Gerra Zibilean hil zuten Daria Gonzalezen gorpuzkiak familiari itzuliko dizkiote
Antropologia / Auzitegiko antropologia
Osteguna, 2022eko ekainaren 16a — CEST
— Testua: Aranzadi
Irakurketa: 2 minutu
Larunbatean Carreñoko Alderdi Komunistako bi buruzagiren ama izateagatik hildako emakumearen omenaldia eta ehorzketa egingo dira Candasen.
Daría González Pelayo 1938ko ekainaren 2an hil zuten, beste sei emakumerekin eta bost gizonekin batera, Gerra Zibilean. Datorren larunbatean bere gorpuzkiak itzuliko zaizkio familiari Candasen, Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak (ARMH), Carreñoko Udalak, Printzerriak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako ekitaldi publiko batean.
Ikerketa Asturiasko ARMHk egin zuen, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko taldearen lana izan zen gorpua lurpetik ateratzea, 2017ko maiatzean.
Daría González 1875eko azaroan jaio zen, Rufino Menendezekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituen: Félix, María eta Rufino.
Daría etxeko lanetan aritzen zen, eta bere bi semeak Alderdi Komunistako buruzagi nabarmenak ziren Carreñon. Horregatik, ama haiekin batera ihes egiten saiatu zen Asturiasko frontea erori ondoren, baina Mariak eta Rufinok bakarrik lortu zuten, Felix ezkutatuta zegoelako.
Entregatzeko, Daria atxilotu zuten, eta mehatxu egin zioten hil egingo zutela, agertzen ez bazen. Eta, hura salbatzeko asmoz aurkeztu zirenean, ama-semeak Peñas lurmuturrera eraman zituzten 1938ko ekainaren 2an, beste gizon-emakume batzuekin batera, Casa Genaríngo galdeketa-zentrotik.
Atxilotutako zazpi emakumeak eta bost gizonak labarretik behera bota zituzten, hil ondoren. Egun horretatik aurrera, Bañugues eta Luanco inguruko hondartza, portu eta harritzarretan gorpu ugari agertu ziren, itsasoak itzuliak.
Horien artean sei emakumerenak aurkitu zituzten, eta horietako hiru izenik gabe lurperatu zituzten Gozongo Bañugues hilerrian. Bi Viodon eta bat Luancon, gorpuak zenbait egunez ikusgai egon ondoren, auzokoren batek ezagutzen bazituen ere.
Bere bi semeak elkarrekin bizi izan ziren Frantzian, 1982an eta 1986an hil ziren arte. Orain Rufinoren ondorengoek jasoko dute bere amonaren gorpua udal hilerrian lurperatzeko