Gogora institutuak gordeko ditu gerra zibilean desagertutako edo errepresaliatutako pertsonen fitxategiak

Antropologia / Gerra Zibila

Astelehena, 2016eko maiatzaren 2a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Lehendakariaren esanetan, «bildutako dokumentazioa lagungarria da milaka pertsonen memoria berreskuratzeko eta duintasuna lehengoratzeko».

Dokumentazioa entregatzeko ekitaldia gaur eguerdian izan da Gogora - Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutuaren egoitzan. Urkullu lehendakariak, Gogorako presidentea ere badenak, Aranzadi Zientzia Elkarteko presidente Paco Etxebarriak emandako dokumentazioa jaso du. Ekitaldian izan dira, halaber, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernández, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando eta Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarro. Jaurlaritzak eta Aranzadik lankidetza-hitzarmen bat izenpetu zuten 2003an, gertatutakoari buruz argi egiteko.

Lehendakariak azaldu duenez, «milaka agiri horietan pertsona askoren izen-abizenak ageri dira, bizitza galdu zutenak, edo giza eskubideen urraketa larriak jasan zituztenak, zergatik, eta printzipio demokratikoak defendatzeagatik». Agiri horietan jasotako datuak gordailutzea, esan duenez, «jasan zuten bidegabekeria errekonozitzeko erakundeek egindako ahalegina da».

Fitxategien edukiak

Gogora Institutuari emandako agirien artean gerra zibilean desagertutako edo jazarritako pertsonen zerrendak daude: militarren zerrendak, administrazio nagusiaren zigortuen erregistroak, Bizkaiko Agiritegi Nagusian bildutako gerran hildakoen zerrendak eta Bilboko Udal Artxiboan bildutako ehorzketa-liburuko idazpenak (fusilatuen eta gerran hildakoen hobien hustuketak).

Era berean, hobien kokapenari eta gorpuak ateratzeari buruzko txostenak entregatu dira. Tartean, Arabako hobiei buruzko 20 txosten, Bizkaikoei buruzko 32 eta Gipuzkoakoei buruzko 31. Bai eta beste eskualde batzuetan kokatutako hobiei buruzko 15 txosten ere.

Aranzadi Zientzia Elkarteak, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, 1.618 familiari eman die arreta. EAEko biztanleek Eusko Jaurlaritzara jo dezakete gerran desagertutako senideei buruzko informazioa eskatzeko. Kasu horietan, Aranzadik, Jaurlaritzaren izenean, fitxategi horiek guztiak aztertzen ditu, topatutakoei buruzko txosten bat osatzeko. Administrazioak senideei entregatuko die txosten hori, kopia bat fitxategian gordez.

Paperezko euskarrian zeuden agiri guztiak digitalizatu dira, eta lekukotzak, hobien kokapena eta hobi-hustuketak bideoan jaso dira.

Balio pedagogikoa

Lehendakariak adierazi duenez, fitxategi horiek balio eta funtzio pedagogikoa dute. Aztertu eta lantzeak aukera emango du iraganean gertatutakoari buruz etorkizunari begirako gogoeta egiteko. Izan ere, bizikidetzan heztea eta giza duintasunean heztea zuzenean lotuta daude. Eta, ondorioz, indarkeriak, edozein dela ere adierazpidea, ez du inolako zentzurik, eta ezin du ezerk justifikatu.

Aurrerakoan, Gogora Institutuak antolatuko ditu lekukotza, fitxategi,datu-base eta agiri horiek guztiak, jendearen eskura egon daitezen. «Erakundeen betebeharra da memoria berreskuratzea eta, indarkeria-aro larrian egokitzeagatik, duintasunaren eta askatasunaren alde borroka egin zutenen balio demokratikoak jendarteratzea», berretsi du Urkullu lehendakariak.

IKUSI AURKEZPENAREN BIDEOA