Aurkezpena

Herpetologia

Euskara eta natura txirikordatuz Usurbilen

17
otsaila
Osteguna

Ordua

19:00

Tokia

Sutegi (Usurbil)

Edukiera

93 pertsona

Salneurria

Doan

Naturak ahozkotasunean utzi duen arrastoan oinarrituko da hitzaldiaren lehenengo zatia: ipuinak, kondairak, ezagutza, sinesmenak, kultura... Ondoren, bi autoreek kaleratu berri duten lana aurkeztuko dute: "Gure faunari eta florari begira".

Amaieran, solasaldirako denbora izango da.

Bi hernaniarrek 300 orrialdeko liburu mardula idatzi dute, eta bertan, 150 espezie deskribatzen dira, fitxaz fitxa, bost taldetan: arrainak, anfibioak, narrastiak, txoriak eta ugaztunak. Espezie bakoitzaren Hernaniko izenak eta aldaerak, beste euskalki batzuetako izenak eta euskara batukoak aipatzen dira: guztira, euskarazko 600 izenetik gora. Horrez gain, izen zientifikoa, gaztelerazkoa eta frantsesezkoa ere badakartza. Baina izenez oso harago doan liburua da hau. Herritarrek espezie horiez esandakoak biltzen ditu, naturarekin erabateko loturan bizi diren herritarrek euren begiz ikusirikoak edo etxean entzundakoak, usteak, kondairak, istorioak… Horregatik, 150 fitxaz gain, aparteko 20 fitxa ere badira era horretako kontu berezienekin.

Hizkuntzak eta naturak bat egiten dute liburu honetan. Euskaraz ulertu beharreko liburua da, euskaraz kontatua delako. Euskalkiek ere leku berezia dute liburuan, beste herri batzuetako aipamenak ere eginez, euskal literatura historikoan esan direnak ekarriz… ez soilik hernaniarrek, baizik eta euskaldunek natura nola ikusi duten, zertzelada bat dakar, neurri batean. Bizitza ulertzeko modu bat, inguruari begiratzeko modu bat eta bizitzeko modu bat bildu nahi izan dira bertan.