurretiazko dokumentazioaren ondorioz, bagenekien Gerra Zibilean hildako hainbat pertsonaren hondarrak zeudela Begoñan: batzuk desobiratuta zeuden dagoeneko, bai Begoñako Argia proiektuan, bai lehenago. Gehienak banaka lurperatuta zeuden, eta guztiek zeukaten dokumentazioa hilerriko erregistroan.

Aitzitik, azken asteetan, Aranzadi Zientzia Elkarteak orduko hilobi handi bat aurkitu du, ezaguna ez zena, ez baitzegoen hari buruzko dokumentaziorik. Fosa hori lau zatitan banatuta dago eta 46 hildako eta hainbat objektu aurkitu dira. Horrenbestez, Euskadin gaur arte aurkitu den Gerra Zibileko hobi komunik handiena da.

Aurkikuntza honen eta bere ondorioen berri eman dute gaur goizean Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Beatriz Artolazabal Berdintasuneko, Justiziako eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendari nagusiak.

DOKUMENTATUTAKO LURPERATZEAK, DESOBIRATZEEN KRONOLOGIA

Dagoen dokumentazioaren arabera, Gerra Zibilean hildako 55 pertsona, gutxienez, lurperatu ziren Begoñako hilerrian. Eta, hilerriko erregistroan dagoen informazioa kontuan izanik, lurperatutako pertsona gehienak gerrako frontean egon ziren soldadu gazteak, Bilbok jasandako bonbardatzeen biktimak, eta exekuzio batzuen biktimak dira. Lau gorpu dituen hobi komun bat ere aipatzen da.

Hildako horietatik bederatzi euren familiek aurreko urteetan desobiratu eta beste hilerri batzuetara eraman zituzten. Bederatzi horietatik hiru borrokalariak ziren, lau bonbardatzeen biktimak, eta bi Errepublikak exekutatutakoak.

Beraz, ‘Begoñako Argia’ proiektuaren hasieran, 46 hildako zeudela bagenekien. Beste zazpi daude: hilerriaren erregistroan ez dira agertzen, baina bai Gerra Zibilak Euskadin eragin zituen hildakoen datu-basean, zeina Gogora-k erabiltzen baitu.

Gerra Zibileko hildakoen gorpuzkiak hilerriko zenbait tokitan ehortzi ziren, batzuk panteoietan, baina gehienak lurreko hilobietan. Gehienak, Santa Teresa zonan.

‘Begoñako Argia’ proiektuaren barruan, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Gerra Zibilean dokumentatutako hildakoen gorpuzkiak Begoñako hilerritik ateratzeko lanak hasi ziren 2021eko abenduaren 4an. Lehenbiziko esku-hartze horretan, hamalau gorpu atera ziren: Bilboko bonbardaketetan hildako bost pertsona, eta frontean edo ospitale militarretan gerrako zaurien eraginez hil ziren bederatzi gudari eta miliziano. Lanak ikusten Fenanda Laera egon zen, Fernando Laeraren alaba. Fernando Gerra Zibilean hil zen eta Begoñan lurperatu zuten, Gogora-ren dokumentazioaren arabera. Halere, ez da hilerriko erregistroan ageri.

2022ko urtarrilaren 29an, Santa Teresako bigarren zona batean gorpuak ateratzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Egun hartan beste lau pertsonaren gorpuak atera ziren: hiru gudari eta bonbardaketan hildako pertsona bat. Lau pertsona horietako bat Tomás Rubín Marín zen. Haren semea, Ángel Rubín eta beste senide batzuk desobiratzean egon ziren.

Aurtengo martxoan, Aranzadiko lantaldea Santa Teresako azken zonara iritsi da. Bertan Gerra Zibilean hildako pertsonak banan-banan lurperatuta daude. Gainera, hilerriko erregistroaren arabera, hilobi komun txiki bat dago, lau gorpurekin.

