Aranzadiko mikologoek erakusketa mikologiko batekin eta Gipuzkoako fungi katalogo digitalaren aurkezpenarekin ospatuko dituzte 50. Jardunaldiak

Mikologia / 50 Mikologia Jardunaldiak, Espezieen identifikazioa

Astelehena, 2025eko urriaren 20a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 4 minutu

Aranzadin onddoen erresuma ikertzen dutenek ospakizunetan daude, euren 50. jardunaldi mikologikoen urteurrena delarik.

Aurtengoa berezia da gure mendietako erresuma fungia ikertzen hamarkadak daramatzaten mikologoentzat. Urte hauetan guztietan, gainera, Osakidetzarekin elkarlanean aritu dira, perretxikoen toxikotasuna identifikatuz.

Mikologia departamentuko kideek urriaren 20tik 31era bitartean ospatuko dituzte jardunaldiak, hitzaldi, txango, argazki erakusketa bat eta Gipuzkoako fungi katalogo digitalaren martxan jartzen.

Gipuzkoako ondare aniztasunaren katalogo digitala

Gipuzkoako onddo espezie gehienak modu errazean ezagutzeko eta identifikatzeko tresna da. Mikologo espezialisten borondatezko lan altruistari esker elikatu da katalogoa. Gure lurraldeko onddoen laginak hirurogeita hamarreko hamarkadatik jaso dituzte, alegia. "Gipuzkoako katalogoan jasotako lehen aipua Psilocybe coprophila da, Berastegi-Antsolitzen 1978ko azaroaren 1ean jaso genuen", zioen Joxepo Teresek.

Espezialista honek azaldu duenez, "behin lagina jasota, Aranzadiko laborategietara eramaten da, eta bertan mikotekan gordetzen da, beste lagin guztiekin batera. Dagoeneko 50 urte baino gehiago bete dituzten aleak ditugu bertan. Ale bakoitzaren datu zientifikoak base batean digitalizatzen dira, gaur egun Gipuzkoako 3.477 espezie biltzen ditu.

Ale horiek guztiak digitalki kontsulta daitezke katalogo digital berri honetan:

https://www.aranzadi.eus/eu/buscador-micologico/gipuzkoako-dibertsitate-fungikoaren-katalogoa

Bilatzaile mikologikoa

Bilatzaile honen bidez espezieak identifikatzen lagunduko dizugu.

Azken gehitzeak Bilatzailera joan Argazki galeria Gipuzkoako katalogoa

Webgune honetan, erabiltzaileak 3.477 espezieei buruzko informazio xehatua aurkituko du, espezie bakoitzaren deskribapenarekin, mikroskopiak, argazkiak, bildutako kokagunea, bibliografia, espeziearen izen arruntaren sinonimiak eta datu guzti horiek jaso zuten puntu zehatza duen mapa.

Katalogoa mikologiaren munduan interesa duen edonoren eskura dago, eta lagungarria da espezieak identifikatzeko. Gainera, gure lurraldearen egoeraren erradiografia zehatza da.

Katalogo honen helburuen artean Gipuzkoako onddoen dibertsitatearen inbentarioa egitea dago, mikologiaren ezagutza sustatzea eta ingurumenaren ikerkuntza, pertsonei, elkarteei edo erakundeei aholkuak eman ahal izateko. Teresek azaldu zuenez, "tresna honekin arriskuan dauden espezie interesgarriak azter eta balora ditzakegu, bai eta espezie babestuen jarraipen-proposamenak egin ere. Garrantzitsua da onddo autoktonoen biodibertsitatearen ezagutza hobetzea, kudeaketa eraginkorragoa izan dadin eta, beraz, espezien eta haien habitaten egoera, interesa edo mehatxua behar bezala kudeatzeko eta/edo kontserbatzeko proposamenak helarazteko ".

Gloria Vázquez Ingurumen Administrazioko zuzendariak nabarmendu duenez, "katalogo digital hau eta erakusketa ezagutza zientifikoa eta dibulgazioa batera joan daitezke natura herritarrengana hurbiltzeko. Ezagutzen dena, baloratzen dena eta beretzat sentitzen dena baino ez da babesten. Mikologoen eta boluntarioen lanari esker, gaur egun badugu tresna bat gure lurraldearen aparteko aberastasun fungikoari balioa ematen diona eta biodibertsitatearen kontserbazioarekin dugun konpromisoa indartzen duena ".

Jarduera mikologikoak eta perretxikoak biltzeko gida

Datozen asteetan Jardunaldi hauekin lotutako hainbat ekitaldi mikologiko antolatu dira, besteak beste:

  • Gipuzkoako Argazkilari Elkartean Gipuzkoako fungi barietatearen argazki erakusketa. Urriaren 20tik 31ra 17:00etatik 21:00etara eta larunbatetan 17:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai.

Aurtengo hitzaldiak eta jarduerak honako hauek izango dira:

  • Urriak 23, 18:30: Gipuzkoako fungi katalogoaren aurkezpena. Joxepo Teres mikologoak aurkeztuta, Gipuzkoako Argazkilari Elkartean.
  • Urriak 25, 9:00: Añarbera txangoa aleak biltzeko. Elkargunea: Susperregiko aparkalekua.
  • Urriak 29, 18:30: Russula generoko azken nobedadeak hitzaldia. Txemi Traba mikologoak aurkeztuta, Aranzadi Zientzia Elkartean (Zorroaga gaina).
  • Urriak 30, 18:30: Mehatxatutako onddoen UICN zerrenda gorria hitzaldia. Ibai Olariaga mikologia doktoreak aurkeztuta, Aranzadi Zientzia Elkartean (Zorroaga gaina).
  • Urriak 31, 18:30: Perretxiko toxiko eta jangarriak, konparatuta liburu aurkezpena. Pedro Arrillagak aurkeztuta, Aquariumeko auditorioan.

Perretxikoak biltzeko gida

Jardunaldiei amaiera emateko, Pedro Arrillaga mikologoak Perretxiko toxiko eta jangarri konparatuak izeneko gida aurkeztuko du Donostiako Aquariumean, urriaren 31n. Gure inguruan aurki ditzakegun perretxiko aleak grafikoki jasotzen dituen argitalpena, gizakiarentzat toxikoak direnekin alderatuz. Gida oso osoa eta erraza, mikologian aditua den edonorentzako oinarrizko lana.

Informazio gehiago behar baduzu, ez izan zalantzarik.

Zalantzak argitu eta zure galderei erantzungo diegu.