Eusko Ikaskuntzak bere 100.urteurrena ospatu du

Aranzadi

Astelehena, 2018eko azaroaren 26a — CEST

Irakurketa: 4 minutu



Eusko Ikaskuntzak gaur egin du, Oñatin, 1918an erakundea sortu zeneko mendeurrena oroitzeko ekitaldi instituzionala. Bertan izan dira Euskal Herriko lurralde guztietako agintariak, bai eta kulturako eta gizarteko eragileen ordezkaritza zabala ere.


Eusko Ikaskuntzak bere sortze-printzipioak eta Euskal Herriaren etorkizunarekiko konpromisoa berresteko aprobetxatu du ekitaldia, XVIII. Kongresuari amaiera emateko irakurri duen adierazpen solemnearen bidez. Izan ere, partaidetza ugari bildu duen prozesu zabalaren esparruan egindako hiru urteko lana atzo, azaroaren 23an, amaitu da, Oñatin egindako ekitaldian.

Mendeurrenaren ekitaldi instituzionaleko buru izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria eta Jean René Etchegaray Iparraldeko Mankomunitateko lehendakaria; Ramiro González, Unai Rementeria eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietako lehendakariak; bai eta Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkari Jesús Loza ere. Era berean, Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko alkate ugari ere bildu dira ekitaldira.

Ekitaldi instituzionalaren aurretik Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko oroitzapenezko "Euskaldunon Mendea 1918-2018" argitalpena sinatu da udaletxean, eta (orain dela 100 urte egin zen bezala) soka-dantzaren emanaldi herrikoia egin da Oñatiko Foruen enparantzan (udaletxearen parean) Oñatz Dantza taldearekin eskutik. Izan ere, bertaratutako agintariek ere hartu dute parte.

Ekitaldi nagusia Oñatiko San Migel elizan egin da. Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Mendeurreneko eta XVIII. Kongresukoak, Iñaki Dorronsorok eta Xabier Alkortak hurrenez hurren, azpimarratu dute Euskal Herriak dituen etorkizuneko erronkak askatzen laguntzen jarraitzeko bokazioari eusten diola erakundeak.

Ekitaldiak Donostiako Orfeoiaren soinua izan du lagun eta, amaieran, Iñigo Urkullu Euskadiko lehendakariak, Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak eta Jean René Etchegaray Iparraldeko Mankomunitateko lehendakariak hitzaldi bana egin dute. Ekitaldi instituzionalaren amaieran, Arizkuneko (Nafarroa) dantza-taldeak emanaldia egin du Oñatiko Foruen plazan.

«UTOPIAK»


Duela mende bat «elite intelektual» batek emandako bultzada goratu du Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, beraien ezagutza herrialde-proiektu baten alde jarri zutelako, eta adierazi du, halaber, aitzindari haien «utopietako» asko hezurmamitu egin direla gaur egun. «Utopia» haietako batzuk izan ziren, adibidez, Unibertsitatea sortzea, Euskal Herriko lurraldeetako instituzioak indartzea eta egitura berriak (hala nola Euskaltzaindia eta Jakiunde) bultzatzea.

Dorronsororen hitzetan, XVIII. Kongresuaren esparruan hiru urtez aztertze- eta eztabaida-lanetan jardun ondoren, «etorkizun partekatuko proiektua osatzeko beharrean batu gara». Horretarako zutabeak dira, besteak beste, «sistema demokratiko berritua, kooperatiboa, jardun erkidean ardurakidea izango den herritarrari ekimena eskainiko diona, dibertsitatea errespetatuko duena eta berrikuntzaren aldeko apustua egingo duena».

Dorronsororen iritzian, sistema horrek «aberastasuna sortzen eta metatzen, baina aldi berean zuzen banatzen jakin behar du; garapen ekonomikoa eta ingurumena uztartu behar ditu; gure kultura eta euskara garatzeko bidea barneratu behar du, eta ikaskuntza osoko hezkuntza indartu behar du, barne-kohesioa handitzeko funtsezko elementuak dira eta».

