Eusko Gudarostearen oroimenerako gunea museofrafikoa, Loiolan, ikusgai
Antropologia / Oroimen historikoa
Asteartea, 2023eko apirilaren 4a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Gaurtik prest eta ikusgai dago Loiolan Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean, memoria historikoaren dibulgatu eta ezagutarazteko helburuz sortutako Eusko Gudarostearen oroimenerako osatutako proiektu museografikoa. Gune museografikoa prestatu berritan, bertan izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko Alkatea eta Juantxo Agirre aranzadi Zientzia Elkarteko Zuzendari Nagusia.
1936ko abuztuan Loiolan bildu ziren lehen aldiz euskal miliziak Candido Saseta buru zutela altxamenduari aurre egiteko. Bertan sortu eta gidatu zuen Asteasu, Aduna eta Zizurkil arteko defentsa linea. Hori ezagutarazi eta oroitzeko zein Eusko Gudarostearen historia ezagutarazteko helburuz osatu dute proiektua bi erakundeek.
Zehazki, oroigarriak saltzeko hutsik zegoen etxolan jarri da memoriaren erreferentziazko gunea: "Proiektu museografiko bisuala, ulerterraza eta edozein egunetan eta edozein momentutan eskura dagoena sortzea izan dugu helburu. Hemendik aurrera, herritarrek zein bisitariek Euskal Herriko Memoria Historikoaren inguruko pasarte garrantzitsu baten berri jasotzeko aukera izango dute, eta Loiolan oroimenerako erreferentziazko gune bat ezarri dugu, bidulgaziorako", zehaztu du Alkortak.
Proiektua Aranzadirekin 2014.urtetik udalak duen elkarlanaren baitan egin da. 1936tik gaur arte Azpeitian edo azpeitiarrei egindako giza eskubide urraketa guztien inguruko ikerketa egina dute “historiari izen-abizenak jartzeko ahaleginean”. Eta Eusko Gudarostearen 80. urteurrenean, Loiola bertan oroimen ekitaldia antolatu eta historia biltzeko liburua ere argitaratu zuten.
Agirrek bi erakundeen arteko elkarlanean jarri du azpimarra: “Azpeitiko Udalarekin dugun elkarlana emankorra da. Urte guzti hauetan oroimen historikoari loturiko ikerketak egin ditugu, liburuak argitaratu ditugu, errekonozimendu ekitaldiak… eta historiari eta giza eskubide urratek jasaon dituzten ehundaka herritarrei izen abizenak jarri dizkiegu. Horretaz gain, Euskal Herriaren historian garrantzia duen Eusko Gudarostearen sorrera Azpeitian, Loiolan izan zen, eta horren inguruko lanketa, ikerketa, liburu eta ekitaldiak egin ditugu. Orain, herritar zein bisitariek 1936ko abuztuan hemen sortutakoak izandako garrantziaz jabetzeko gunea jarri dugu ikusgai”.