Emaitza berriak Zalduako (Auritz) indusketa arkeologikoan, Pirinioetako galtzada erromatarreko ikerketaren testuinguruan
Ostirala, 2017eko uztailaren 28a — CEST
Irakurketa: 2 minutu
Hiri-izaerako aztarnategi garrantzitsua dugu honako hau eta Iter XXXIV galtzadaren Pirinioetako igarobidean dago kokatuta. Astorga-Astorica eta Bordele-Burdigala lotzen zituen galtzada horrek eta egile klasiko erromatarrek Summum Pirineum eta Iturissa kokalekuak aipatzen dituzte baskoien lurretan.
Indusketa-kanpaina
Kanpaina honetan, 280m²-ko indusketa-eremua zabaldu dugu indusketaren arduradunetako batek, Ekhine Garciak hain zuzen, defendatu berria duen geofisikako doktore-tesiaren emaitzak kontuan hartuta. Kokalekua hautatzeko, 2013 eta 2017 urteen artean eginiko prospekzio magnetikoen eta georradar bidezko prospekzioen emaitzak izan dira oinarria, emaitza horiek agerian utzi baitzituzten inguru hau zeharkatzen duen galtzadaren bi aldeetako egitura arkeologikoak. Zulatutako lagina galtzada zeharkatzeko eta bi motatako eraikuntza-egiturak barnean hartzeko moduan kokatu genuen.
Iaz, georradarraren emaitzek adierazten zuten zenbait zutabez osatutako eraikin bat bazela. Hegoaldean, beste eraikin posible bat hauteman genuen, oinplano errektangularrekoa eta barruan zenbait banaketa zituena.
Aurtengo kanpainan, mendebaldeko aldean, emaitzek adierazten dute badela zabalera handiko hormak dituen eraikin bat, 2012ko zundaketan aurkitu zen moduan. Ekialdean, laginaren barnean dago prospekzio geofisikoetan hautemandako eraikin berezietako baten barrutietako bat.
Oraingo kanpaina honetan, beraz, galtzadaren inguruko bi eraikinen oinplanoak zehaztu ditugu.
MOLA, Museum of London Archaeology museoko ildo metodologikoak aplikatu ditugu esku-hartzean. Londinium-eko arkeologia erromatarrean espezializatutako erakundea da. Lan honetarako, bost laguneko lantaldea etorri da Londrestik eta zulaketa-lanen gidaritzan parte hartu dute. Horrez gain, Aranzadiko gazte arkeologoen belaunaldi berriei prestakuntza ere eman diete. MOLA erakundeak teknologia berrietan dituen ezagutzak eskaini ditu. Teknologia horiek, gainera, Londresko City hiri-eremu konplexuan kokatutako erromatar aztarnategien kudeaketa arkeologikoan erabiliak zituzten lehendik
Azaleko geruza kendu ondoren azaldu ziren lehen aztarnak, bai galtzadarenak, bai eta sistema geofisikoen bidez hautemandako eraikinen horma-egiturenak ere. Honako material hauek azaldu ziren batez ere: eraikuntzako materialen hondakinak (adreiluak, lauzak eta mortero-hondarrak), egurrezko egiturak erabili zituztela iradokitzen duten iltze ugari eta askotariko zeramika-hondakinak. Beirazko zati ugari ere azaldu ziren, seguru asko, ontzi txikienak.
Hiri-izaerako kokaleku garrantzitsu bat ikusi genuen ondoren Ibañeta muino historikoaren oinean, baskoien lurretan, eta iturri erromatarrek bi populazio gune seinalatzen dituzte hor: Iturissa eta Summum Pirineum.