Historiaurreko Arku tiro txapelketa: ehiza teknikak ezagutzera ematen San Adrianen

Arkeologia

Ostirala, 2018eko uztailaren 6a — CEST

Irakurketa: 3 minutu

Txapelketaren helburua Historiaurrea jendeartean hurbiltzea da, modu dibertigarri batean hiru alderdi hauek landuz: lehiaketa, eskulana eta Historiaurreko tekniken ezagutza.

Antolaketan Aranzadi Zientzia Elkarteak, Aitzbitarteko Lagunak elkarteak, Ekainberrik eta Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Interpretazio Zentroak parte hartu dute Zegamako Udalaren babesarekin.

16 lagun aurkeztu dira aurten lehiaketan parte hartzera, Estatuko hainbat lekuetatik etorriak (Euskal Herria, Madril, Errioxa, Kantabria eta Zamora). Zailtasun handiko ehiza-ibilbide honi euri-zaparradak eta tenperatura altuak gehitu zaizkio aurten, baina denon laguntzaz giro ezinhobean ospatu da txapelketa.

Bultzagailuzko frogarekin batera, Historiaurreko tailerrak eman ditu Ekainberrik Anduetza Parketxean, eta txapelketatik kanpo, parte-hartze libreko tiro lehiaketa egin da herriko plazan. Froga libre hontako garailea Kantabriako José A. García Munuak izan da aurten eta etxera eraman du Idiazabalgo gazta, sari bezala.

Arku eta Bultzagailuzko froga bietan Errioxako Luis Ángel Bretón izan da garaile, sailkapen orokorrean nahiz gizonezkoen atalan. Haurren kategorian, Zamorako Nacor Pérez-entzat izan dira Arku eta Bultzagailuzko bi sariak; Emakumeen kategorian, Errioxako Elvira Valgañón-ek irabazi du Bultzagailu froga eta Arabako Iratxe Lapuentek Arkuzkoa. Zegamako Alkateak sariak eta diplomak banatu ondoren bukaera eman zitzaion aurtengo ekitaldiari Anduetzako Interpretazio Zentroan.

BIDEOA