Indarkeria politikoak eragindako eskubide-urraketak aztertuko ditu Aranzadik Orion, gerra zibilaren garaitik hasi eta gaur egun arte

Antropologia / Tokiko memoria historikoa

Osteguna, 2020eko irailaren 24a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Aranzadiren azterketak bi aldi hartuko ditu: batetik, gerra zibilean eta ondoko bi hamarkadetan (1936-1959) izandako giza eskubideen urraketak (memoria historikoa) eta, bestetik, 1960tik gaur arte izandakoak (gertuko memoria). Horrelako azterketak egin dira beste herri batzuetan ere azken urteotan, baina lehenbiziko aldia da bi aldi horiek batera aztertuko direna.

Aurrena, Anuska Esnal Oliden alkateak hartu zuen hitza, Udalaren izenean, herriko alderdi politiko guztietako ordezkariak ondoan zituela:

“Udalean gauden alderdi guztien adostasunarekin, pausoa eman eta Aranzadi Zientzia Elkarteari eskatu diogu 1936tik gaur egun arte izandako giza eskubideen urraketen azterketa egiteko, nazioarteko legeriak eskatzen dituen irizpideak jarraituz”.

“Ikerketa horren bidez, bizi izan diren sufrimendu guztietara gerturatzeko aukera izango dugu. Norbanakoak berak badaki zer egoera bizi izan duen.”

Gainera, ikerketaren beste funtzio nagusia memoria egitea izango da, Orion bizi izandakoa jasotzea, gordetzea, protagonisten bizipenen testigantza biltzea eta ziurtatzea hau guztia ez dadila ahaztu.

Azkenik, Javier Bucesek hartu zuen hitza, Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean:

“Orion konpromiso bat dago gertatutakoa ezagutzeko. Azken 80 urteetako sufrimenduak eta giza eskubideen urraketak.”

“Beraz, gu, Aranzadi, hemen gaude lan horretan laguntzeko. Nazioartean, giza eskubideei dagokienez, biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea. Gu, Aranzadi bezala, ikerketa historikoaren bidez saiatuko gara gertatutakoa ezagutarazten, egia bilatzen. Hori da gure lana. Justizia eta erreparazioa beste esparru batzuetan daude, baina egiarik gabe, gertatutakoa jakin gabe, biktima horiei izen-abizenak jarri gabe, ezinezkoa da justiziaren eta erreparazioaren beste bi printzipioak lortzea.”

Ikerketari dagokionez, bi esparru bereizten ditugu: oroimen historikoa eta gertuko oroimena. Oroimen historikoaren esparruan, 1936 eta 1959 bitartean gertatutakoa eta biktimak ikertuko ditugu, hau da, gerraren eta diktaduraren lehen bi hamarkadetako biktimak. Gertuko oroimenak, bestalde, 1960tik gaur egun arteko garaia hartzen du. Beraz, hiru garai politiko ezberdinetan gertatutakoak aztertuko ditugu: diktaduran, trantsizioan eta demokrazian.

Edozein modutan, oso garrantzitsua da parte hartu nahi duten pertsonen konfidentzialtasuna errespetatzea. Badakigu oso gertakari eta sufrimendu berriak daudela, eta, horregatik, eskatzen duenaren anonimotasuna errespetatuko dugu. Hala ere, guztiak animatu nahi ditut parte hartzera.

Orio, Hernani, Azpeitia eta Tolosarekin batera, Euskal Herriko laugarren herria da, bi garai historikoak (oroimen historikoa eta gertuko Oroimena ikertzen) ikertzen duena. Lehena, hasietatik bi garai historikoa aldi berean, paraleloki, hasten dena.

Memoriaren Bulegoa

Informazioa eta jendearen bizipenak jasotzeko, bulego bat jarriko du Aranzadik kultur etxean, urriko eta azaroko lau asteazkenetan:

  • Urriak 21
  • Urriak 28
  • Azaroak 4
  • Azaroak 11

Bulegoa irekita izango da egun horietan 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Telefonoz edo emailez ere kontaktatu ahal izango dute herritarrek Memoriaren Bulegoarekin: 943 466 142 / memoria@aranzadi.eus

Hitzaldiak

Gaiari buruzko bi hitzaldi ere antolatu dituzte Udalak eta Herritarren Foroak, Aranzadiren laguntzarekin: bata datorren asteazkenean eta bestea hurrengoan:

  • Irailak 30, 19:00etan, kultur etxean: «Errepresioa genero-ikuspegitik». Hizlaria: Lourdes Herrasti, Historian doktorea EHUn eta Aranzadiko kidea.
  • Urriak 7, 19:00etan, kultur etxean: «Biktimen politikak: azterketa kritikoa». Hizlaria: Jon Mirena Landa, EHUko Zuzenbide Penaleko katedraduna.

Hitzaldietan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, 685 720 032 telefonora deituta.