Artikulu tematikoa

Gipuzkoako onddoen katalogoa. Zergatik eta zertarako?

Biodibertsitatearen gora eta beherako ibilbidean, onddoak bizidun talde ugari nahiz gutxi ezagutua dela esan daiteke.

Onddoen gorputz begetatiboa, mizelioa, hifaz osaturik dago eta begiratu batean ikusteko nekez. Bakarrik onddo batzuek ugalketa prozesurako ikusgai diren egitura batzuk sortzen dituzte, esporokarpoak. Bi mende pasatxo ikerketak egiten eta espezie berriak aurkitzen jarraitzen dugu.

Planetan deskribatu diren espezieen kopurua 120.000 Hawksworth & Lücking (2017) eta 155.000 artean Antonelli & al. (2023) izan daiteke. Dena den, ikerlari desberdinen arabera, planetan, 2,5 miloi espezie Niskanen & al. 2023) eta 5,1 miloi arteko (O´Brien & al. 2005; Blackwell 2011) kopurua estimatzen da. Beraz, planetan onddo espezie kopuruaren %92-%95 deskribatu gabe lirateke (Antonelli & al. 2023).

Euskal Herrian 7.700 espezie inguru deskribatu dira, baina 25.000-30.000 espezie egon daitezkeela estimatzen dugu. Gipuzkoan berriz, Aran-Fungi mikotekan 3.468 espezie erregistratu ditugu (Aranzadi Zientzia Elkartea. 2025); baina, 11.000 espezie inguru izan daitezkeela pentsatzen dugu.

Zergatiak baloratzean, onddoen tamainak zerikusirik handia du ere, modu orokor batez esanda, onddoen %10 handiak dira eta %90 txikiak eta ikusteko zailak alegia.

Hongo grande: Boletus aereus (izquierda) Hongo pequeño: Bisporella citrina (derecha)

Bizidun hauek ekosistemetan duten garrantzia kontutan harturik, materia organikoen deskonposizioan eta lur ekosistemetako nutrienteen birziklapenean ezinbestekoak baitira, ondoen dibertsitateari buruzko ezagutza ezak oso deigarria gertatzen dela esan genezake. Aurretik aipatu ditugun zergatien gainetik, ikerketak eta ikerlari gehiago behar direla begi bistan dela esan daiteke ere.

Gipuzkoan onddoak aski ezagunak dira baina bere dibertsitatea ez ordea. Aranzadik argitaratu duen katalogo honek, onddoen dibertsitatea eta bere egoera nolako den hasierako diagnosia lortu nahi izan du. Ez da zerrenda bat bakarrik, beren bizilekuak, horietan duten maiztasuna eta ugaritasuna, intereseko espezimenak, mehatxatuak eta exotiko edota inbaditzaileak identifikatuz.

Artikuluan zehar, dibertsitate honen adibide batzuk jarri ditugu, irakurleak gaia gehiago jorratu nahiko balu https://www.aranzadi.eus/eu/buscador-micologico/gipuzkoako-dibertsitate-fungikoaren-katalogoa helbidean sartuz, espeziei buruz informazio gehiago eskuratuko du (irudiak, deskripzioak, bilketak…).

Onddo likenizatuak (likenak) Gipuzkoako onddoen katalogoan jasotzen dira ere.

Katalogo honetan lurraldeko eskualdetako enklabe ugari eta desberdin aztertu dira: hareatza eta dunak (Santio -Zumaia-, Iñurritzako bokalea (Zarautz), itsas labarrak (San Anton -Getaria-, Jaizkibel), lezkadiak (Sarikola -Usurbil-, Irita -Zarautz-), artadiak eta artelatz basoak (Arno, Getaria, Zarautz, Zumaia), gailurreriak (Hernio, Izarraitz…), erreka inguruko basoak (Altzolarats -Aia-Zestoa, Usarrabi -Larraul- …), hariztiak (Aia, Añarbe, Gatzaga…), pagadiak (Aia-Pagoeta, Zorrozpe -Azkoitia-, Añarbe -Errenteria-, Oieleku -Oiartzun, Zegama…), belardi eta larreak (Aia, Errezil, Getaria, Oiartzun, Zarautz…), espezie aloktonoz landatutako basoak eta herri-hiri inguruko parke eta lorategiak (Cristina Enea -Donostia-, Nire Borda -Hernani-, …).

Gipuzkoako eskualdetan aztertu diren onddo erregistro kopurua.

