Harria eta Poltsa, San Adrian igarobideko lana erakusten duen instalazioa, San Telmo museoan ikusgai

Arkeologia / Arkeologia indusketa

Ostirala, 2024eko azaroaren 15a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 2 minutu

San Telmo Museoak Maddi Barberren Harria eta Poltsa instalazioa aurkeztu du, 2024ko azaroaren 16tik aurrera urtebetez museoko elizan ikusgai izango dena, Museo Bikoitza programaren barruan.

Harria eta Poltsa instalazioak bi elementu ditu: film bat eta pantaila bat.San Adriango aztarnategian Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologi talde batek gauzatzen dituen lan prozesuetan murgiltzen da filma. Jarraipen hau artxiboko materialekin tartekatuz, filmak arkeologiaren eta museografiaren arteko harremanak aztertzen ditu, bai eta bi praktika hauek objektuen desplazamendua sortzeko duten modu desberdinak ere.

Bestalde, pantailak "agerpen eta harrera" egitura baten gisa dihardu, beste desplazamendu mota bat ahalbidetzen duen gailu mugikor baten gisa: irudien desplazamendua. Bi elementuak, orain instalazio honetan elkarri lotuak, autonomoak izango dira San Telmo Museoaren bilduman integratzerakoan; filma beste pantaila batzuetan ikusi ahal izango da eta mugitzen ari diren beste irudi batzuk hartuko ditu pantailak.

Museo Bikoitza, Asier Mendizabal artistaren proposamena, 2018an jarri zen abian, Ibon Aranberrirekin. Ondorengo edizioetan Erlea Manerosek, Jose Mari Zabalak, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkumek eta Hinrich Sachsek parte hartu dute. Orain, Maddi Barberrek seigarren edizioan egindako urtebeteko lanaren emaitza aurkezten dugu, Harria eta Poltsa instalazioa, eta lekukoa jaso berri dute Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta artistek.