Artikulu tematikoa
Onddoak gure parke eta lorategietan? Biodibertsitatea balkoiaren azpian
Hiriko eta hiri-inguruko lorategi-eremuak: aniztasun mikologikoko altxorra
Lorategi-eremu urbanoek eta hiri-ingurukoek abantaila asko dituzte espezie mikologikoen barietatea aurkitzeaz ari bagara. Zuhaitz- eta zuhaixka-espezie ugari dituzte (autoktonoak eta aloktonoak), substratu desberdinak (zur-azala, lurra, harea, zohikatza, etab.), aldizka ureztatzen dira eta, hori gutxi balitz, etxetik oso gertu izaten ditugu (“balkoairen azpian”). Egia da eragozpenak ere badituztela.
Ingurune horietan, industria-jatorriko kutsadura dago, gizakien eta animalien jarduerarena, eta, askotan, mantentze-lanik eza edo erabilera desegokiak. Hizpide dugun parkea edo lorategia gure edozein herri edo hiritan aurki ditzakegun hainbatetako bat da. Orain arte aipatu ditugun baldintza guztiak betetzen ditu: zuhaitz eta zuhaixka espezie ugari, hezetasun etengabea, substratu desberdinak, etb.
Hernaniko "Nere Borda" lorategi botanikoa, jatorrian, jabetza partikular baten zati zen. Udalak duela bi hamarkada baino gehiago erosi zuen, eta komunitatearen erabilera eta gozamenerako egokitu zuen. 5.685 m2 ditu eta 4 eremutan banatuta dago: lorategi ingelesa (A), basoa (B), lorategi klasikoa (C) eta lorategi esperimentala (D).
Bertako eta munduko 52 zuhaitz eta landare mota ditu. Horien artean, nabarmentzekoak dira 25 metrotik gorako intsignis pinu bikain bat, zumar hostozabal pendula bat eta indimitreak, baina badira izeiak, zedroak, altzifreak, haginak, xarma arruntak, pagoak, astigarrak, magnoliak, hurritzak, gereziondoak, aranondoak, ezpelak, ipuru harrestariak, erramuak, mizpirondo japoniarrak, jukak, palmondoak, eta abar ere. Latsunbe-berri kaleak eta Eduardo Chillida pasealekuak bat egiten duten, Ertzaintzaren komisariaren ondoan eta Ave María eta Atarrabiyo parkeetatik oso gertu tokian dago.
Lorategian aurki ditzakegun aipaturiko 52 landare espezie ingururen estaldurari esker, onddo, liken eta perretxiko likeniko ugari aurki daiteke. Aipatuko ditugun perretxiko gehienak onddo mikorrizikoak, grekotik mycos (onddoa) eta rhizos (erroa) dira, hau da, sinbiosi bat osatzen dute landare-espezieren batekin. Horregatik dira hain garrantzitsuak ingurune horiek espezie mikologiko ugari aurkitzeko.
Eta kasu honetan, makromizeto-onddoei buruz hitz egingo dugu (> 1 mm), perretxiko gisa ezagunagoak direnak. Beraz, alde batera utziko ditugu onddo gehienak (< 1 mm); izan ere, txikiak direnez, behatzeko entrenamendu eta tresna bereziak behar dituzte.
Prospekzioak zenbait urtez eta urte sasoi desberdinetan egin ziren. Jarrain aurkitutako 60 espezieetako batzuk ikusiko ditugu. Horien zerrenda osoa estekan honetan kontsulta daiteke. Gorriz nabarmentzen direnak Euskadiko galtzeko arriskuan dauden onddoen behin-behineko Zerrenda Gorrian daude.
Zorionez, gaur egun gure herrietan askoz lorategi-eremuak gehiago daude. Hona hemen 65 horietako batzuk (gehienak titulartasun publikokoak):
- Monterron jauregiko lorategia, Arrasaten
- Iturrarango lorategi botanikoa, Aian
- Loiolako basilikako lorategia, Azpeitian
- Errekalde jauregiko lorategia, Untzeta jauregiko lorategia eta Usondo lorategia, Bergaran
- Chillida Leku, Ave María etxeko lorategia, Nere Borda parkea-botanikoa, Hernanin
- Aiete parkea, Alderdieder lorategiak, Ametzagaina parkea, Miramon parkea, Castilblanco-Serafín Baroja parkea eta Puio parkea, Donostian
- Pilar enea etxeko lorategia, Txomenarene etxeko lorategia, Idiazabalen
- Mendibil parkea, Irunen
- Elosegi parkea, Igarondoko zumardia eta Zabalarreta parkea Tolosan
- San Martín zelaia, Oñatin.
- Munda etxeko parkea, Zarautzen
Hiriko edo hiri-inguruko lorategi horietan beste bizidun asko aurki ditzakegu, anfibioak, ugaztun txikiak eta hegaztiak.
Amaitzeko, garrantzitsua da bi puntutan gelditzea:
Alde batetik, publiko orokorrarentzat garrantzitsua da gure ingurua behatzen ikastea, inguratzen gaituena estimatzera eta zaintzera eramango gaituelako. Eta, bestetik, udalek ere zeregin garrantzitsua dute, ingurune horiek alde batera ez uztea. Horrela, komunitateak haietaz gozatu ahal izango du, biodibertsitateari eta bere lurraldeko kutsaduraren kontrolari lagunduko diote, eta diru-iturri izan daitezke leku lasaiak, ederrak eta natura-interesekoak maite dituzten kanpotarren etorreragatik.
5.685 m2-ko parke txiki baten bidez egindako erakusketa apal honek (futbol-zelai bat baino dezente txikiagoa dena), gure “balkoiaren azpian” daukagunari balioa eman eta horretaz gozatzera animatu nahi izan du.
Bilatzaile mikologikoa
Bilatzaile honen bidez espezieak identifikatzen lagunduko dizugu.
Azken gehitzeak Bilatzailera joan Argazki galeriaBibliografia:
Larrañaga Urain, Ignacio Javier: Jardines y parques de Gipuzkoa. Historia, trazado y estilo. Gipuzkoako Foru Aldundia, Dpto. de cultura, cooperación, juventud y deportes, 2019.
Donostiako udala / Cristina Enea Fundazioa: Donostiako Berdea. Parke eta lorategien gidaliburua, 2021.