«KONTAKIZUN PARTEKATUA»


Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko eta XVIII. Kongresuko lehendakari Xabier Alkortak, bere aldetik, XVIII. Kongresuan landu diren erronketako batzuk ekarri ditu gogora, eta azpimarratu du «kontakizun partekatua» sortu eta «adimen kolektiboa aktibatu» behar ditugula, «gizarte-ongizate handiagoa, nortasun politiko erkidea eta gobernantza demokratikoa» oinarri izango dituen testuingururantz jotzeko.

«Baditugu etorkizuna eraikitzeko pertsonak, balio partekatuak eta gizarte-kapitala. Euskara suspertzeko gai izan gara, industria-krisiari aurre egin diogu, immigranteak gurean txertatu ditugu, Iparraldean agenda instituzionala garatu dugu, eta desberdintasunak kudeatu ditugu», esan du Alkortak.

Euskal Herriko lurralde bakoitzak bere instituzio propioa badu ere, Alkortak esan duenez, «herritarren eta instituzioen kohesioa sendo landu behar dugu, euskal lurraldeen arteko harremanak indartzea helburu».

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA


Jardunaldiaren gorenean, Eusko Ikaskuntzaren adierazpen instituzionala irakurri da: Euskal Herriaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko gogoeta egin eta dagoeneko mende bat bete duen Eusko Ikaskuntzak bidean egin dituen eta aurrerantzean egingo dituen ekarpenak ekarri ditu gogora.

Argitxu Etxandy, Ana Urkizak eta Sho Hagiok irakurri dute adierazpena. Hiru ahots horien bidez, erakundeak bere baitan hartzen duen aniztasuna irudikatu nahi izan da: lurralde-aniztasuna, belaunaldi-aniztasuna eta genero-aniztasuna. Ildo beretik, garai berrietara egokitzeko asmoa azpimarratu da, herritarrak eta hitza oinarri hartuta.

Jakinik mende berriak erronka garrantzitsuak ekarriko dituela eta erronka horiek adimen kolektiboa, hausnartzeko gaitasuna eta era kooperatiboan erabakitzea eskatuko dutela, Eusko Ikaskuntzak instituzio publikoekin, eragile politiko eta sozialekin, unibertsitateekin eta herritarrekin bost esparrutan lan egiteko ataza agindu dio bere buruari. Hona hemen:

• Globalizazioaren eta aldaketa bizkorren esparruan, eta Herrialde ikuspuntutik abiatuta, euskal lurraldeek eta komunitateek munduan duten lekua eta estatuko eta estatuz gaindiko instantziekiko duten artikulazioa zehaztu nahi du.

• Proiektu erkidea indartzeko tresna den heinean, eragileen (eragile sozial, kultural, politiko eta ekonomikoen), udalen eta instituzioen arteko harreman egonkor eta egituratuak bultzatuko dituen espazioa sortzea.

• Euskal aniztasuna herritar guztien artean erabakitako balio erkideen inguruko nortasun partekatuan bateratzea, eta horretarako era proaktiboan erabiltzea hezkuntza-, kultura- eta komunikazio-sistemak.

• Ekonomia garatzen laguntzea, gizarte- eta ingurumen-aurrerapen iraunkorraren zerbitzuan.

• Gobernantza demokratikoan sakontzea, pertsonak gaitu eta adostasun gorenak eraikitzeko eta ezinbestean sortuko diren desadostasunak kudeatzeko.

Hartara, eta Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan lortutako ondorioetatik abiatuta (2018ko urriaren 5etik azaroaren 23ra bitarteko 5 saiotan egin da), 1918an erakunde sortzaileek agindu zioten misioa berretsi du Eusko Ikaskuntzak: Euskal Herriaren garapenera bideratutako ikuspegi orokorra eta epe luzekoa lantzea, jarduketa publikoak nahiz dinamika sozialak argitzeko asmoz.

.