Chillida Lekuk eta Aranzadi Zientzia Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute balio naturalari balioa emango dioten jarduerak sustatzeko asmoz
Aranzadi
Ostirala, 2020eko abenduaren 18a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Hitzarmena abenduaren 20tik aurrera egongo da indarrean. Urtebeteko iraupena izango du, aurkakoa erabakitzen denean izan ezik, eta automatikoki luzatuko da aldi berdinen arabera.
Akordioa hiru esparru espezifikotan oinarrituta dago: Chillida Lekuko ondare naturalaren, zuhaiztiaren, faunaren eta sistema autoktonoen gaineko aholkularitza teknikoa, ingurumenaren sentsibilizazioa eta planetaren zaintza helburutzat dituzten dibulgazioko jardueren sustapena; eta zientzia arloko ikerlarien arteko fluxua eta elkarlana, edo bi erakundeen artean partaidetutako zientziaren didaktika bultzatzea.
Aranzadiko presidenteak, Jokin Otamendik, hitzarmena sinatzeko garaian aipatu zuenez, "Aranzadik naturaltzat jo genuen akordioa da hau; izan ere, gure sustraiak ditu hizpide".
"Chillida Leku osatzen dugunok atsegin handiz eman nahi dugu Euskadiko zientzia-komunitatean erreferentea den Aranzadirekin adostutako akordio honen berri. Horren bidez, elkartearekin ditugun harremanak sendotzen eta eratzen jarraituko dugu, artea eta natura uztartzen dituen eta Eduardo Chillidaren ondarea gordetzen duen gune hau partekatuz. Izan ere, ez dugu ahaztu behar Chillidaren obraren oinarri nagusietako bat zela motibazio etiko eta sozial sendoa", adierazi zuen Chillida Lekuko zuzendariak, Mireia Massaguék.
Eduardo Chillida eta Aranzadi
Eduardo Chillidaren eta Aranzadiren arteko harremana oso berezia izan da; izan ere, eskultorea zientzia-elkarte horretako presidentea izan zen 1963 eta 1967 artean, eta bazkide 1961etik 2002an hil zen arte.
Presidente izan zen urte haietan, Aranzadiren historian mugarri bihurtu ziren gaien inguruko erabakiak hartu zituzten: Altxerriko labar-pinturen aurkikuntzaren kudeaketa, esate baterako (Europako zaharrenetako bat). Bere agintaldian, gainera, San Telmo museoan zegoen Historiaurrearen aretoa berritzea bultzatu zuten. Areto horretan ikusgai zeuden Troskaetan (Ataun) topatutako leize-hartz ospetsuak eta Axtrokiko urrezko katiluak, gaur egun Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionaleko erakusketa batean daudenak.
Baina, zalantzarik gabe, Otamendik aipatu zuen moduan, "Eduardo Chillidak Aranzadi elkartearen marka-irudian iraultza eragin zuen, haren logotipoa sortuta. Sortu zenetik ez du aldaketarik izan ikurrak eta aranzadiar guztiontzat Aranzadiren misioa irudi bakarrean bateratzen du".
Diseinua prestatzeko, historiaurreko menhir baten moduan eraikitako Jaizkibeleko monolito batean topatutako grabatua erabili zuen inspirazio gisa.
Urte haietan guztietan, Chillida presidente zuen zuzendaritza-batzordeak gure lurraldean oso ospetsuak izan diren ikerlariak biltzen zituen: Jesus Altuna, Jose Maria Merino, Ignacio Barandiaran, Fermin Leizaola, Gonzalo Vega de Seoane, Ignacio Ameztoy eta Tomas de Atauri, besteak beste.