Frankismo garaiko giza eskubide urraketak biltzen dituen liburua aurkeztuko dute Azpeitiko udalak eta Aranzadik, azaroaren 20an, ekitaldi irekian

Antropologia

Asteazkena, 2019eko azaroaren 20a — CEST

Irakurketa: 4 minutu

Fakultateetan irakasten dute, historia historia bihurtzen dela gertaeretatik 100 urtera. Azpeitiko Udalak 2014an memoria historikoa eta iragan hurbila ikertzeko bidea hartu zuen, historia izan aurretik. Ordutik, Aranzadi Zientzia Elkartea bidelagun dugula, urrats ugari eman ditugu, giza eskubide urraketak historia izan aurretik ikertzeko. Gertaerak zenbatzeko, aztertzeko, eta egia azalerazteko.

Gaurkoan, beste urrats bat aurkeztu dute egia, justizia eta erreparazioaren aldeko konpromisoan. 1945-1975 urteen arteko giza eskubide urraketak eta historia biltzen dituen liburua osatu dute eta datorren asteazkenean aurkeztuko dute: "Azaroaren 20an, Franco diktadorea hil zen eguna hautatu dugu horretarako. Egun seinalatua, seinalaturik bada frankismoa bizi izan zutenentzat", zehaztu du Alkortak.

1945etik 1975 arteko giza eskubide urraketan kontatu eta zenbatzen ditu liburu honek: Zaila da garai horri dagozkion izen abizen guztiak zerrendatzea, garai hartako giza eskubide urraketetako asko orokorrak izan baitziren. Herritarren konpromisoa jarri nahi izan du balorean Alkortak: "Herritar ugari izan ziren beren printzipioari uko egin ez eta franksimoari aurre egin ziotenak, sentitzen eta bizi zutena eginez, debekuen gainetik. Eta horrek bere eragina izan zuen herritar ugarirengan".

Liburuan, gertaera orokorrak, giza eskubide urraketa larriak, eta errepresio orokorraren baitako giza eskubide urraketak azaltzen eta biltzen dira: "Garai hartan, gure herrian asko izan ziren euskaraz hitz egin edo are gehiago, euskaraz irakasteko ikastolak sortu zituztenak. Euskara eta euskal kultura mantentzeko Loiolako Herri Irratiari eusti ziotenak eta erregimenaren ustetan zilegi ez ziren elkartzeetan atxilotu eta zigortutakoak ere izan ziren herrian. Askok ahaztu gabe eta ahaztu ezinda izango dituzte oraindik Azpeitiko Koartel Zaharreko bizipenak. Eta ez ditut ahaztu nahi frankismo garaian heriotza zigorrera kondenatu zituzten hamar azpeitiarrak. Hamarretik bederatzi 1945etik aurrera preso edo zaintzapeko askatasun zenbitzuek kontrolatuta jarraitu zuten. Hamargarrena, Angel Otaegi, Burgosko pareta batean fusilatu zuten, diktaduraren azken hilabeteetan" adierazi du. Eta Frankismoa historia dela "sinestarazi nahi digutela" baina azken garaiotan "ondorioak oraindik ere bizirik" daudela ikusi dela azpimarratu du. .

"Liburuko zenbaki, izen-abizen eta gertaera guztien atzean, pertsonak daude, familiak. Oroitzapenak eta sentimenduak. Eta, batez ere, sufrimendua. Horregatik, gertaerak aztertu eta bildu, izen abizenak jarri eta gertatutako oroitu eta aitortzea dagokigu guri", azaldu du Alkortak. Liburu honekin ere iraganari begirada kritikoa egin eta etorkizuna eraikitzeko oinarri sendoak jartzea du helburu Udalak.

