Euskal Herrian ezagutzen diren anfibio espezieen erdiak mehatxatuta daude eta horietatik %28a galzorian

Herpetologia / Habitaten zein espezieen kontserbazioa eta errestaurazioa

Ostirala, 2023eko maiatzaren 5a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 4 minutu

Joan den apirilaren 28an, Anfibioak Kontserbatzeko Nazioarteko Eguna izan zen, egun honetako helburua odol hotzeko animalia hauek desagertzeko arrisku larria dutela salatzeko antolatu da. Arrazoiak habitata, hondakin toxikoak, kutsatzaileak eta klima-aldaketa direlarik. Gure lurraldean anfibio-espezie ugari biltzen dira. Izan ere, azterlan herpetologikoek erakutsi dute Europa mailan anfibioen biodibertsitate handieneko guneetako bat dela. Baina animaliengan adituak diren biologoak kezkatuta daude, Euskal Herrian ezagutzen diren 18 anfibio-espezieen % 56 espezie mehatxatuen katalogoan sailkatuta daudelako, eta % 28 babes handieneko mailan, Desagertzeko Arriskuan.

Bioaniztasunaren kontserbazio egoera aztertzeko inoiz egindako azterketa handienaren emaitzak argitara eman berri ditu Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak. Guztira mundu mailan 57.000 espezie aztertu dituzte, eta “bizitzaren barometro” gisa izendatu izan den espezie zerrenda gorriaren emaitza batzuk kezkagarriak izan dira, ornodunen artean egoera makurrenean dagoen taldea anfibioena izaten jarraitzen baitu, espezieen %41 mehatxu egoeran dagoelarik.

Ion Garin Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko biologoaren iritziz, “egoera honek gauza asko birplanteatu beharko lizkiguke, anfibioak gure planetako talde taxonomikorik zaharrenetako bat baita. Duela 200 milioi urtetik bizi dira mundu honetan, dinosauroen garaitik. Nola liteke milioika urte horiek guztiak mantendu izana eta gaur egun planeta mailan gainbehera larrian egotea? Kontuan izan behar da, gainera, gure ekosistemen egoeraren bioadierazle oso onak direla. Agian zerbait esan nahi digute”.

Espezie mehatxatuen zerrendek jasan dituzten berrikuntzen ostean Euskal Herriko bost anfibio espezie “Galzorian” sailkatuta daude: bi Ipar Euskal Herrian (apo ezproidun iberiarra eta baso-igel piriniotarra), eta beste lau Hego Euskal Herrian (hegoaldeko zuhaitz-igela, apo lasterkariaren kostako populazioak, apo ezproiduna eta apo pintatu iberiarra). Begirada “Kaltebera” gisa sailkatutako espezieetan ezarri ezkero beste hainbeste espezie sailkatuta daudela konturatuko gara: Apo pikart iberiarra, Zuhaitz-igel iberiarra, Uhandre alpetarra, Baso-igel jauzkaria, Baso-igel iberiarra. Hau da Euskal Herriko anfibio espezieen zerrenda osatzen duten 18 anfibio espezieetatik hamar (% 56), arrisku maila garaienetan sailkatuta daude “Galzorian” edo “Kaltebera”.

  1. taula. Euskal Herriko anfibio espezieen zerrenda eta Akitania, Euskadi eta Nafarroako Espezie Mehatxatuen Zerrendan duten babes maila. Beltzez: espeziearen presentzia frogatu ez denean. Berdez: mehatxu kategoriatan ez dagoen espeziea. Horiz: bakan edo interes bereziko moduan sailkatutako espeziea, laranjaz: kaltebera gisa sailkatutako espeziea eta gorriz: galzorian sailkatutako espeziea. * Espezie honen kasuan soilik kostako populazioak mehatxatuta daude.

  1. Irudia. Akitania, Euskadi eta Nafarroakok espezie mehatxatuen zerrendak aintzat hartuz anfibio espezieen banaketa.

Egoeraz kezkatuta 2020 urteko urriaren 16 eta 17an, COVID 19 pandemia bete betean, Iberiar Penintsulako aditu talde bat gonbidatu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko kideek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Espainiako Elkarte Herpetologikoaren laguntzaz, Anfibioen kontserbaziorako III. jardunaldi-etara gai nagusia Anfibio populazio mehatxatuen jarraipena izan zen. Bilgunean eskainitako hitzaldi gehienak artikulu moduan argitara emateaz gain, jardunaldiko parte hartzaileek adostutako ondorioak Munibe Monographs aldizkari zientifikoaren bostgarren alean argitara eman ditu Aranzadik, online moduan jarraian adierazten den estekan.

Ondorio nagusiak honako hauek lirateke:

https://www.aranzadi.eus/munibe-monographs-nature-series-5

Aranzadi Zientzia Elkartea Euskal Herriko anfibioen ikerketa lanean erreferente bat da, izan ere anfibioen ikerketa burutzen darama mende erdi inguru. Espezie mehatxatuen zerrendan Galzorian sailkatuta dauden espezieen jarraipen lanak 25 urte bete ditu hegoaldeko zuhaitz-igelaren kasuan, aldiz kostako apo lasterkariaren populazioen kasuan 20 urte betetzera doa monitorizazioak. Azken urteetan arreta kategoria baxueneko espezie mehatxatuetan ezarri da: besteak beste uhandre piriniotarra, uhandre alpetarra edota baso-igel iberiarra. Espezie hauen banaketa area berritua argitalpen zientifiko desberdinetan aditzera eman da, eta bertako anfibioak kaltetzen dituzten mehatxu berrien inguruko ikerketak gauzatu dira: izan zuhaitz landaketa exotiko edota produktu agrokimiko batzuen eragina. Mundu mailan anfibioak kaltetzen ari den gaixotasun emergenteen ikerketa lerroa martxan jarri da azken urteetan Bioaniztasunaren Ikerketarako Institutu Mixtoarekin elkarlanean. Ikerketa lana oinarri gisa hartuz Aranzadik, espezieen kontserbazioa bermatzeko beste bi ardatzak ere landu izan ditu: kudeaketa eta dibulgazio/hezkuntza. Lan ildo hauetan esfortzua etorkizunera begira bi lerrotan oinarritu nahi da. Duela 30 urte ekindako bideari jarraiki Euskal Herriko putzu sarea ehuntzen jarraituko nahi dugu, putzu berriak sortuz edo egun existitzen direnak konponduz edo kudeaketa lanen bidez hobetuz. Amaitzeko dibulgazio eta hezkuntza alorrean prebentzioaren garrantzia azpimarratzen dugu, izan ere bertako anfibioen kontserbazioa bermatzeko garrantzitsua dirudi, espezie arrotz inbaditzaileen sartzapena ekiditea, eta bide horretan ingurumen hezkuntzak bere garrantzia izan dezake.