Donostiako parkeetan jarritako habia-kutxen okupazioaren arrakasta

Ornitologia

Asteartea, 2020eko abenduaren 1a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Aranzadik gidatzen duen Hirilife proiektuko habia-kutxak gehien okupatu zituzten espezieak kaskabeltz handia eta amilotx urdina izan ziren. Bi hegazti mota horiek intsektu-kontsumitzaile handiak dira, beldarrak jaten dituzte batez ere; beraz, oso tresna eraginkorra dira zuhaitz- eta landare-espezie askoren izurriei aurre egiteko; pinu-beldarrei, adibidez.

Zahartze aktiboa eta herritarren zientzia

Aranzadi Zientzia Elkarteak, HIRILIFE proiektura atxikitako boluntario-taldearen bidez, hegazti intsektujaleentzako habia-kutxak jartzeko eta ondoren haiek berrikustera joateko prest dauden taldeak antolatzen ditu. Aranzadiko Ornitologia Saileko zuzendari Juan Arizagaren hitzetan, “ingurumenarekin kontzientziatuta dauden pertsonak dira, asko adinean aurreratuak, eta borondatez laguntzen diete ornitologoei ikerketa zientifikoak egiten, datu sinpleak emanez, baina datu horiek, sinpleak izateaz gain, hiriko biodibetsitateari buruz egiten ditugun proiektuetarako ezinbestekoak dira”, aipatu du .

Guztira, 30 partaide baino gehiago aritu ziren 220 habia-kutxa jartzen eta/edo haiek berrikustera joaten. Habia-kutxa batzuk Aranzadik jarri zituen zuzenean, eta beste batzuk Donostiako Udalaren bidez, pinu-beldarren kontrol biologikorako programa baten harira. Kutxak 14 parke edo lorategi-eremutan banatuta jarri genituen; hauetan: Aiete, Aitzol, Amara, Ametzagaina, Añorga, Kristina-Enea, Errondo, Zorroaga, Unibertsitateak, Polloe, Puio, Serafin Baroja, Txaparrene eta Urgull.

“2020ko udaberrian 202 kutxa berrikustera joan ginen eta ikusi genuen % 45 okupatu zituztela; arrakasta handia da hori”, baieztatu du Saileko zuzendariak. Kontuan izan behar da % 25etik gorako okupazio-tasak oso ontzat hartzen direla. 91 kutxa horiek okupatu zituzten espezieak kaskabeltz handia (% 75) eta amilotx urdina (% 25) izan ziren.

Aranzadiko ikertzaileek, datuak xeheago aztertuta, ikusi zuten okupazio-probabilitatea, batez ere, kutxak 500 metroko erradioan duen habitatak baldintzatzen duela. Kutxaren gertueneko inguruneko (25 metroko erradioa) habitata islatzen duten aldagaiek, aldiz, askoz eragin txikiagoa dute. Oro har, kutxa bat okupatua izateko probabilitatea handitu egiten da, baldin eta kutxa inguratzen duen habitatean zuhaiztiak eta basoak ugariak badira. Hau da, hiri-izaera handieneko parkeetan jarritako kutxek okupatuak izateko probabilitate txikiagoa dute, seguru asko, hain urbanizatuak dauden ingurune horietan kaskabeltzak eta amilotxak ere urriagoak direlako. Ikusteko dago, hala ere, kutxa “hiritar” horiek ere okupatuko ote dituzten.



HIRILIFE proiektuaren helburu globalak hiriko biodibertsitatea ikertzea eta eremu urbanizatuetan kontserbazio-proiektuak garatzeko herritarren parte-hartzea sustatzea dira (xehetasun gehiago jakiteko, sartu hemen: www.hirilife.eus). Azken finean, populazioaren zatirik handiena hiri-eremuetan bizi da, eta beraz, hirietan, hirietako parke, lorategi eta eraikinetan batetik, hasi behar dugu ezagutarazten gure herri eta hirietan ere badagoela biodibertsitatea, eta bestetik, sustatu egin behar dugu eremu horiek basabizitzarako gero eta irekiagoak eta adeitsuagoak izatea.