Burdin Aroko perinatal baten gorpuzkiak azalaratu dira Irulegiko herrixka aurkitu berrian
Ostirala, 2020eko uztailaren 10a — CEST
Irakurketa: 4 minutu
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologiako talde bat Irulegin, Aranguren ibarrean, ari da lanean uztaileko lehen bi asteotan. Indusketaren zuzendariaren, Mattin Ayestaranen, hitzetan, lan horien helburua garai prerromatar horretako eguneroko bizitzarekin eta populazioarekin lotutako xehetasunak ezagutzea da. Horren aurretik, eta bi urtez, teknika geofisikoak aplikatu dira lurpean ezkutuan dauden eraikuntzen egiturak ezagutzeko asmoz. Prospekzio horiek eta in situ hartutako lagin arkeologiko horiek baieztatu dute Irulegiko gazteluaren alboan Burdin Aroko herrixka baskoi bat zegoela.
Indusketa-lan horietan, Burdin Aroko bizitoki-egitura baten aztarnak, harrizko eta adobezko hormak, zeramikazko ontziak, harrizko errotak edo garai hartan (K.a. VIII-I. mendeak) kontsumitzen zituzten animalien aztarna batzuk dokumentatu dituzte. Hiriko bilbearen plangintzak herrixka bateko eraikuntza ugariak erakusten ditu. Horri guztiari eta barruan topatutako aztarnen egoera bikainari esker, kontzentratutako eta gotortutako habitat mota horietan bizi ziren gizarteak sakon aztertu ahal izateko aukera sortu da.
Gorpuzkiak
Arkeologia-taldeko zuzendarientzat bereziki deigarria izan da banako perinatal baten gorpuzkiak aurkeztu izana (jaio baino zertxobait lehenago hil zen neska edo mutila, 36 aste inguruko haurdunaldia). Etxe baten barrualdeko zoruan lurperatu zuten, eta haien sinesmenen arabera, babeseko tokia, leku sakratua eta aldi berean pribatua litzateke; izan ere, ez zukeen komunitateko gainerako kideekin egin ohi zuten moduan nekropoli batean erraustu ahal izateko adina bete. Ehorzketa berezi horretako hezur-aztarnak Francisco Etxeberria doktorea eta Lourdes Herrazti Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak ari dira ikertzen.
Gainera, harresietan lagin arkeologikoak egin dituzte eta honela dokumentatuta daude: 6 metroko zabalera zuten harresiak. Informazio hori guztia aztertu ondoren, Aranzadiko arkeologia-taldeak uste du gotortutako herrixka (hauek barne: herrigunea, nekazaritzarako/abeltzaintzarako barrutiak, harresiak eta abar) hark 10 hektarea inguruko gehieneko hedadura izan zezakeela eta dimentsio handiko defentsa artifizialekin modu sendoan babestuta egon zitekeela.
Aztarnategi prerromatarra
Erromanizazioak eragin zituen prozesu gatazkatsuak eta ezegonkortasuna ulertzeko beste funtsezko elementu bat da herrixkaren zati bat nahita suntsitu zutela erakusten duen ustezko ebidentzia; izan ere, bizitoki-eraikinaren barruan, seguru asko nahita piztutako suaren aztarnak aurkitu dituzte.
Horrek guztiak agerian uzten du Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia dela, eta arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da Iruñeko arroko bilakaera historikoa ezagutzeko. Era berean, laborategirako laginak bildu dituzte eta duela 2700 urteko herrixka hartatik gertu zegoen ingurumena, inguru hartan gertatutako aldaketak eta bertako biztanleek utzi zituzten aztarnak ezagutzea ahalbidetuko dute.
Aztarnategiko zuzendariaren hitzetan, “Irulegiko hedapena eta hiri-garapena garrantzitsuak dira Pirinio aurreko arroetako Nafarroako kokaleku-ereduak ulertu ahal izateko. Izan ere, itxuraz, gainera, Ebro bailararen eta mendi-ingurunearen arteko lotura ziren”.
Aranguren Ibarreko Udalak, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, 2007. urtetik bultzatu ditu lan arkeologikoak eremu hartan. Urte hauetan guztietan, Erdi Arokoa den Irulegiko gaztelua (K.o. XI-XV. mendeak) induskatu eta museo bihurtu dute. Oraingoan, Udalak oraintsuko historiaurreko aztarnategi horretako lan arkeologikoak babestu ditu. Manolo Romero alkateak gogorarazi duenez, “Irulegi gure iragana nola ikertu eta museo nola bihurtu erakusteko eredu bihurtu da. Gaur egun, gaztelua ehunka lagunek bisitatzen dute; batez ere asteburuetan bertara joaten diren familia-taldeek. Orain, aurkikuntza esanguratsu hauei esker, Aranguren Ibarra berriro ere bihurtuko da Iruñeko Arroko aisialdi berde eta kulturaleko erreferente nagusietako bat”.
Aztarnategia, gainera, Burdin Aroari buruzko eta EHUk finantzatutako doktorego-tesi baten azterketarako kasua da Burgoseko Unibertsitateko eta CENIEHreko (Gizakiaren Bilakaerari buruzko Ikerketarako Zentro Nazionala) ikerlarien laguntzarekin.