Ikus dezagun, eskualdetan aztertutako enklabe batzuk:

Lurraldean zehar onddo espezien bakoitzaren maiztasuna eta ugaritasunaren indizea (MUI) baloratu dugu hurrengo bost graduen bitartez:

  • AA: sarritan aurkitu eta oso ugari diren onddoak.
  • A: onddo arruntak, sarritan eta ugari aurkitzen dira, baina ez aurrekoak bezainbeste.
  • U: urria esan nahi du, leku gutxietan bizi eta ugari ez diren onddoak.
  • B: onddo bakanak oso leku gutxitan aurkitzen dira eta ez dira ugariak.
  • BB: oso bakana esan nahi du. Inon gutxitan aurkitu diren onddoentzat erabiltzen da.
  • DD: datu nahikorik ez dagoenean erabiltzen da.

Ikus ditzagun adibide batzuk:

Onddo bakoitzaren MUI kalkulatzeko, Aran-Fungi datu basean erregistratutako datuez gain, GBIF erakundeak (Global Biodiversity Information. 2025 / https://www.gbif.org/species/5 ), eta “Catálogo crítico y cartografía de los macromicetos de la Comunidad Autónoma del País Vasco” I. Salcedo et al. GuineanA 9. Euskal Herriko Unibertsitatea. 2003.

Datu nahikorik ez duten espezien kopurua esanguratsua da, gehienetan lurraldean lokalitate bakar batean erregistratu direlarik.

Adibide modura, Cladonia floorkeana likenak Aran-Fungi datu-basean erregistro bakarra du, baina GBIF datu-basea kontsultatuz https://www.gbif.org/species/7453254 penintsulan nahiz Europan zehar ondo banaturik azaltzen dela ikusirik, DD indizea jarri diogu.

Onddoen dibertsitatea ezagutzeak garrantzia handia du, baita bere egoera nolakoa den jakitea ere. Lurraldean espezie bakoitzaren indizea ezagutzea hasierako erreferentea izan daiteke. Konparaketak eta diagnosiak egin ahal izateko datuak guztiz beharrezkoak dira eta. Aran-Fungi datu-basean datu gehiago gehitu beharko dira (lurraldean egindako hainbat ikerketaren ondorioak…) zalantzarik gabe, erregistroen jarraipena egin, batez ere, bakan edota oso bakanak diren onddoen egoera aztertuz (onddo guztien %40a dira). Beraz, gehiketak eta doiketak egin, eta epeka emaitzak aztertu eta konparatu beharko dira. Begi bistan da, ikerlariak eta ikerketak egiteko baliabideak funtsezkoak direla eta horretan administrazioen jarrera giltzarri.

Interes bereziko espezieak

Lurraldean interes bereziko onddoak eta duten egoera identifikatzea katalogo honen helburuenetariko bat izan da ere , hasierako zerrenda bat proposatuz.

IUCN erakundeak https://www.iucnredlist.org/about/background-history sortu zenetik, herritarrei nahiz agintari politikoei eta orohar komunitate osoari, bizidunen kontserbazioa eta espezien gainbehera eta iraungitze problematikaren aurrean bizidunen Zerrenda Gorriak (diagnosiak, informazio osagarria eta proposamenak…) eskaini dizkie. Beraz, IUCN Zerrenda Gorriak, bizidunen kontserbaziorako erreferente nagusienetako bat da eta nazioarte mailan aski aintzatetsia. Ildo horretatik, 2017. urtean The Global Fungal Red List (IUCN, http://iucn.ekoo.se/en/iucn/welcome) ekimena sortu zen. Penintsula mailan (2007 eta 2025) eta EAE mailan, ekimen desberdinak izan dira atariko zerrendak proposatuz (Salcedo 2008. Ihobe “Evaluación del GRADO DE AMENAZA de los MACROMICETOS de la lista roja preliminar del País Vasco” -Fase II-), baina balio juridikorik izan gabe. Beraz, horietan oinarriturik lurraldeko interes bereziko onddoen zerrenda bat aurkeztu da 61 espezie azalduz.

Zerrenda, Gipuzkoako fungi dibertsitatearen katalogo digitalean eskuratu daiteke: https://www.aranzadi.eus/eu/gipuzkoako-fungi-dibertsitatearen-katalogo-digitala

Ikus ditzagun IUCN Zerrenda Gorrian eta lurraldean azaltzen diren hainbat espezie:

Bestalde, badira aurretik aipaturiko zerrenda gorri horietan azaltzen ez diren hainbat espezie interesgarri. Hauek ez dira lurraldeko hasierako zerrendan azaltzen eta hurrengo fase baterako aztergai ezarri beharko lirateke.

