Erromatar garaiko bi eraztun elkarrizketan

Arkeologia / Arkeologia indusketa

Astelehena, 2025eko maiatzaren 26a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 5 minutu

Mendebaldeko Pirinioak gurutzatzen zituen erromatar garaiko galtzadaren arrastoei jarraituz, Aranzadi Zientzia Elkarteak beti izan du argi toki horren potentzialtasuna, ikuspuntu arkeologikotik.

Toki horretan erromatar garaiko hainbat aztarnategi aurkitu dituzte, galtzada ezagun horren inguruan zeudenak. Artziko termak, Zanduetako eta Mugarriluzeko miliarioak, Zalduako aztarnategi erromatarra, eta Luzaideko sakaneko fibulak eta txanponak haran horietan egindako azken aurkikuntzen adibideetako batzuk dira. Aztarnategi horiek duela hainbat urte beste ikertzaile batzuek aurkitutakoei gehitu zaizkie, esaterako, Ateabalsako edo Otegiko nekropoliak, Ibañetako aldare-harria eta Donazaharreko aztarnategi erromatarra Saint-Jean- Le-Vieuxen.

Lursail menditsu honen ondare-aberastasunaz eta potentzialtasunaz jakitun, Aranzadik zabaldu egin ditu taldea, xedeak eta ikerketak, Pirinioetako bi aldeak hartzen dituzten udalerrien sare bat eginez; zehatzago esanda, Auritz, Donazaharre eta Luzaide, eta martxan jarri da horrela mugaz gaindiko PIRENAEUS proiektua, Euroregioneko funtsei esker.

Hilabete horietan zehar, PIRENAEUSen barruan, ikerketak egin dira, baita galtzada erromatarraren eta haren ondarearen balioa nabarmentzeko eta sustatzeko ekintzak ere. Dibulgaziozko lan horiez gain, Donazaharreko aztarnategi erromatarrean induskatu da. 60eko hamarkadan aurkitu zuten aztarnategia, eta oraingo arkeologia-taldeak berriro ere zundatu du eta lan egin du bertan, egungo metodologiarekin eta tresnekin —geofisikarekin, esaterako—. Indusketa horrek, gainera, hasi eta aste gutxitara eman zituen bere fruituak.

Aurkikuntza berriak

Donazaharreko arkeologia-lanak 2024ko udan hasi ziren eta Pirinioetako bi aldeetako ikertzaileek osatutako talde horrek erromatar garaiko urrezko eraztun bat aurkitu zuen, 2000 urte zahar dena. 2018. urtean Aranzadi Zientzia Elkarteak Zalduan (Auritz) induskatu zuen eraztunaren ia berdina.

Fanny Larrek, instrumentumen (metaletan) espezialista den arkeologoak, aurkezpenean azaldu zuen Donazaharreko eraztuna Zalduakoaren oso antzekoa dela. Bi eraztunak urrezkoak dira eta harri urdin bat daukate erdigunean, grabatutako motiboarekin. Zalduaren kasuan, grabatuan Fortuna ageri da, aberastasunaren jainkosa. Donazaharrekoan, berriz, grabatutako motiboa gerrari erromatar bat da: zutik dago, lantzan jartzen du pisua, eta, estilo erromatarrera alderatuta, beste eskuan daukan ezpatari begiratzen dio, eta ezkutu bat dauka lurrean jarrita. Motibo hori Charente-Maritimeko eta Borgoinako eraztunen hiru alek ere daukate.

Baina Donazaharrekoa Ipar Euskal Herrian aurkitutako lehena da.

Galtzadak elkartutako bi aztarnategi

Oihane Mendizabalek, Antzinate Zientzietako doktoreak, aitzinatu zuen horrelako eraztunak oso komunak zirela inperio erromatarrean, eta hainbat aurkitu dira Europa osoan. Baina ez da erraza hain kontserbazio-egoera onean aurkitzea.

