Hernanin gerra zibilean eta lehen frankismoan izandako biolentzia, errepresioa eta giza eskubideen zapalketak bi liburukitan bildu dituzte Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak

Antropologia / Tokiko memoria historikoa

Astelehena, 2025eko maiatzaren 19a — CEST

— Testua: Aranzadi

Irakurketa: 5 minutu

Hernani 1936-1959. Biolentzia, errepresioa eta giza eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta lehen frankismoan argitalpena aurkeztuko dute Hernaniko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak datorren maiatzaren 25ean (12:00etan, Hernaniko udaletxeko areto nagusian).Gaur, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko Oroimen Historikoko sailaren zuzendariak eta Irati Zuriarrain, ikerketaren egileak argitalpenari eta ekitaldiari buruzko azalpenak eman dituzte. Xabier Lertxundi alkateak azpimarratu duenez, “liburu honen argitalpenarekin zor historikoa kitatu nahi dugu 36ko Gerra eta lehen frankismoa ezagutu eta pairatu zuten hernaniarrekin, gertatu zenaren egia ezagutu eta memoria berreskuratuz”.

Hernaniko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 2020an hasitako elkarlanaren fruitua

2020an sinatu zuten Hernaniko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Hernaniko memoria historikoa eta gertuko memoria berreskuratzeko, zabaltzeko eta ezagutzera emateko hitzarmena. Lan horren lehenengo emaitza 2023an aurkeztu zen Hernani 1960-2021. Motibazio politikoko indarkeria eta giza eskubideen urraketa larriak argitalpena izan zen. Oraingo honetan, nahiz eta kronologikoki lehenago egon, 1936 eta 1959 artean gertatukoen ingurukoak jaso dira. Lertxundi alkateak azaldu duenez, “hernaniar askok, emakume, gizon zein ume, gertaera krudel eta tragiko asko bizitu zituzten urte haietan”. Argitalpen honekin “izen-abizenak jarri nahi izan dizkiegu sufritu zutenei eta era guztietako zigor eta errepresioak nozitu zituztenei: heriotza, erbestea, kartzela, kontzentrazio esparruak, lan behartuak...”. Hernaniko Udalak 60.000 € bideratu ditu ikerketa lan hauetara. Horrez gain, gaur aurkezten ari garen argitalpen honek Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuaren laguntza ere jaso ditu.

Javi Buces, Aranzadi Zientzia Elkartea: “Ikerketa hauen helburu nagusia giza faktorean sakontzea da”

Javi Buces, Aranzadiko Oroimen Historikoko sailaren zuzendariak Aranzadik “memoriarekin duen konpromisoa” nabarmendu du gaurko aurkezpenean. “Azken urte hauetan, Oroimenaren eta Giza Eskubideen urraketen ikerketa eta berreskurapen proiektu ugari burutu ditugu, beti ere, Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidea ardatz hartuta”. Gaineratu duenez, “gertaturikoa ezagutu eta ezagutaraztea ezinbestekoa da egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak betetzeko. Ikerketa hauekin Euskal Herriko udalerrietan izandako gertaera beliko zein politikoak ezagutarazi nahi dira, baina helburu nagusia giza faktorean sakontzea da”.

Irati Zuriarrain, ikertzailea: “Indarkeria mota ezberdinei izenak, kopuruak eta testigantzak jarri nahi izan dizkiegu”

