Aranzadin berdintasunaren aldeko neurriak ezartzeko beste urrats bat
Aranzadi
Astelehena, 2022eko abenduaren 5a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Azken hilabeteetan Berdintasun batzordearen lanek ez dute etenik izan. Apirilaren 5ean hitzaldi bat eskaini zen Aranzadiko partaide guztientzat. Bertan Kalakako profesionalen laguntza izan genuen eta lantaldearen ibilbidea eta ordura arte egindako lanak azaltzeko probestu zen. Partaide andana izan zen hitzaldian, zehazki 45 pertsona (31 aurrez aurre eta 14 telematikoki).
Diagnostikoak gure erakundearen egoerari buruz esan zuenak zenbait erreakzio sortu zituen gugan. Harridura, tristura, poza ere zenbaitetan. Baina errealitate horretatik abiatuta eta ahulezia guztiak gainditzeko asmoarekin jardungo dugu.
Orain hausnarketa garai betean gaude, izan ere, behin dokumentu guztiak langileei banatuta, denbora bat izango baitute dokumentuak bere egin eta edozein iradokizun Berdintasun Batzordera helarazteko. Garai bereziki garrantzitsua da Aranzadiren oinarrizko dokumentuak izango baitira etorkizunean, ahaztu gabe, dokumentu biziak eta moldagarriak izango direla.
Era berean, beharrezko jotzen da Aranzadiren formazioa berdintasun gaietan, eta hori bideratzeko kideen artean galdetu da zein formazio saio lehenesten dituzten. Inkesten informazioa bildutakoan formazio saioak antolatuko dira.
Ekintza horiez gain, hileroko bilerak, Jazarpen protokoloko oinarrizko beharrak lortzeko pausuak, hausnarketa pertsonal eta kolektiboak egiten jarraitzen du Berdintasun Batzordeak.