Ekain kobaren aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatzeko gala berezia egingo da Victoria Eugenia Antzokian
Asteazkena, 2019eko maiatzaren 22a — CEST
Irakurketa: 4 minutu
Mende erdia igaro da Euskal Herriko (eta munduko) arkeologian eragin izugarria izan zuen aurkikuntzaz geroztik. 1969ko ekainaren 8an Azpeitiko Antxieta taldeko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekain kobazuloa eta paleolitoko labar-margo ikaragarriak aurkitu zituzten. Kobazuloan, gutxi gorabehera, 70 animalia-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia baina hartzak, oreinak, kapridoak… ere ikus daitezke bertan. Horregatik, 2008an UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen beste 17 santutegirekin batera; Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste.
Mugarri hura ospatzeko Ekain Fundazioak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ekainberrik hainbat ekitaldi antolatu dituzte maiatza eta ekainean zehar. Ekimen guzti hauek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, Donostia Kulturak eta Deba zein Zestoako Udalek babestu dituzte.
Ekainaren 7a ospakizun egun handia izango da, ekitaldi nagusia. Arratsaldeko 19:00etan Donostiako Victoria Eugenia antzokian Ekaingo kobara eramango gaituen bidaia egingo dugu, lehen gizakien bizimodu sinbolikoa oholtzara ekarriko duena. Haien ahotsa entzungo dugu Björk bezalako nazioarteko artistekin kolaboratu duen Tanya Tagaq abeslari inuitaren eztarri-kantuen bitartez. Tagaq-ek inuiten kantu tradizionalak musika elektronikoa eta rockarekin nahasten ditu, eta mundu mailan errekonozimendu handia jaso du bere nortasun berdingabeagatik. Azken glaziazioa bizi izan zuten gizakiek gaur egun Kanada iparraldean bizi diren inuiten antzeko klima jasan zuten eta Ekain bezalako kobazuloak aterpe bezala erabiltzen zituzten biziraupenerako. Tagaq-ek gainera Dantzaz konpainiarekin bat egingo du, eta tartean Donostiako Orfeoi Gaztea, Ainhoa Aierbe aktorea eta Xabier Anuntzibai margolari gaztea oholtzan jardungo dira. Gala honetan gainera leizearen deskubrimenduari buruzko dokumental laburra estreinatuko da, eta bertaratzen direnei Aranzadik espresuki argitaratuko duen liburu monografikoa banatuko zaie.
Ekitaldirako sarrerak jada salgai daude 12 eurotan Donostia Kulturaren webgunean eta leihatilan.
Ekimen ugari
Urteurrenak ataza asko ditu eta honi hasiera emateko joan den maiatzaren 10ean Debako Agirre Jauregiak erakusketa ireki zen, non lehen aldiz Ekaingo margoak erreplikatu zituzten kalko originalak erakutsi diren, kobazuloan sartu ziren lehen ikerlariek egindakoak hain zuzen ere. Erakusketa ekainaren 8ra arte doan bisitatu daiteke, asteartetik larunbatera (18:00-20:00) eta igandeetan (12:00-14:00).
Victoria Eugenia Antzokiko gala eta erakusketa borobiltzeko hainbat hitzaldi ere aurreikusi dira ekainean zehar, gaur egun ikerketa arkeologikoan diharduten zientzilariei emango baitzaie hitza. Hitzaldi zikloa Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egingo da, ondorengo parte hartzaileekin:
- Ekainak 4. 19:00. Nola aldatzen diren gauzak! Gipuzkoako Paleolitoa, 35 urteetako jarduera arkeologikoaren ondoren. Alvaro Arrizabalaga, UPV/EHU
- Ekainak 11. 19:00. Caballos digitales: nuevos descubrimientos e investigaciones en el arte parietal de la cueva de Ekain. Blanca Ochoa-Fraile, UPV/EHU
- Ekainak 20. 19:00. Goi-Azken Magdalen-aldi Azil-aldi trantsizioa Kantauriar erlaitzean. Daniel Ruiz-Gonzalez, UPV/EHU.
- Ekainak 27. 19:00. Entorno a Ekain: nuevos descubrimientos e investigaciones sobre el arte paleolítico en Euskal Herria. Diego Garate Maidagan, IIPC.
Azkenik, Ekainberrik ere ohiko jardueretan ospakizun hau txertatuko du, esaterako Nazioarteko Koben Egunean edota Ekainfest jaialdian, azken hau ekainaren 9an Zestoan ospatuko dena.
Aurkikuntza
Ekaingo haitzuloa Madeleine aroko labar-pinturengatik da ezaguna, bereziki arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa diren Zaldi-multzoen pinturengatik. Deskubrimenduaren ostean, Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurre saileko arkeologoek ondare hau ikertu eta gizarteratzeko ahaleginak egin zituzten, Jose Miguel Barandiaran eta Jesus Altunaren zuzendaritzapean. 2008an Ekaingo replika ireki zen, Ekainberri izena hartu zuena. Ikerketa arkeologikoak ez dira eten, azken urteotan deskubrimendu berriak egin baitira, batik bat teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerez baliatuz.