Diktaduraren biktimek eta haien senitartekoek jaso dute aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina

Aranzadi

Larunbata, 2017eko abenduaren 16a — CEST

Irakurketa: 2 minutu



Entrega-ekitaldia abendiaren 15ean egin zen foru jauregian, non Aranzadiren izenean Paco Etxeberria antropologoak memoria lantzearen garrantzia azpimarratu zuen: “Demokrazia eraikitzen du memoriak, eta demokraziari eskatzen dio. Memoria ez da bakearen etsaia, aliatua baizik, eta demokraziaren funtsezko elementua”. Ondoren, ikus-entzunezko ikuskizuna proiektatu zen. Frankismoaren biktima izandako pertsonen 250 senitarteko baino gehiago bertaratu ziren ekitaldian, eta baita errepresioa jasan eta bizirik irten zuten 17 lagun ere.

Diputatu nagusiaren hitzaldiak eta Urrezko Dominaren eskaintza izan ziren ekitaldiaren unerik garrantzitsuenak. Olanok nabarmendu zuenez, historia garaileek idazten dute, eta hala izan da frankismoaren kasuan. “Baina historia denona da, eta irudi osoa osatu behar dugu: galtzaileena, emakumeena, jazarriena, erbesteratuena, isilarazitakoena… gure herriaren historia osoa, eta denek izan behar dute bertan tokia”, azaldu zuen. Zentzu honetan, erakunde publikoen eginbeharra, lehenengo, memoria hau “ezagutu eta ezagutaraztea” dela eta, ondoren, “transmititzea, zintzo transmititzea” dela nabarmendu zuen.

Frankismoaren biktimena kolektibo zabala dela, eta denei eskaini zitzaien 2017ko Gipuzkoako Urrezko Domina: bizia galdu zutenei, epaiketarik gabe exekutatu edo epaiketa sumarisimoetan fusilatu zituztenei (1.000 gipuzkoar baino gehiago exekutatu zituen frankismoak, eta beste 400 fusilatu); kartzela, erbestea, konfinamendua edo tortura pairatu zutenei; errepresio sozioekonomikoa jasan zutenei (Aldundian bakarrik, 1.051 funtzionariori eragin zien); eta eskubide sozial, zibil, politiko edo kulturalak urratu zizkietenei (emakumeak, gutxiengoak, legez kanpo jarritako alderdi politikoetako kideak, euskara…).

Memoria ariketa honen helburua belaunaldi berriek gure aitona-amonek bizitakoa ezagutzea izan zen, bai gerra eta diktadura garaian bizi izan zutena zein errepresio horrek gure herriko bizimoduan, kulturan eta hizkuntzan izan zuen eragina hausnartzea. Transmisioa honen xedea gertatutako berriro ez errepikatzea da.