Egikera oso oneko urrea duten objektu horiek lekukotasuna ematen diote herri horiek mundu erromatarrean izandako integrazioari. Objektu horiek inperioko urregintza-guneetatik iristen ziren gure lurraldera. Erakusten digute erabat lotuta zeudela inperioko gainerako tokietako merkataritzarekin.

Halaber, PIRENAEUSeko zuzendariak hau azaldu zuen: «erromatar inperioarekin lotura zuzena zegoen ITER XXXIV galtzadaren bidez. Galtzada bizkarrezurra edo ardatza zen, eta eremu menditsu piriniotar hori inperioko gainerako tokiekin lotzen zuen. Haren bidez iritsi ziren ideiak, objektuak, salmentak eta kultura».

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak, proiektu honi balioa eman eta bultzatzen duten edo laguntzen duten entitate eta erakunde guztien inplikazioa eskertu ondoren, Foru Gobernuak Europan mugaz gaindiko lankidetzaren alde egindako apustu argi eta iraunkor baten barruan kokatu du.

"Instituzioei dagokienez, 2015eko legegintzaldia mugarri garrantzitsua da, Foru Erkidegoa 2017an sartu baitzen Euroeskualdean, eta gaur egun Nafarroa da egitura horren buru. Egia da beste batzuetan ere lanean ari ginela, hala nola PLEn edo Pirinio Atlantikoekin sinatutako hitzarmenaren babesean, baina, era berean, mugez gaindiko lanaren kultura hori, auzolan hori, muga aukera bihurtuz, ez oztopo, Pirinioen alde batean eta bestean denboraren hasieratik bizi izan diren jendearengan murgilduta dago ", esan du.

"Mugaz gaindiko lankidetza erakunde handi edo txikietatik haratago doa", gaineratu du. Pertsonen arteko loturak sortu nahi ditu, ehun soziokonomikoaren artekoak... Mugaz gaindiko herritartasuna sortzea. Hala sentitzea, izatea eta jokatzea. Hori dela eta, bere garaian Euroeskualdeak asmatu egin zuen "Euroeskualdeko Hiritartasuna" proiektuen deialdi hau abiarazten. Proiektu honek, gainera, osagai eleanitza du, eta hizkuntzak – euskara, besteak beste – mugetatik gora elkarrekin lan egiteko balio dutela erakusten du.

Unai Irigaik, Auritzeko alkateak, PIRENAEUSen helburuei dagokienez hau gehitu zuen: «Auritz eta Donazaharre oso gertu daude, sozialki oso herri antzekoak gara, abeltzaintzan oinarrituak. Bi aldeok erronka komun bat daukagu despopulatzearen esparruan, gazteak herrian geratzeko beharra, hizkuntza eta kultura komuna dugu, baina askotan asko aldentzen gaitu inposatutako muga horrek. Uste dut horrelako proiektuek laguntzen dutela bi herrien edo bi aldeen arteko harremana eratzen. Jada erein da hazi bat proiektu honekin eta hasi nahi dugu harreman batean lan egiten.

Donazaharreko alkateak, Pierre Eyherabidek, hau azaltzen zuen: «proiektu hauek beharrezkoak dira Donazaharre moduko herrientzat, hobeto ulertzen laguntzen baitute herri baten historia, eta, horrez gain, jendea mugaz gaindikoa den zerbait handiagoan sartzen laguntzen dute».

Proiektuan antolatutako jardueren barnean udako ikastaro bat emango da Auritzen, Mendebaldeko Pirinioak Antzinatean izenekoa. Datorren uztailaren 24an izango da eta izen-emateak irekita daude webgunean: uik.eus

Mezenasgoa

Enpresen eta erakundeen laguntzari esker, gure gizarteari eta natura-inguruneari aurrera eginarazten dioten proiektuetan lanean jarraitzeko aukera dugu.

Bere babesa eman diguten erakundeak:

Informazio gehiago