Euskal mendizaletasuna babesteko hitzarmen estrategikoa

Aranzadi

Asteartea, 2016eko apirilaren 5a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Aranzadik, memoria historikoan espezializatuta dagoenak, euskal mendizaletasunarekin akordio estrategikoa hitzartu du Euskal Mendizaleen Federazioak babesten duen EMMOA Fundazioarekin (Euskal Mendizaletasunaren Museoa).

Hitzarmen honen helburua 100 urtez baino gehiagoz alpinistek, eskalatzaileek, eskiadoreek eta mendizaleek sortutako milaka argazki, dokumentu eta kirol-material gorde eta herritarrek kontsultatu ahal izateko moduan jarriko dituzte, Aranzadik Intxaurrondo auzoan izango duen egoitza berrian.

EMMOA (Fundación Museo Vasco de la Montaña-Euskal Mendizaletasunaren Museoa)

Euskal mendizaletasunaren ibilbideak mende betetik gora egin duelarik, Euskal Herrian zaletasun hori bideratu zuten lehenengo belaunaldiak, bizi legez, pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan dira, era berean beren jardueretan erabiltzen zituzten tresnak. Garai desberdinetako botak, motxilak, sokak, kranpoiak, pioletak, agiriak… gure mendizaletasunaren eboluzioaren berri ematen zutenak, galtzen joan dira.

Pieza horien kudeaketaz eta kontserbazioaz arduratuko zen inolako erakunderik ez zegoen eta zenbait ekimen partikularrei esker, denboraren higaduratik oroimen historiko horren zati txiki bat salbatu da.

Ondare horrek desagertze-arriskuan ikusi eta mendizaletasunak Euskal Herrian duen garrantzi soziala kontutan hartuta, mendizale kolektibo batek, Euskal Mendi Federaziaren bermearekin, EMMOA Fundazioaren (Fundación del Museo Vasco de la Montaña- Euskal Mendizaletasunaren Museoaren) sorkuntza bultzatu du.


Gaurko aurkezpenan euren materialak eman dituzten mendizale talde bat.

ARANZADI-EMMOA

Aranzadi Zientzia Elkarteak 70 urte daramatza gure memoria historikoa ikertzen eta harreman estua izan du euskal mendizaletasunaren munduarekin. Hitzarmen honen bitartez EMMOAk dituen liburu, artxibo, fototeka eta bildumak sailkatzeko baliabide teknikoak eskainiko dizkio Aranzadik mendizaleei, elkarte zientifikoaren esperientzia eta know how-a partekatzeko hain zuzen ere. Honez gain, Aranzadik bere azpiegituraren barne espazio bat egokituko du fundazioaren ekimenak bultzateko.

Aranzadik bere jatorritik mendiarekin betidanik izan duen lotura kontutan hartu behar da. Elkartea 1945-1947 urteetan Aralarreko Igaratza aterpetxean sortu zen eta jorratzen dituen ikerketa guztiek mendian kokatutak dauden ondare arkeologikoekin eta ingurumenarekin dute zerrikusia.

Bi erakunde hauek mendia bere bi dimentsioetan ulertzen dute, bai kirol dimentsioan eta baita ondare kultural eta naturalaren babesleku gisa.

ARANZADIKO EGOITZA BERRIA DONOSTIAN: HERRI ESTRATEGIA

Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostiako Intxaurrondo auzoan bere egoitza berria izango den, eta estatuaren jabetza duen eraikuntza baten sinaduraren zain dago. Bertan izango du bere dokumentazio, liburutegi eta ikerketa zentroa. Liburutegian bertan EMMOAK dituen funtsak egongo dira ere bai. Honela, Europa mailan mendiari buruzko liburutegirik handiena bihurtuko da. Honez gain, fototeka eta euskal mendizaletasunari buruzko erreferentziazko artxiboa izango du.

Funtsa hauek doan kontsulta ahal izango dira, mendian federatuak direnentzat (30.000 baino gehiago) Aranzadiko bazkideentzat (1700) eta publiko orokorrarentzat. Erakunde bakoitzak bere jabetza juridikoa mantenduko du eta zerbitzuak partekatuko dira baliabideak optimizatzeko helburuarekin. Honela, Aranzadik inpaktu sozial handiagoa izango du eta Euskal Herri mailan erreferentzia bihurtuko da, aurtengo Kultur Hiriburuan bere lekua harturik.

Ekimen hau Iñigo Urkullu Lehendakariari eta Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiari aurkeztua izan da, jada.

Aranzadiko Ohiko batzar orokorra

Datorren apirilaren 7an Aranzadiko bazkideen ohiko batzarra egingo da. Bertaratzen diren bazkideek hurrengo 4 urteetarako Zuzendaritza batzarraren berritzea bozkatuko dute, 2015eko balantze ekonomikoa barne.

Hitzordua arratsaldeko 18:30etan izango da lehendabiziko deialdian eta 19:00etan bigarren deialdian. Ekitaldia Aranzadiko Elosegi aretoan izango da.