Irati Zuriarrain izan da Hernani 1936-1959. Biolentzia, errepresioa eta giza eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta lehen frankismoan argitalpenaren egilea. Aitortu duenez, lana “ikerketa luze baten emaitza” da eta “ezinbestekoak izan dira ikerlari eta herritar askoren ekarpenak”. Horiei denei “eskerrak” eman dizkie. Jasotakoa bi liburukitan bildu dute. “Lehenengoan, Bigarren Errepublika eta Gerra Zibileko urteak izan ditugu ikergai”. Zenbait datu eman ditu Zuriarrainek aurrerapen gisa: Hernanitik ihes egin behar izan zuten 200 herritar identifikatu dituzte; 250 haur eraman zituzten Belgika, Frantzia eta Britainia Handira eta 1936ko abenduan, Hernanin erroldatutako biztanleriaren %34,6 ez zegoen udalerrian. “Horrek gatazkaren eragin demografikoa eta giza eraginaren neurri bat ematen digu”. Bigarren liburukia lehen frankismoari buruzkoa da. Zuriarrain ikerlariak azpimarratu du “tokiko ikerketak beharrezkoak” direla “frankismoa finkatzeko prozesua azaltzeko eta kontrol-egiturak nola ezarri ziren identifikatzeko. Izuaren eguneroko jarduna eta errepresioak egunerokoan zuen eginkizun integrala berreraikitzeko saiakera ere bada liburu hau”. “Argitalpena bi liburukitan banatuta dago, eta gertaera politiko handiak ez ezik, Hernanin bizi izan ziren eguneroko esperientziak, biografiak, istorio pertsonalak, indarkeria mota ezberdinak eta hauek jasandakoen zerrendak biltzen ditu”, gaineratu du Zuriarrainek. Ikerketa-lan mardul hau egiteko dokumentu ofizialak, garaiko prentsa, artxibo judizial eta familiarrak, konfiskatutako ondasunen zerrendak, erantzukizun politikoko espedienteak eta ahozko zein idatzizko testigantzak baliatu ditu Aranzadik; Hernaniko udal artxiboko dokumentazioa ere arakatu dute.

Duela 25 urte oroimen historikoa eta gertuko historikoa berreskuratzeko hasitako bidearen jarraipena

Ia 90 urte pasatu dira 1936ko altxamendu frankistatik, eta garai hura eta ondorengo diktadurako aurreneko urteak ezagutu zituzten “lekuko asko hil dira”. Hala ere, garaiari buruzko hainbat testigantza jaso ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak eta horietako sei argitaratu dira Hernani 1936-1959. Biolentzia, errepresioa eta giza eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta lehen frankismoan liburuan: Kontxi Caraciolo Zuaznabar; M. Pilar Lujanbio Olano; M. Luisa Polo Loinaz; Flora San Jose Gonzalez; Pakita Sanz Montero eta Marcelino Usarraga Zapirainenak. “Argitalpen honekin, orain dela bospasei urte Aranzadirekin elkarlanean hasitako lana bukatutzat emango dugu”, azaldu du Lertxundi alkateak. Hala ere, zehaztu duenez, “horrek ez du esan nahi Hernaniko oroimen historikoa eta gertuko memoria berreskuratzeko orain dela 25 urte hasitako bidea itxiko dugunik”. Honela, Xabier Lertxundi alkateak aurreratu du 2026rako hainbat ekimen ari dela prestatzen Hernaniko Udala, “datorren urtean 90 urte beteko baitira 1936ko Gerra hasi zenetik eta frankistek Hernaniko hilerrian 200 pertsona inguru fusilatu eta ezkutuan lurperatu zituztenetik”.

Maiatzaren 25eko ekitaldian, errepresaliatuak eta haien senideak protagonista

Argitalpenaren 800 ale argitaratu dira (bakoitzak bi liburuki ditu), elebitan. Maiatzaren 25eko ekitaldian dohainik banatuko da bertaratzen diren herritarren artean eta ondoren, Biteri Kultur Etxean egongo dira eskuragarri -baldin eta geratzen badira-. Maiatzaren 25eko ekitaldian 1936-1959 aldian errepresioa eta giza eskubideen urraketa pairatu zuten hernaniarrak izango dira protagonista nagusi. Bizi direnak eta senideak gonbidatu bereziak izango dira. Horrez gain, ekitaldian Unai eta Eñaut Agirre bertsolariek eta, Roberto Pacheco eta Judith Montero musikariek parte hartuko dute, eta testigantzak biltzen dituen bideo-emanaldia ere izango da. Udalak zein Aranzadi Zientzia Elkarteak adierazi dute Hernani 1936-1959. Biolentzia, errepresioa eta giza eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta lehen frankismoan lanaren balorea “ez dela kuantitatiboa” soilik. “Liburu hau Hernaniko herriari eta herritarrei denbora luzez isilarazitako historia itzultzeko modu bat da eta justizia egitekoa, ez bakarrik errepresioa zuzenean jasan zutenekin, baita euren senideekin ere”. Azkenik, Xabier Lertxundi alkateak hernaniarrei “ekitaldira hurbiltzeko gonbidapena luzatu” die, “gure herriaren memoria berreraiki eta egia, justizia eta erreparazioan eragiteko”.