Errenteriako Udalak eta Aranzadi Elkarteak Añarbeko flora fungikoaren azterketa berri bat egingo dute

Mikologia

Asteartea, 2022eko uztailaren 5a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Añarberen egungo egoeratik abiatuz, bere etorkizuna hobetu eta ezagutzeko, ezinbestekoa da bertako onddoen aberastasuna ezagutzea eta bizidun hauen bizi baldintzak nolakoak diren jakitea. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Sailak eta Errenteriko Udalak, 2007. urtean Añarbeko onddoei buruz egindako ikerketari jarraipena eman nahi zaio. Ikerketa horretan 219 espezie katalogatu ziren; horietatik 77 espezie Gipuzkoan aipatu gabekoak, 11 espezie EAEen bildu gabekoak eta Iberiar Penintsulako onddo mehatxatuen Zerrenda Gorriko 4 espezie.

Ikerketa berri honetarako lanek 2022ko udaberria-udan hasi eta urte bukaera arte iraungo dute eta Añarbeko mikofloraren ezagutza handitzen lagunduko du: bertan bizi diren espezieak kontuan hartuta, datu berriak lortuko dira eta Euskadiko mikologiaren geografia gehiago ezagutzen lagunduko du. Kontserbazioaren aldetik, Añarben dauden onddo espezie bioindikatzaileen zein mehatxatuen jarraipena burutuko da. Izan ere, azterketa honek, Añarbeko erreserbaren etorkizunari begira, habitaten eta espezieen arteko gaur egungo egoera zein den aztertzea eta egingo diren kontserbazio lanentzako datu aberasgarriak lortzea du helburu.

Proiektuaren helburu orokorrak honakoak dira:

Bai Añarbeko habitat garrantzitsuetako zein bertako landare baskularretako onddo makromizeto, mikromizeto eta onddo likenizatuak aztertu eta katalogatzea.

Kontserbazioaren ikuspuntutik espezie indikatzaileak eta mehatxatuak aztertzea, ebaluatzea eta jarraipena ematea, Europako espezie mehatxatuen zerrenda gorriarekin kontrastatuz.

Añarbeko basoa

Aiako Harriko Parke Naturalaren barnean (Natura 2000 Sarea) dagoen 1.000 hektareako lur-eremu zabala da, Donostian eta Errenteriako lurretan kokatutakoa. 2009an Añarbe Erreserba-eremu gisa aitortzeko eskaera egin zuten bere bi jabeek, bertako lur-eremu guztiak babesteko asmoz. Gipuzkoa eta Bizkaian aurkitzen diren pagadi-harizti baso handienak osatzen ditu erreserbak, eta EAEn hoberen kontserbatu diren bertako basoetako bat da.

Bestalde, basoek urte askotan eduki dituzten hainbat erabileraz gain, Añarbeko erreserba egoera onean mantendu da azken urteetan. Basoa bere kabuz eraldatzen joan da, nahiz eta oraindik baso gazte bat izan.

Aipatutako habitat garrantzitsu hauek edukita, ezinezkoa litzateke bertako bioaniztasunaz ez hitzegitea. Izan ere, milaka bizidunen gotorlekua osatzen duen ingurune naturala da, horien artean, onddoen erresuma izanik bizitzarako garrantzia handiena duena.

Baso ekosistemak osasuntsu eta martxan mantentzen dituzten izaki bizidunak dira. Baso, zein landare baskularrei hazten, elikagaiak erraz lortzen, ura eskuratzen eta gaixotasunei aurre egiten laguntzen diete. Bestalde ekosistemetako materia organikoa birziklatu eta erregulatzeaz arduratzen dira. Naturako kate-trofikoaren zati handiena osatzen dute.

Bilatzaile mikologikoa

Bilatzaile honen bidez espezieak identifikatzen lagunduko dizugu.

Azken gehitzeak Bilatzailera joan Argazki galeria