Ostiraletik aurrera herritarrek Begoñako hilerriko bisita gidatuetan parte hartu ahal izango dute

Antropologia

Astelehena, 2021eko urriaren 18a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Aranzadi Zientzia Elkarteak Begoñako hilerrian antolatuko dituen bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman ahal izango dute herritarrek, ‘Begoñako Argia’ proiektuaren barruan. Bilboko Udalak diruz lagundu du proiektu hori.

Interesdunek izena eman dezakete 605 715 626 telefonoan, astelenetik ostiralera 10:00etatik 12:00etara eta 15:30etik 17:00etara. Plazaren erreserba deitzeko hurrenkera zorrotzaren arabera egingo da.

Astean bisita bi egingo dira, bat gaztelaniaz eta bestea euskaraz; elkarren segidan egingo dira eta 45 minutu iraungo du bakoitzak. Bariku arratsaldez edo zapatu goizez egingo dira, urriaren 22tik (barikua) abenduaren 18ra (zapatua).

Zehazki, bariku hauetan izango dira: urriaren 22an; azaroaren 12an, 19an eta 26an; eta abenduaren 10ean. 16:00etan euskarazko bisita hasiko da eta, ondoren, 16:45ean, gaztelaniazkoa. Eta zapatu hauetan: urriaren 30ean; azaroaren 6an; eta abenduaren 4an eta 18an. Goizeko 10:00etan euskarazkoa eta 10:45ean gaztelaniazkoa.

Taldeetan hamabi pertsona izango dira eta ibilbidea aldatu egingo da desobiratze-lanak aurrera doazen neurrian.

Bisitarako topaketa-lekua hilerriaren sarrera iznago da, Begoñako Andra Maria kalean. Bertan atondu da erakusketa-gunea. Leku horretan egingo da proiektuaren eta ibilbidearen aurkezpena. Zehazki, hilerriko kale nagusiak zeharkatuko dira, interesgune batzuetan geldialdia eginez, hala nola Gerra Zibilarekin zerikusia duten hilobietan, hilobi-arkitekturaren ikuspegitik interesgarriak diren panteoietan, gorpuak gordetzeko gune zaharrean, kaperan, hilarri esanguratsuetan (esaterako, euskaraz kontserbatzen den Gerra aurreko hilarri bakarra).

‘BEGOÑAKO ARGIA’

‘Begoñako Argia’ memoria historikoaren arloko zientziako ikerkuntza, zabalkundea eta formaziorako proiektua da, Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatuta eta Bilboko Udalak diruz lagunduta.

Unibertsitate-praktiketako campusa ezarri da ikerketa historikoa, ondarekoa eta antropologikoaren inguruan; eta proiektuan unibertsitate zentroak eta erakunde zientifikoak integratu dira, batez ere Bilbon eta inguruan dauden unibertsitateak (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, UHUN).

Desobiratze/hobiratze prozesuan sartzen dira:

- Hezur-hondakinak modu mekanikoan edo eskuz induskatzea (aire zabalean) eta dokumentazio arkeologikoa.

- Hondakin materialak garbitzea, analizatzea, sailkatzea eta tratatzea.

Eta, hori guztia, berreskuratze, ikerkuntza eta zabalkunde zientifikoko prozesu baten barruan, betiere leku horri eta Bilboko memoria historikoari zor zaion sentsibilitate sozialarekiko begirunez.

Dibulgazio-bokazio argia duen proiektua da. Hori dela eta, bisita gidatu horiez gain, Bidebarrietako Liburutegian hitzaldi ziklo bat egiten ari dira, ospe handiko ikertzaile, arkeologo eta auzitegiko medikuen eskutik, jendeari irekita (memoria eta giza eskubideak, genero-ikuspegia errepresioan…), prozesuan hain beharrezkoa den dibulgazio zientifikoa ziurtatuz.