Leku horretan banaka lurperatutako hamabi pertsona desobiratu dira: bost soldadu errepublikazale, frontean egondakoak; matxinatuen fronteko errekete bat, bonbardaketa batean hildako bi pertsona (ama-alaba bi), eta Bilbo tropa frankisten mende erori zenean zartatu gabe geratu zen obus baten leherketan hil ziren hiru pertsona. Desobiratze lanetan Martín Faboren iloba egon da: Martín gudaria zen eta 23 urte zituela hil zen gerran. José Luis Arriolaren ilobak ere bertan egon ziren. José Luis 26 urte zituela hil zen, 10 eta 11 urteko 3 umerekin batera, Begoñan obus bat lehertu zenean, 1937ko ekainean, matxinatuek Bilbo hartu eta egun batzuetara.

EUSKADIN GAUR ARTE AURKITU DEN GERRA ZIBILEKO HOBI KOMUNIK HANDIENA DA

Hala eta guztiz ere, banako ehorzketez gain, Santa Teresako eremu horretan hilobi komun handi bat dago, inongo dokumentaziotan aipatzen ez dena. Lau ataletan banatuta dago: lehenengoan bi gorpu daude, bigarrenean beste bi, hirugarrenean 17, eta laugarrenean 25. Guztira, 46 gorpu.

Hilobiko lehenengo bi ataletan lau pertsona daude lurperatuta. Ahoz gora zeuden, eta gutxienez batek exekutatua izanaren zantzuak zeuzkan (bala-zuloa garezurrean eta eskuak bizkarrean lotuta). Lau pertsona horiek hilerriko erregistroaren arabera hilobi komun batean lurperatuta dauden lau pertsonetatik hiru izan litezke. Laugarrena ez da erregistroan ageri, baina hilarria zeukan leku horretantxe. Dauzkagun dokumentuetako datuen arabera, gutxienez bi matxinatutako bandokoak izango lirateke, eta ziurrenik errepublikazaleek exekutatu zituzten, frankistek Bilbo hartu baino egun batzuk lehenago.

Hilobiko 3. eta 4. atalek 17 eta 25 gorpu dauzkate, hurrenez hurren. Eta, desobiratzeetan aurkitu den materialak erakusten duenez, guztiak Errepublikako soldaduenak dira (bai gudariak, bai milizianoak). Hirugarren atalean, berriz, gorpu guztiak ahuspez daude, eta laugarrenean, batzuk ahuspez eta besteak ahoz gora.

Material asko dago gorpuen alboan: txanponak, objektu pertsonalak (txiskeroak, arkatzak, orraziak, labanak, botoiak, …), botak, munizio asko, soldaduen txapak eta gerriko-belarriren bat.

Desobiratze lanak amaitu barik daude. Oraindik Errepublikako zazpi gudari eta miliziano daude lurpetik ateratzeko Santa Teresako zonan, eta matxinatuetako bi Santa Luziako zonan. Datozen asteetan, haiek lurpetik aterako dira.

Gogora Institutuaren bidez, ADN probak egingo zaizkie agertzen diren gorpuzki guztiei, eta Begoñako hilerrian ehortzitako gerrako biktimen senideen ADNarekin alderatuko dira.

‘BEGOÑAKO ARGIA’

“Begoñako Argia” memoria historikoaren arloko ikerkuntzako, zabalkuntzako eta formazio zientifikoko proiektu bat da, Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatua eta Bilboko Udalak diruz lagundua.

Haren barruan, unibertsitate-praktiketako campus bat antolatu da, historiaren, ondarearen eta antropologiaren arloetako ikerkuntzaren ingurukoa; proiektuan, zenbait unibertsitate-zentro eta entitate zientifiko integratu dira, batez ere Bilbon eta inguruetan kokatutako unibertsitateak (besteak beste Euskal Herriko Unibertsitatea, UNED…), baita Estatuko beste leku batzuetakoak ere (Granadako Unibertsitatea, Madrilgo Complutense Unibertsitatea, Santiago de Compostelako Unibertsitatea….).

Indusketa/desobiratze prozesuan sartzen dira:

- Indusketa mekanikoa edo eskuzkoa eta hezur-hondarren dokumentazio arkeologikoa (aire zabalean).

- Hondakin materialak garbitzea, analizatzea, sailkatzea eta tratatzea.

Eta, hori guztia, berreskuratzeko, ikertzeko eta zabalkunde zientifikoa egiteko prozesu baten barruan, betiere leku horri eta Bilboko memoria historikoari zor zaien sentsibilitate sozialarekiko begirunez.