Ez dago etorkizunik zientziarik gabe, ezta iraganik memoriarik gabe ere

Aranzadi / 75. urteurrena

Asteazkena, 2022eko urriaren 19a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

Aranzadik 75 urte bete ditu eta Lehendakariaren eta sailburuen bisita instituzionala jaso du bere egoitzara

Aranzadi Zientzia Elkarteak, Europako ikerketa zientifikoaren elitean dagoen elkarteak, urtero kudeatzen ditu 200.000 hegaztien eraztuntze lana bere eraztun-bulegoan. Milaka gorpu lurpetik ateratzeko ehunka hobi desobiratzen ditu estatu osoan, eta 150.000 urte baino gehiago dituen gure historiaren aztarnak berreskuratzen ditu, Altxerri eta Ekaingo kobazuloak kasu.

BISITA

Iñigo Urkullu lehendakaria 75 urte bete dituen Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitzara joan zen atzo, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako sailburu eta bozeramailearekin eta Arantxa Tapia eta Beatriz Artolazabal sailburuekin batera. Aranzadiko taldeak Aranzadiren egoitza zaharretik gidatu zituen agintariak. Bertan, 50 bat ikertzailek lan egiten dute natura- eta giza zientzietako hainbat arlotan.

Harreran eta hitzaldietan zehar, Aranzadiko presidente Jokin Otamendik Lehendakari eta sailburuaren bisita eskertu zuen. Ondoren, Aranzadiko presidenteorde Lourdes Herrastik, lurpetik ateratzeko eta memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanengatik nabarmenduta, adierazi zuen “egia zientifikoaren bilatzaile eta dibulgatzaile gara funtsean. Egia horrek, alde batetik, gure historiari buruzko ziurtasunak ematen dizkigu; eta, bestetik, gure lurraldeko biodibertsitatea, gure kultura eta ondarea zaintzeko baliabide zientifikoekin eta prestatuekin etorkizunari aurre egiten laguntzen digu. Horregatik, gure mezua azpimarratzen dugu: Ez dago etorkizunik zientziarik gabe, ezta iraganik memoriarik gabe ere”.

Aranzadik beste 75 urte bete nahi ditu bere zaintza eta dibulgazio lanean, baina horretarako laguntza gehiago behar du. Aranzadik parte hartzen duen tokiko, estatuko eta Europako zientzia-proiektu ugari ez dira nahikoa iraunkortasunerako. “Erakundeen eta ekimen pribatuen mezenasgoaren laguntza behar dugu oraindik ere”, adierazi zuen Herrastik.

Laguntza horiek funtsezkoak dira langileei egonkortasuna emateko, ikertzaile gazteen talentua atxikitzeko eta bereganatzeko, eta haien egoitza berritzeko ere. Zorroagako egoitza zaharra, Aranzadi baino zaharragoa den eraikin historikoa, 1910ekoa da, eta premiazko erreformak behar ditu ikerketa zientifikorako baldintza egokietan lan egiten jarraitu ahal izateko.

Lourdes Herrastik eraikin historiko hau berreskuratu eta birmoldatzeko Aranzadiren proiektuaz hitz egin zuen bere esku-hartzean zehar. Oraindik enbrioian dagoen proiektu honek museo- eta dibulgazio-formatua du, zehazki Zientzien Etxe bat irekitzea herritar guztientzat zuzenduta egongo dena, zientzilarien lana balioesteko eta Aranzadiko altxor arkeologiko, etnografiko eta mikologikoak partekatzeko, oinarrizko zientzien garrantzia zabalduz.

Oteiza bat Eusko Jaurlaritzarako

Ekitaldiaren amaieran, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako agintari nagusiak balio sinboliko eta ondare handiko oroigarria jaso zuen Aranzadiko zuzendaritza batzarkideen eskutik. Zehazki: historian eskeintzen den lehen Aita Donostiaren Monumentuaren erreprodukzio paregabea. Aranzadik 1959an Jorge Oteiza eskultoreari enkargatu zion lana monumentala, euskal musikologo eta etnografaoa zen Aita Donostia pertsonaia handiaren omenez.

Oteizaren hilarri edo monumetu hau eta baita bertako gunea, Lesakako Agiñako lepoan kokatuta dago eta mugarri kultural eta askatasunaren sinbolo bihurtu ziren diktadura frankista ilunean. Horretaz gain, Aranzadiren izaera laburbiltzen du monumentuak, iraganari begiratzen baitio, orainean jarduten baitu eta etorkizunera proiektatzen baita.

Elkarteak ekitaldi gehiago aurreikusi ditu bere 75 urteko historia ospatzeko 2023ko udaberrira arte.

Argazkiak: Juantxo Egaña