Ikus ditzagun adibide batzuk:

Pluteus izurun. Pedro Arrillagak, Aranzadiko mikologoa, Donostiako hiri-parke batean usteltzen ari zen egurrean (Quercus sp) bilatutako espeziea. Mundu mailan bilketa bakarra litzateke. (Menolli Jr., N., Justo, A., Arrillaga, P., Pradeep, C.K., Minnis, A.M. & Capelari, M. (2014) Taxonomy and phylogeny of Pluteus glaucotinctus sensu lato (Agaricales, Basidiomycota), a multicontinental species complex. Phytotaxa 188 (2): 78–90.

https://phytotaxa.mapress.com/pt/article/view/phytotaxa.188.2.2

Pseudosclerococcum golindoi. Hildako egurra, Platanus, baso misto batean. Mindi erreka - Aia. Mundu mailan, aurreneko bilketa Gipuzkoako lurraldean egin zen. Egun, Ipar Amerikan bigarren bilketa azaldu da https://www.gbif.org/species/10747059

Espezie hau J. L. Albizu (Golindo), Aranzadiko mikologoaren izenean erregistratu zen.

Espezie aloktono eta inbaditzaileak

Azkenik, adierazi behar da gizakiaren esku-hartzea ez dela mikoflora autoktonoan eragitera mugatu, baizik eta, kanpoko merkatua sustatzearekin, garraioarekin, flora ez-autoktonoarekin basoberritzearekin eta animalia exotikoen (aloktono) sarrerarekin, borondatez edo nahi gabe sartutako onddo ez-autoktono ugari handitzen ari direla mikoflora orokorrean. Globalizazioak eta gizakiaren jarduerak ekosistemak eraldatzen ari dira. Espezieak leku batetik bestera eramanez -merkataritzaren edo basoberritzearen bidez izan-, mikoflora hibrido bat sortzen ari gara, non hainbat onddo aloktonoak tokikoak ordezkatzeko joera izan dezake edo jatorrizko oreka biologikoa hausteko ere.

Oro har, gure lurraldera iristen diren espezie exotikoak ez daude gure ingurunera eta klimara egokituta, beraz, desagertzen dira besterik gabe. Hala ere, espezie inbaditzaile batzuek kolonizatzeko ingurune egokia aurkitzen dute lehiakiderik ez dagoenez, nitxo ekologikoetan aldaketak eraginez, bertako espezieak desplazatuz eta, kasurik okerrenetan, haien populazioak desagertzeko punturaino murriztuz. Hori dela eta, gaur egun mundu osoko biodibertsitatearen galeraren kausa nagusietako bat dela uste da, eta horregatik munduko herrialde ugari espezie exotiko inbaditzaileen katalogoak eta zerrendak sortzen ari dira ekosistemetan duten eragin negatiboari aurre egiteko.

Horregatik, “Espezie Sartu eta Inbaditzaileen Erregistro Globalak -GRIIS- (ISSG / GBIF Espezie Inbaditzaileen Espezialisten Taldeak argitaratua. 2025)” oinarritura, gure lurraldeko onddo aloktono edo exotikoen hasierako zerrenda bar proposatu dugu.

Favolaschia onddoa Asian eta Ozeanian du jatorria. Orain dela hamarkada batzuk erregistratu zen Europan, eta gure lurraldean dagoeneko mota guztietako egur substratuak kolonizatzen ari da, baso aloktono (harizti amerikarrak, pinudiak…) nahiz autoktonoetan (pagadiak, baso mistoak …) espezie oso arrunta bihurtuz. Ez dakigu onddo honen presentziak eta banaketak eragina izango ote duten bertako espezietan, horretarako ikerketak eta segimenduak egin beharko direlarik.

Konklusioak

Artikuluan zehar, Gipuzkoako onddoen katalogoa egitearen zergatiak eta zertarakoa azaltzen ahalegindu dugu, gure lurraldean onddoen dibertsitatea eta bere egoera nolako den hasierako diagnosia eginez. Ez da zerrenda bat bakarrik, bizilekuak eta horietan duten maiztasuna eta ugaritasuna azalduz, intereseko espezimenak, eta mehatxu izan daitezkeen espezie exotikoen hasierako zerrendak azaldu ditugu ere. Biodibertsitatearen egoera eta espezien kontserbazioaren lehentasunezko gaia dela askotan esaten ari da, eta zientzialariek alerta gorrian gaudela diote. Horretan, onddoak babes juridikorik gabe jarraitzen dute, ez dago onddoak babesteko eremurik eta ez gara jabetzen espezie mehatxatuak badaudela eta gehienetan gu garela mehatxua. Gainera, beste izaki bizidun talde batzuekin iruditzen ez zaizkigun gauzak egiten jarraitzen dugu (bilketa masiboak, espezie bakanak eta mehatxatuak jasoz …). Beraz, giza jarduerek eraginda bizidun oro eta horietan onddoak gainbehera doazela ikusirik, benetan, penagarria eta amorru handia ematen du. Ez al da?

Bilatzaile mikologikoa

Bilatzaile honen bidez espezieak identifikatzen lagunduko dizugu.

Azken gehitzeak Bilatzailera joan Argazki galeria Gipuzkoako katalogoa