Emaitza berriak Zalduako (Auritz) indusketa arkeologikoan, Pirinioetako galtzada erromatarreko ikerketaren testuinguruan

Arkeologia

Ostirala, 2018eko uztailaren 27a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Kokapen gune garrantzitsu honek Pirinioak zeharkatzen zituen Astorga- Astorica eta Bourdeaux-Burdigala lotzen zituelarik, Iter XXXIV izena zuen. Autore erromatar klasikoek Summum Pirineum eta Iturissa aipatzen zuten baskoien herrialdeetan. Gerora Donejakue bidea bihurtuko dena.

Gaur Pretsaurrekoan aurkeztu dira kanpaina arkeologikoan aurkitutako material guztiak. Aurkezpenean egon dira Luis Potestad, Auritz Burgueteko alkatea, Juantxo Agirre eta Julian Hill aztarnategiko zuzendariak.

2018.urteko kanpaina honetan mendebaldeko eraikina industen jarraitu da, bi mendeetan zehar erabilia izan dela egiaztatu delarik. Lehengo urtean arkeologoek konturatu ziren eraikinak zuen potentzial arkeologikoaz geofisikako miaketak egin ondoren. Bertan ikusi zute eraikuntzaren planta handia zela eta erabilitako eraikuntza teknikak bereziak zirela.

Aurkitutako materialen artean nabarmendu behar dira: brontzezko dado bat, erromatar garaiko zeramika mota ezberdinak, argi-zuloak, jokatzeko hezur eta harrizko fitxa ezberdinak. Material guztia k.o. I.mendetik IV.mende erdi artekoak dira.

Aurten ireki duten indusketa gunea 5 x 2,5 metrokoa izan da eta helburua iparralderuntz erikinean bertan dagoen gela bat industea izan da.

Aurten ere MOLA, Museum of London Archaeology museoko ildo metodologikoak aplikatu ditugu esku-hartzean. Londinium-eko arkeologia erromatarrean espezializatutako erakundea da. Lan honetarako, bost laguneko lantaldea etorri da Londrestik eta zulaketa-lanen gidaritzan parte hartu dute. Horrez gain, Aranzadiko gazte arkeologoen belaunaldi berriei prestakuntza ere eman diete. MOLA erakundeak teknologia berrietan dituen ezagutzak eskaini ditu. Teknologia horiek, gainera, Londresko City hiri-eremu konplexuan kokatutako erromatar aztarnategien kudeaketa arkeologikoan erabiliak zituzten lehendik.