Gipuzkoako Foru Aldundiak omendu ditu Lourdes Herrasti eta Paco Etxeberria

Antropologia / desobiratzeak, Gerra Zibila

Ostirala, 2026eko uztailaren 17a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 3 minutu

  • Ion Gambra Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak Gipuzkoako gizartearen "aitortzarik zintzoena" helarazi die Lourdes Herrastiri eta Paco Etxeberriari. Haien lanari esker, memoria demokratikoa bultzatu, eraiki eta gizarteratzeko urrats erabakigarriak eman dira Gipuzkoan eta Euskadin.
  • Memoria eta aitortza ekitaldi instituzionala gaur arratsaldean egin da Aieteko Jauregiko lorategietan, 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen eta Gerra Zibilaren hasieraren 90. urteurrenarekin bat eginez.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Lourdes Herrastiren eta Paco Etxeberriaren ibilbidea aitortu du gaur arratsaldean, memoria demokratikoa berreskuratzen, frankismoaren biktimak ikertzen eta desagertutako pertsonak bilatzen, berreskuratzen eta identifikatzen egindako ekarpen erabakigarriagatik.

Aieteko Jauregiko lorategietan egin den memoria eta aitortza ekitaldi instituzionala 1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpearen eta Gerra Zibilaren hasieraren 90. urteurrenarekin testuinguruan kokatu da. Giza Eskubideen Etxearen egoitza eta memoria-leku den Aieteko Jauregia omenaldi honen agertoki bihurtu da berriro ere. Ekitaldi honen bidez, Foru Aldundiak egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta memoria demokratikoaren zaintzarekiko duen konpromisoa berretsi du.

Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak azpimarratu du memoria historikoa ezinbestekoa dela benetako kultura demokratikoa eraikitzeko. Haren esanetan, iraganeko bidegabekeriak gogoratzea eta memoria bizirik mantentzea funtsezko baldintza dira gizarte demokratiko sendo bat eraikitzeko. "Memoria guztion artean eraikitzen ez bada, ez dago benetako elkarbizitza demokratikorik. Gaur egun, muturreko diskurtsoek eta joera autoritarioek gero eta presentzia handiagoa duten honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da memoria demokratikoa zaintzen, lantzen eta gizarteratzen jarraitzea. Horregatik, gaur bezalako egun esanguratsu batean, berriz ere berresten dugu giza eskubideekin, tolerantziarekin eta elkarbizitza demokratikoarekin dugun konpromisoa. Era berean, gerraren, frankismoaren eta diktaduraren biktimen memoria bizirik mantentzeko, egia argitzeko, justizia egiteko eta erreparazioa sustatzeko dugun konpromisoa ere berresten dugu. Horixe baita iraganari zor dioguna, eta etorkizuneko belaunaldiei utzi nahi diegun ondarea", adierazi du.

Gambrak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteotan memoria historikoa berreskuratzeko hainbat ekimen eta aitortza bultzatu dituela. Horien artean daude frankismoaren biktimei emandako Gipuzkoako Urrezko Domina, Gerra Zibileko haurrei, Bigarren Mundu Gerran kontzentrazio-esparruetara deportatutako pertsonei eta frankismoaren biktima izan ziren emakumeei eskainitako ikerketak eta aitortza instituzionaleko ekitaldiak, besteak beste. "Bide horretan aurrera egiten jarraitu behar dugu, erakundeen, adituen eta memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduten elkarte eta eragileen arteko lankidetzatik", adierazi du.

“Memoria historikoa eraikitzen aitzindariak”

"Gipuzkoa eta Euskadi herrialde moderno eta demokratikoa gara, eta gure herrian bizi izan diren bidegabekeriak eta sufrimendua ahaztu ez daitezen lan egiteko konpromisoa dugu", adierazi du Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak. Ildo horretan, Mendozak azpimarratu du Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti bezalako pertsonen lana ezinbestekoa izan dela, "memoria historikoa eraikitzen eta gizarteratzen aitzindari izan direlako". "Giza eskubideak, demokrazia, humanismoa eta zientzia oinarri hartuta, beren ibilbide osoa memoria demokratikoa sendotzen, eraikitzen eta gizarteratzen eman duten bi pertsona dira. Haien lanari esker, gure herriak urrats erabakigarriak egin ditu iraganari begiratzeko eta egia, justizia eta erreparazioa oinarri dituen memoria demokratikoa sendotzeko", nabarmendu du Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak. Amaitzeko, Gipuzkoako gizarte osoaren "esker ona eta aitortzarik zintzoena" helarazi nahi izan dizkie, herri honi egindako ekarpen apartagatik.

Aiete Jauregia, memoria-leku

Foru Aldundiak nabarmendu du Aieteko Jauregia ez dela ausaz aukeratutako lekua. Izan ere, 1936ko gerraren eta ondorengo diktaduraren iraganarekin estu lotutako espazioa da, Francoren udako egoitza izan baitzen. Horren ondorioz, urte luzez diktaduraren sinbolo gisa izan du presentzia iruditeria kolektiboan.

Azken urteotan, ordea, erakundeak espazio horri esanahi berria emateko lanean ari dira. Donostiako Udalak Bakearen eta Giza Eskubideen Etxe izendatu zuen, eta gaur egun memoria-leku gisa sendotzeko eta memoria demokratikoaren erreferente bihurtzeko bidean urrats berriak ematen ari dira. Testuinguru horretan, memoria eta aitortza ekitaldi hau Aieteko Jauregian egiteak balio sinboliko berezia du, espazio horren esanahi berria sendotzen laguntzen duelako.