Ekitaldi ugari Ekain kobaren aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatzeko

Arkeologia

Osteguna, 2019eko maiatzaren 9a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Ekaingo haitzuloa Madeleine aroko labar-pinturengatik da ezaguna, bereziki arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa diren Zaldi-multzoen pinturengatik. Kobazuloan, gutxi gorabehera, 70 animalia-irudi daude; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia baina hartzak, oreinak, kapridoak… ere ikus daitezke bertan. Horregatik, 2008an UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zuen beste 17 santutegirekin batera; Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste.

1969ko ekainaren 8an Azpeitiko Antxieta taldeko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal espeleologo gazteek Ekain kobazuloa eta paleolitoko labar-margo ikaragarriak aurkitu zituzten. Handik aurrera, Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurre saileko arkeologoek ondare hau ikertu eta gizarteratzeko ahaleginak egin zituzten, Jose Miguel Barandiaran eta Jesus Altunaren zuzendaritzapean.

Ekimenak

Mende erdia igaro da Euskal Herriko (eta munduko) arkeologian eragin izugarria izan zuen aurkikuntzaz geroztik eta hura ospatzeko Ekain Fundazioak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Ekainberrik hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Ekimenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, Donostia Kulturak eta Deba zein Zestoako Udalek babestu dute.

Omenaldiari hasiera emateko Debako Agirre Jauregiak erakusketa irekiko du maiatzaren 10ean, 19:00etan, non lehen aldiz Ekaingo margoak erreplikatu zituzten kalko originalak erakutsiko dira, kobazuloan sartu ziren lehen ikerlariek egindakoak hain zuzen ere. Erakusketa hau ekainaren 8ra arte doan bisitatu daiteke, asteartetik larunbatera (18:00-20:00) eta igandeetan (12:00-14:00).

Ekainaren 7a ospakizun egun handia izango da, ekitaldi nagusia. Arratsaldeko 19:00etan Donostiako Victoria Eugenia antzokian Ekaingo kobara eramango gaituen bidaia egingo dugu, lehen gizakien bizimodu sinbolikoa oholtzara ekarriko duena. Haien ahotsa entzungo dugu Björk bezalako nazioarteko artistekin kolaboratu duen Tanya Tagaq abeslari inuitaren eztarri-kantuen bitartez. Tagaq Dantzaz konpainiarekin bat egingo du, eta tartean Orfeoi gaztea oholtzan jardungo dira. Gala honetan gainera leizearen deskubrimenduari buruzko dokumental laburra estreinatuko da, eta bertaratzen direnei liburu monografikoa banatuko zaie.

Ekitaldi nagusia eta erakusketa borobiltzeko hainbat hitzaldi ere aurreikusi dira ekainean zehar, gaur egun ikerketa arkeologikoan diharduten zientzilariei emango baitzaie hitza. Hitzaldi zikloa Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egingo da, ondorengo parte hartzaileekin:





    • Ekainak 4. 19:00. Nola aldatzen diren gauzak! Gipuzkoako Paleolitoa, 35 urteetako jarduera arkeologikoaren ondoren. Alvaro Arrizabalaga, UPV/EHU


    • Ekainak 11. 19:00. Caballos digitales: nuevos descubrimientos e investigaciones en el arte parietal de la cueva de Ekain. Blanca Ochoa-Fraile, UPV/EHU


    • Ekainak 20. 19:00. Goi-Azken Magdalen-aldi Azil-aldi trantsizioa Kantauriar erlaitzean. Daniel Ruiz-Gonzalez, UPV/EHU.


    • Ekainak 27. 19:00. Entorno a Ekain: nuevos descubrimientos e investigaciones sobre el arte paleolítico en Euskal Herria. Diego Garate Maidagan, IIPC.



Azkenik, Ekainberrik ere ohiko jardueretan ospakizun hau txertatuko du, esaterako Nazioarteko Koben Egunean edota Ekainfest jaialdian, ekainaren 9an.

PROGRAMA