36ko gerratik gaur arteko giza eskubide urraketan azterketak osatu dituen lehen herria

Liburu hau argitaratuta Azpeitian memoriaren arloan oinarri sendoa jarri da. 2014an Aranzadirekin abiatutako ibilbidea "mugarri batetara" heldu dela uste du Alkortak. 1936tik gaur arteko giza eskubide urraketen ikerketa nagusiak egin dira eta garai bakoitzaren ikerketa zabaltzeko liburuak atera dira. Hala ere memoria bizia da, "eta segituko dugu testigantzak jasotzen, eta ikerketak sendotzen". Bucesek Azpeitian egin dena jarri nahi izan du balioan: "Euskal herrian, eta ziur aski, estatu osoan, Azpeitia lehena da gerratik gaur egun arte zenbat azpeitiarrek eta zenbat giza eskubide urraketa izan diren zenbatu dituena". Herri askotan, garai desberdinen inguruko ikerketak egin dira, baina gaur arte ez dago Aranzadiren arabera Gera osteko denbora tarte osoko ikerketa egina duena.

Gertaera nagusien inguruko egia jakiteko ikerketekin bukatu da, baina justizia eta erreparazioaren baitan, oraindik ere erronka handiak dituztela iritzi diote bi erakundeek: "Elkarlanean jarraituko dugu, memoriaren baitan lanean. Ez da ezer amaitzen hemen, hau lanketaren oinarria besterik ez da. Elkarlanean pauso berriak emango ditugu", zehaztu dute.

Askatasun osoz lanean

Bucesek Azpeitiko Udala eskertzeko ere hartu nahi zian du hitza: "Gaur egungo korporazioari eta aurrekoari eskerrak eman nahi dizkiet beren konfiantzagatik",a dierazi du. Bereziki Eneko Etxeberria alkate ohia izan du gogoan berak Memoria historikoaren berreskurapenean eta bizikidetza lantzean "inork baino gehiago sinistu zuelako". 2014an, Azpeitiko giza eskubideen urraketak aztertzen hasi zirenetik "oso gustura" sentitu direla adierazi du: "Urte guzti hauetan, aurreko agintaldietako zein oraingo Udal Gobernuarekin inoiz ez dugu arazorik izan. Beti askatasun osoarekin egin dugu lan, eta hori benetan eskertzekoa da".

Liburuaren inguruko xehatasunak

Liburua bi atal nagusitan banatzen da. Lehena, 1945etik 1959 urteen artekoa da. Urte horietan, diktadura bakea ezartzeaz harro zebilen. Bakea hitza errepikatzen zen edozein komunikabidetan, eta agintariek ere ahoan erabili ohi zuten bakea hitza, anaien gerraren osteko lasaitasuna erakusteko asmoz. Hori zen beraien errelatoa, baina bake hori hildakoen bakea zen.

Oposizioa exilioan edo lurpean zegoen, eta euskal herrietan, hilketak, kartzela edo exilioaren ondoren ideario nazional-katolikoa indarkeria bidez jazarri zuten agintari frankistek, bai arlo publikoan eta bai pribatuan. Beraz, Faxismoari urre egin zioten eta bizirik irten zirenen estigmatizazio sozialean oinarritu zen errepresio frankista garai horretan.

Bigarren atala, 1960tik Franco hil artekoa da. Gerra bizi ez zuen belaunaldi berri batek erresistentzia antifrankista, oposizioa berpiztu zuen. Azpeitia frankismoaren aurkako epizentroetako bat bihurtu zen bailaran, eta azpeitiarrak euskal kultura, euskara eta askatasuna berreskuratzeko lerroan egon ziren. Diktadurak errepresioarekin erantzun zien jarrera horiei. Azpeitian gutxienez 20 pertsona TOP-eko tribunalek prozesatu zituzten, 3 pertsona erbesteratu zituzten, 22 pertsonek torturak jasan zituzten eta Angel Otaegi fusilatu zuten.

Ekitaldi irekia

Azaroaren 20an, 19:00etatik hasita azterketen inguruko liburua aurkeztuko da, ekitaldi ireki batean. Azpeitiko Udala gaur hasi da herriko etxe guztietara gonbidapena banatzen, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditu ekitaldira. Bertan, Aranzadiko eta Udaleko ordezkariez gain, besteak beste, Joseba Tapia musikaria izango da ekitaldia soinu banda jartzen.